28an borobil
Urtebete pasa igaro da, Euskal Selekzioaren partidaren harira «Munduan barrena» goiburua ezarri nion artikulua idatzi nuenetik. Bertan nioena, labur esanda, gure selekzioaren ofizialtasun ezak eta politikarien borondate ezak elkarrekin lotura zuzena zutela. Egoerari buelta emateko ditugun bideetako bi aztertzen nituen. Federazio eta liga propio bat izan euskal talde guztiekin selekzio ofizial bat izateko edo Andorrako kasuan bezala, bertako talde indartsuenak atzerriko ligan jokatzen eduki (Espainiakoan) eta apalenekin liga bat sortu. Urtebete beranduago, egoera bera denez, zinez diot iazko artikulua «kopiatu eta itsatsi» egiteko gogoa sartu zaidala. Izan ere, iaz bezala, gure politikariak, eman nahi ez dituzten urratsak aldarrikatzen entzungo ditugu igandean. Aurten ere, agindua zorra dela ahaztuta, lasai botako dituzte publikoak entzun beharrekoak. Baina guk, nola esan, ez dugu ezer sinetsiko. Agortu zitzaien kreditua eta ez dute hitza bete. Zoritxarrez ez dugu Kutxabankek duen bitartekorik, zuen balizko abalak enbargatzeko. Baina Kutxabankek bezala egingo dugu eta ez dizuegu besterik luzatuko.
Baina hara non, kopiatu eta itsastearen ideia alboratzeko garaiz zorionerako, partidaren dataz jabetu naiz. Abenduaren 28a. Santuz eta sasi mirakulugilez beteriko egutegi nardagarriak inuzenteentzat gorderik daukan eguna. Eta honek aurreko paragrafoko azken lerroetako protagonistak ekarri dizkit burura berriz. Politikariek gezurrak esan, lasai geratu eta guk inozenteak bezala sinetsi eta ezer aldatzen ez dela ikustean tonto aurpegia jarri amaiezina den zirkulua erreproduzitzen. Espiralean buelta eta buelta, ideia bera, aurpegi desberdinak mezu berarekin, egutegiak erre eta erre, 1994, 1995, 1996, ..., 2002, 2003, 2004, ..., 2011, 2012, 2013, 2014!! Halako batean eskua luzatu dut, eromena iritsi aurretik zerbaiti gogor heltzeko premiaz bezala. Eta paperezko edizioaz egin dut topo. Bertan, patuaren gauzak akaso, igandeko partidaren deialdiak datoz. Hor beste inozentada. Doazen guztiei merezi duten errespetu eta errekonozimendua adieraziz; argi dago talde honen potentziala askoz handiago dela. «Munitibarko» Bayern taldeko izar guztiak eskura izan eta deialdian sartu ez badituzte ere; Munich-eko Bayern, Arsenal, Chelsea, Manchester United, Real Madril, Juventus eta Atletico Madrilen dauden izarretako bat bera ere ez dago deialdian. Ezta Ruffier atezain baionarra ere. Hau da, beste behin ere gure selekzioaren potentzial osoa ikustetik oso urrun geratuko gara. Eta guztia zergatik? Ofizialtasun ezagatik. Ofizialtasunak lagunarteko partidak ere ofizial egiten baititu, eta honek futbol talde guztiak eskatutako jokalariak uztera behartu. Imajinatzen ondorengo deialdi hau?
Ruffier, Irureta, Iraizoz, Azpilikueta, Iraola, Iñigo M., Javi M., Laporte, Monreal, Xabi Alonso, Arteta, Illarra, Iturraspe, Xabi Prieto, Susaeta, Herrera, Raul Garcia, Muniain, Aduriz, Agirretxe eta Llorente.
Imajinatzen dituzu? Bai? Ona e? Sekulakoa! Ba jarraitu imajinatzen edo Olentzerok ekarritako FIFA 2015 bideo-jokoan talde bat zeure erara moldatzen, ze errealitatean jai dugu. Ikurrinez, esteladez eta presoen aldeko zapiz beteko da igandean San Mames. Askok ikusi eta entzun nahi ez duten aldarria plazaratuko da. Sekulako gola sartuko diegu 5-0 galtzen goazen partidan. Ohorearen gola izango da hasteko, eta zinez sinetsi nahi dut «remontada»-ren hasiera ere izango dela. Gustura esango nuke baita, gola sartzeaz gain, benetako inozentada egin diegula asteburuko partidari astelehenean «Akelarre independentista» eta antzeko goiburuak eskainiko dizkioten horiei. Zoritxarrez, geure politikariak dira beste behin ere inozentada geuri egin digutenak; arestian esan bezala, urtebete beranduago selekzio ofizialik gabe jarraitzen baitugu. Eta bai, borobiltzeko, aurten 28an jarri digute partida.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
