Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Lehenengo protesta hura gogoan

Aspalditik ez nuen eliza bat barrutik ikusten. Umetan bai, joaten nintzen, astero, artean kristauen erroldan nindutelako. Baina azken glaziazioa izan ondoren utzi nuen, sen onaz jabetu orduko bestelako lekuetan aterpetzea erabaki nuelako, haxe nire lehenengo erabakia! Total, hiletetan baino ez naiz hara hurbiltzen, eta ez beti, ordea. Eta salbuespen bezala barrura sartu, kanpoan hotz handia dagoenean. Halaxe izan zen lehengoan, eta hara!, barruan nintzen! Atearen ondo-ondoan betiere, badaezpada, gora eta behera begira, alditan lehenengoa balitz bezala. Ume garaiko irudiak etorri zitzaizkidan buru aldera, eta nire bizitzaren lehenengo protesta ere, abadeak nire buru gainera ur-jauzi oso bat ekarri zuenekoan.

Tira, harira! Hantxe ziren elizkideak, orain zutitu orain jesarri. Eserleku jarraituak, sagardotegi batzuetan legez, baina bestelako giroan, ezin uka. Eta hauxe kolpea! Karaoke! Bai, hantxe, aldare zer horren ondoan pantaila erraldoia, eta kantetako hitzak, kanturako, goialdeko organo doinuak lagunduta. Ama, ama, ikusi behar zenuen! Eta derrepentean, aitaren batean, hara eskutik eskura otzaratxoak dabiltzala, pasillotik alde batean eta bestean, aurretik atzera, txanponen bilontzi. Goitiko organo doinuaz. Orduantxe konturatu naiz elizaren ate nagusian ziren guardia zibilen zergatiaz; ez zen eskean ibiltzen diren eskaleak gotzainen aginduz uxatzeko, otzaratxoetan bildutakoaz jabetu eta harrapakin hartuta, eskupekoa eskupean, alde egiteko baizik. Hori bai, aurretik Ertzaintza jakinaren gainean jarrita, Lakua gero itxurakeriatan ibili ez dadin. Horra! zibila deitzea ere militarra den gorputz bati! Amen.

Tira, meza aurrera doa, ogia eta ardoa gora. Elikagaiez nagoela, zenbat aldiz ez ote nintzen ni zain egon, umetan betiere, abadeak arrainen ugalketa zuzenean noiz egingo, zain. Passion for knowledge zen orduko nirea, baina hutsean geratu zen, buru gaineko ura izan zen geratu zitzaidan bakarra, aitor dut. Hara! Ziztu bizian jendea jesarlekua utzi eta pasilloan paratu da, ilaratan; gero Kubakoa kritikatzen dute! Amen. Ostia hartzera doaz. Eta hauxe innobazioa! Orain eskuan ematen dizute lehen zuzenean ahoan emana! Esku-hartze prozesua, nonbait. Tira, lantegi batzuetan ostiak falta eta elizan sobera! Ez dira, bada, erretiratu batzuk tuperra eskuan ilaratu! Amen.