J.L.
Aizkora | Euskal Herriko Gazte Mailako finala

Txapela oso erraz lortzeaz gain, gazte mailako marka berria jarri du Iker Vicentek

Iker Vicentek astebetean bere bigarren txapela jantzi zuen atzo. Pasa den larunbatean Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela jantzi zuen, eta atzo, berriz, Gazte Mailakoa. Azaroan, gainera, Nafarroako Bigarren Mailakoa ere irabazi zuen. 17 urteko gazte honek sekulako denboraldia osatu du, eta garbi dago gazteen artean etorkizun handienetakoa duen aizkolaria dela.

Erraz, oso erraz lortu zuen atzo garaipena, ez baitzuen aurkaririk izan. Bakoitzak hiru 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta amaieran ia sei minutuko tartea kendu zion bigarren postuan amaitu zuen Kañamares IV.ari, eta, hamar minutuko aldea, berriz, azkena bukatu zuen Jauregiri.

Hasieratik ikusi zuen Vicentek beste erritmo bat zuela. Lehen enborretik hartu zuen aurre, eta aurkariek ez zuten ikusi ere egin, ziztu bizian egin baitzituen bere egin behar guztiak. Bukaeran, gainera, maila honetan Euskal Herriko Txapelketan dagoen marka apurtu zuen Otsagabiako gazteak.

Bigarren posturako ere ez zen ia emoziorik egon, ia hasieratik sartu baitzen Kañamares postu horretan, eta aparteko larritasunik gabe osatu baitzuen bere lana. Garbi zeukan lehen postu hori lortzea ezinezkoa izango zuela, eta berea egitera joan zen, bigarren postu horri eustera, eta hortxe bukatu zuen. Jauregik itxi zuen sailkapena; ez zuen beste aukerarik izan.