Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Gabriel Medina txapeldun: lehen aldiz hegoamerikar batek irabazi du munduko ASP titulua

Medinak irabazi du 2014ko ASP titulua, baina hautsak harrotu dituzte brasildarren jarrera eta ospakizunek. Pipelineko txapelketa, berriz, eskasa izan da: olatuek ez dute lagundu eta emozioa falta izan da. Triple Crown koroa eta Pipelineko txapela Julian Wilsonek irabazi ditu.

Amaitu da 2014ko munduko ASP itzulia eta amaitu dira anglosaxoien urrezko garaiak. Lehiakideak haien artean borrokatzen ari ziren bitartean urertzean ziren ikusleek kamerei erakusten zieten txartelek «Braziliam storm is coming!» (Ekaitz brasildarra badator!) iragartzen zuten, eta halaxe gertatu da: brasildarrak gailendu dira.

Gabriel Medina 20 urteko gazteak irabazi du titulua. Garaipen historikoa izan da, batetik anglosaxoia ez den surflari batek irabazten duen lehen aldia delako, eta, bestetik, brasildarren sarrerarekin surfa eta lehia ulertzeko modu berri bat gailendu direlako. Aurrerantzean, surfa futbola bezalako kirol gisa ikusi ahal izango da.

Pipeline Masters

Surf munduan orain artean begirune handiena izan zaion txapelketak kolpe handia jaso du aurtengoan. Izan ere, txapelketako lehen egunetan olatuak handiak izan ziren, jende guztiaren ahotan zen Pipelineko urautsi beldurgarriaren aparteko izaera eta kalitatea. Bigarren erronden ostean, lehiakideek Pipelineko olatuak duen boterea eta ematen duen beldurra onartzen zuten.

ASPko antolatzaileek, ordea, txapelketa eten eta olatu txikiagoak izan arte itxaron zuten. Hurrengo egunetan ez zen olaturik izan, eta, azkenean, korrika eta presaka bi metroko olatuetan egin behar izan zituzten azken txanda guztiak.

Ez zen «Pipe» izan. Beste edozein lekutan halako olatuak handiak izan daitezke, baina Pipe berak indar gehiago behar du bere onenean egoteko. Ez zen tubo handi eta zailik jasotzen, eta, horrela, edozer gauza gerta zitekeen. Ikuskizuna, munduko hoberenak uretan baziren ere, oso pobrea izan zen. Ganorazko tubo gutxi ikusi ahal izan ziren.

Horrez gain, inoiz txapelketa honen historian gertatu ez zen zerbait gertatu zen. Inoiz ez zen izan urertzean aurtengoan adina jarraitzaile, bandera eta pankarta. Beste beste, orain gutxi arte, surf munduan ongi ikusia ez zegoen zerbait zelako. «Laguna edo gustuko lehiakidea babestu bai, baina zalaparta gehiegirik egin gabe» zen espiritua, beste lehiakideekiko eta ingurunearekiko errespetu gisa.

Medina nagusi

Olatuen kalitate eskasa zela-eta oso zaila zen txanda bakoitzean pasako zen lehiakidea nor izango zen asmatzea. Pipelineko ohiko baldintzetan nagusitu ohi diren lehiakideak kalean geratzen joan ziren, olatu haiek Pipelinekoak baino beste edozein hondartzetakoak baitziruditen.

Faborito nagusiak ere kalean geratu ziren. Adibidez, urautsi honetan titulu gehien eskuratu dituen Kelly Slater edota urautsiaren parean bizi den John John Florence bera. Horrenbestez, azkenerako garrantzitsuena ez zen jada Pipelineko txapelketa nork irabaziko zuen, halako baldintzetan Pipelinen irabazteak ez baitzuen meritu handirik. Galdera nagusia honakoa zen: nor izango da 2014ko munduko ASP txapelduna?

Erantzuna bosgarren errondako hirugarren txandan etorriko zen. Alejo Muniz brasildarraren kontra lehian ari zen Mick Fanning australiarra kalera joaten bazen, titulu mundiala Gabriel Medinarentzat izango zen.

Fanning lehian zen bitartean, Medina itsasorantz zioan, serio, bere hurrengo txandan pentsatzen. Mick Fanningen txanda amaitu zenean, Medina uretan zen dagoeneko. Australiarrak txanda pasatzea lortu ez zuenez, txapela brasildar gaztearentzat zen automatikoki. Hori jakinik, urautsian bertan besarkada bat eman zioten elkarri Fanning eta Medinak, eta australiarrak zorionak eman zizkion Medinari. Jarraian gertatu zenak, berriz, hautsak harrotu ditu...

Errespetu falta

Esan bezala, Filipe Toledo eta Gabriel Medinaren arteko txanda hasi zenean jaso zuen Medinak berria: munduko txapelduna zen. Txapelketaren erdian egon arren, ezin izan zuen bere poza ezkutatu eta urertzera irten zen familia eta lagunekin garaipena ospatzera. Bere «arerioa», Toledo, bakar-bakarrik utzi zuen ia ordu laurden batez, honek ordea, ia ez zuen olaturik hartu. Gero, Medina uretara itzuli zen, eta, gainera, azkenerako txanda pasatzea ere lortu zuen brasildarrak.

Jende askok errespetu faltatzat hartu zuen txandatik atera eta halako iskanbila sortzea. Kontuak kontu, baina, tarte horretan ASPko hizlariak berak ere elkarrizketa labur bat egin zion kamera aurrean Medinari; beraz, antolatzaileek ere onartu edo bat egin zuten brasildarraren jarrerarekin.

Horren ostean, txandaz txanda finalera iritsi zen Medina, eta, azkenean, inork espero ez zuen lehiakide batekin izan zen finalean, Julian Wilson.

Julian Wilson

Olatu txikitako surflaria delako ez zegoen faboritoen artean Wilson, baina australiarra itsasoko baldintza haietan bikain moldatzen da eta aurtengo Pipelineko txapela berak eskuratu zuen. Garaipen horrekin Triple Crown saria ere irabazi zuen Wilsonek. Emaitza bikain horri esker, gainera, 2014ko rankingean 14. postuan amaitzea lortu du.

Urtea amaituta, beraz, lehen postua Medinarentzat izan da, eta, bigarrena, Fanningentzat. Hirugarren postuan John John Florence geratu da, laugarrenean Kelly Slater, eta, bosgarrenean, Michel Bourez tahitiarra.