Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

On egin dezagun, urte berria

Neguan sartu berriak gara eta, hauxe kolpea, eguna luzatzen hasi ere! Ez dakit, baina pentsatzen nago gure buruak negu garaia ilunarekin lotzeko joera duela, argiaren zabaltzearekin baino gehiago. Hortaz, nago ni hainbat ideia oker ainguratuta dauzkagula geure buru hondoan, eta hobe geundeke olatuen esku utzi eta paradigma berriak sortzen joan, aurrerantzean bestelako olatuak sortzeko kapazago izan gaitezen, lehorrean batez ere. Tira, utzi homilia! Ea urte berria horretarako baliatzen dugun, iraganetiko inertzia batzuk pikutara bota eta mundu zabala ulertzeko mundu txikiak asmatu eta gauzatzen ditugun. Pikutara esan dut, baina erreziklatzeko bota esan gura nuen, inertzia txarrak berak ere paradigma berri bihurtu baitaitezke atez ateko batean. Atez atekoa esan dudala, ama, ama! Urterik urte garai honetan egiten diot galdera bera neure buruari: zer espazio uzten dute libre beste espazio guztiak lepo betetzen dituzten jende tropelek? Are gehiago, zergatik egunotan ustez libre utzitako espaziootako zakarrontziak goraino dira beteak? Urte zaharra joango da, aurten ere, eta ni beste behin jakin barik geratuko naiz.

Gabon kantetatik urrundu nahiak, baina batez ere Gabonetako diskurtso hutsaletatik osasunagatik alde egin beharrak, nire buru-egunkarien orri gutxituetarantz bultzatu nau, eta horra kanpoko munduan egunotan non-zer ari den hartu dut jakin-min. Petrolioa dantzan omen dago, beherako maldan dantzan. Upelaren prezioak behetik jotzeak ondorio asko eta askotarikoak eragiten ditu hor-han, burtsetako arbeletan lehenbizi. Nork-Nor-Izor sistema berritua, ohiko ekonomiaren inertzian. Eta horra ere!, zerealak altxatu dira herrialde batzuetan beste batzuetako petrolioari aurre egiteko. Litekeena da laster batean zerealak ere upeletan neurtzea, edo den-dena adreilutan! Zeinek jakin! Ez, ez zait erraza egiten nagusien jolasak ulertzea. Klima bero-bero dago hainbat lekutan, eta adituren batzuek argituko bide dutenez, hori normala da, negu-gasak batez ere neguan askatzen baitira. Total, beharbada berotze horrek ekarri du beste meridiano batzuetako izotza urtzen hastea, Karibeko uhartea buruan. Nork berea bertatik behar. Hortaz, bada, hori, urte berria on egin dezagula, zertarako konprometitu bestela!