Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Seinaleen garaia, oraingoa

Gabonetan Gabonetakoak. Urte amaierako garai antzeko honetan urteroko seinale berak. Ez, demontre, ez nago Gipuzkoako errepide bazterretan ageri eta nafar gobernukideen haserrea altxatu duten seinaleez; hortaz, modu berean kezkatuko balira horiek beren herrialdeko errepide bazterretan oraindik ere izan badiren gorpuzkinez! Bestelako seinalea litzateke hori, sikiera. Tira, seinaleen harira! Gabonak aldera zer eta aurrekontuen eztabaida instituzioetan. Hemen ez, hor bai... ezbaia. Beti pentsatu izan dut hitza ez dela aproposa, aurrekontua esaten baitzaio berez atzekontua denari; izan ere, kristo guztiak daki, berdin apostolu, are gehiago «belenaldian», zer kontu aurkeztuko dituen mandatari bakoitzak, iragan hurbila ez baita antzuan joan. Atzekoz aurrera egiten direlakoan nago, bertsolariek egin bezala: zer gizarte helburu nahi, halako kontuak bide. Hortaz, «pertsonak helburu» dituen gobernu batentzat bidezkoa litzateke ere pertsonak helbide izatea eta, bidezkoago oraindik, abiapuntu.

Total, Gabonetan kanpoko kaleetan jendea tropelean kanta-kantari eta barruko instituzioetan anabasan kontu kontari. Edozelan aterata ere, aurrera atera edo atzera atera, nago ni kontuei kontuak eskatu behar zaizkiela beti, ez dadin gertatu leku batean kontari hasten dena beste batean kantari amaitzea, argietatik urrun. Tira! Gabonetako beste seinale bat, hormako egutegia ordezkatu beharra dator! Eta 2015ekoa ipini! Hor ibili nintzen lehengoan Durangoko Azokan mahairik mahai ea jelkideena aurkitzen nuen, entzuna bainuen non edo non halakorik atera dutela, suhiltzaile itxuraz, mangera eskuan, ez diren suak amatatzen, hilik hil, ondoan sua egonda ere. Baina alferrik! Egutegirik ez, horma baino ez nuen aurkitu. Eskerrak Seaskarena ikusi zuela nire esku batek: «Iparra argi izateko». Bai kolpea! Hainbeste argi egunotan adarretan urkaturiko bonbilletan eta, hala ere, gauza askok oraindik argirik ikusi ez. Ama, ama! Argiek seinale argia emango balute sikiera! Baina adituek diotenez, batzuetan ezin da horrela izan, eta arazoa, antena! Antenan adituak dio arazoa teilatua dela; etxe-egileak, ostera, oinarriko arroka, eta geologoak arazoa Kristo bera dela, mundua hain denbora gutxian egin izanagatik, ingurumen-eraginaren ikerketa barik. Total, banoa belena muntatzera.