Jon LEUNDA
Harri-jasotzea | Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa

Jokin Eizmendik hasieratik erakutsi du nagusitasuna

Zarauztarrak lehen harritik atera ditu aldeak, aurreikuspen guztiak betez, bera baitzen hasi aurretik ere txapela irabazteko faborito nagusia.

Ez zen ezusterik izan, eta Jokin Eizmendik irabazi zuen atzo Asteasun jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Bera zen garaipena lortzeko faborito nagusia, baina agian denek uste baino alde handiagoarekin lortu zuen zarauztarrak.

Harri-jasotzaile bakoitzak lau harri ezberdin erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin aritzeko hiruna minutuko txanda bana izan zuten. 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola izan ziren erabili behar izan zituztenak.

Lanean hasten lehena Ugartemendia izan zen, eta berak hiru jasoaldi eman zizkion 200 kiloko errektangularrari. Atzetik Eizmendiren txanda izan zen, eta zarauztarrak sei aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Azkenik Galarragaren txanda izan zen, eta hirurekin konformatu behar izan zuen.

Lehen harriarekin lanak amaituta, hiru jasoaldiren aldea kentzen zien Eizmendik bere bi aurkariei. Bigarren harriarekin, oso lan ona egin zuen Ugartemendiak eta zortzi jasoaldi eman zizkion. Hala ere, Eizmendik hobetu egin zuen marka hori, bederatzi jasoaldi lortuz. Galarragak, berriz, bostekin konformatu behar izan zuen.

Hirugarren harriari zortzi jasoaldi eman zizkion Ugartemendiak, baina Eizmendik ia hortxe utzi zuen txapela erabakita, hamaika jasoaldirekin. Lau aldiz berdindu zuen, berriz, harri kubikoa Galarragak bizkarraren gainean.

Aldea handitu

125 kiloko bola izan zen erabili zuten azkena, eta hor ere Eizmendi izan zen onena. Hamabost jasoaldi eman zizkion, eta inork oraindik zalantzaren bat baldin bazuen, dena erabakita utzi zuen. Lau jasoaldi gutxiago eman zizkion Ugartemendiak, eta bederatzirekin amaitu zuen Galarragak. Harri guztiak jasota, Eizmendik txapela lortu zuen, eta bigarren sailkatuari, Ugartemendiari, hamaika jasoaldiren tartea kendu zion. Bigarren posturako ere ez zen emozio handiegirik egon, bederatzi jasoaldi kendu baitzizkion Galarragari. Txapela pentsatzen zenak eraman bazuen ere, beraz, hasieran uste zirenak baino alde handiagoak izan ziren amaierako sailkapenean.

Emozio gutxi

Lehen posturako ez zen emoziorik egon, baina ezta bigarren posturako ere. Hor Ugartemendia jaun eta jabe izan zen, amaieran Galarragari bederatzi jasoaldiko aldea kenduz.

Jendeak oso erantzun kaskarra eman du

Atzoko finala ikusteko jendeak oso erantzun kaskarra eman zuen. Izen garrantzitsu batzuk falta ziren, baina gazte mailako aizkolarien finala ere bazen, eta horrekin sarrera polita espero zen. Aldiz, 100 ikusle pasatxo besterik ez ziren batu saioa ikustera, eta ez dago dudarik oso itxura tristea zutela Asteasuko pilotalekuko harmailek. Gero, jaialdia bera ere ez zen batere erakargarria suertatu, jokatu ziren bi txapelketetan ez baitzen ia emoziorik egon; hala, agian joan ez zirenak ere ez ziren damutuko. J.L.