Iker Vicente astebeteren buruan bigarren txapela lortzeko zorian dago

Oker handiren bat pasatzen ez baldin bada, Iker Vicentek astebeteren buruan Euskal Herriko bigarren txapela jantziko du. Pasa den larunbatean Euskal Herriko Hirugarren Mailakoa bereganatu zuen, eta gaur Asteasun, 18.00etatik aurrera, Gazte Mailako lortu beharko luke.
Oier Kañamares eta Aitor Jauregi arituko dira gaur Asteasun Vicente II.arekin batera. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki beharko ditu. Kañamares IV.a eta Jauregi Vicentek duen mailatik oso aparte daude, eta Otsagabiko gazteak ezer txarrik ez badu, txapela berak jantziko du. Bera da, gainera, azkeneko bi urteetako txapelduna.
Torneoa
Iker Vicentek, ordea, ez du arratsaldean bakarrik aritu beharko, goizean Egur Sportek antolatu duen Gabonetako Torneoan ere parte hartu beharko baitu, Etxebarri Ibiñako merkataritza gunean, 12.00etan. Kasu honetan, Otsagabikoak gauzak askoz ere zailago izango ditu, aurrean Zubiaga, Rodriguez II.a eta Eneko Otaño izango baititu.
Honelako torneo guztietan egiten duten moduan, lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta denetako denborak batu, eta onena duenak eramango du azkeneko garaipena.
Izenei begiratuta, Zubiaga izango da faboritoetako bat. Berak badaki maila nagusian aritzea ere zer den, eta oso aizkolari ona da. Otaño eta Vicente ere kontuan hartu beharko dira. Lehenak apustua jokatu berri du, eta nafarrak, aldiz, oraintxe ditu txapelketarik garrantzitsuenak.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
