Bittor Arbizu
Euskal Filologian lizentziatua
GUTUNAK

Eros ditzagun euskal opariak!

Olentzero dela eta, aukera egokia dugu, egoera ekonomikoak uzten digun neurrian, euskarazko produktuei eusteko. Oso garrantzitsua da gure haurrei euskarazko materiala eskaintzea: kantak, pelikulak... haien belarrietan hizkuntzari nolabaiteko sostengua eman ahal izateko, batez ere euskaraz entzuteko horrenbeste aukera ez dagoen tokietan.

Beste aldetik nekez dabilen diskografia eta liburugintzari aupada bat emateko aukera izateaz gain, gure barruari bizipoz txiki bat eskaintzeko parada ere bada.

Gure kantari klasikoez gain -Benito Lertxundi, Laboa, Gorka Knorr, Lete, Erramun Martikorena, Ordorika- oraingo belaunaldikoen bultzada ere badugu, Gozategi, Gose, Eñaut Elorrieta... Eta, hauen barruan ere, oso hunkigarria egin zitzaidan Nafarroa Behereko Anne Etchegoyenen, Frantzian urrezko diskoa izan denaren, «Txoria txori»-ren ETBk iaz egin zuen bideoklipa. Benetan ederra, Laboaren «Hegoak» kantaren bertsioa, non Etxegoienen ahots gaztea Aizkoa koruaren heldutasunarekin maisuki uztartzen den bazter magiko eta koloretsuen gainean hegalaldi liluragarri batez.

Azkenik, proposamen bat. Duela urte batzuk Araiako lagun batek kontatu zidan herrian urte zaharrari amaiera emateko lastozko txorimalo moduko bat erretzen zutela. Kontua zen bertan erabiltzen zuten «errepuierre» hitzaren esangura azaltzeko, berak erdaraz esan zidanez «urteari ipurdia erretzea» zela, beraz «erre+ipurdia+erre» genuke, hau da, «balio ez duena, albo batera utz dezagun» gutxi gorabehera. Bide batez hainbat asmo berri izaten ditugu urte berriari ekitean, horietariko bat ondoko hau ondo etorriko litzaiguke: euskarari eustea ahalik eta gehien, eta bukatzeko irakurle estimatua, urte berri on zuri ere.