Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Xaketik hordagora dominoaz

Mahaia, tradizioz, jendea inguruan jesarri eta, hitzarmen bidean, elkarrizketan aritzeko tresna, helbide, izan da luzean; mahaia bera existitu baino lehen ere. Aparteko teknologiarik behar ez duen itzelezko aurkikuntza izan da mahaia. Egur batzuk, harri-xaflak aukeran, iltze moduko batzuk eta di-da batean mahaikideak berbetan, mahaia egin aurretik zeuden arazoak irtenbidean jartzeko, jakinda ere irtenbide guztiak ez direla konponbide, batzuk hor-konponbideak direla. Tira, mahaira! Bada, azken garai honetan mahaia helbide ez, helburu ezarri nahi dute batzuek; eta ez hitzerako, mahai-jokorako baino! Amen. Are gehiago, epaitegietan mahairik ez, eserlekuak baino ez, eta ez dakit zertarako, ongileek zutik erantzun behar baitiete epaile gaizkileei.

Harira! Mahai-jokoak! Xakea nagusi, mahai ofizialean. Den-dena da legezkoa erregea eta erreinua bere horretan mantentzearren. Estatuaren alfilak, zaldiak eta dorreak, denak Okerbideko Erreinuaren zerbitzuan, sekretua izan edo ez, baina zerbitzuan. Eta iparrorratza aspaldian galduta, mugitzen denari bere alfilak bidali, xake-mate egitea helburu! Jakitera iritsi gabe mugitzen diren hauek beste mahai batean ari direla. Eta hor datoz alfilak, film baten sekuentzia balitz bezala, mahaitik mahaira, mozorroa eta guzti, «diru-zakuak harrapa eta arin joan». Ene, ene! Kolorerik ez duen filma beti ere; edo, izatekotan, distirarik gabea, mate. Zuri-beltzeko erreinua mahaiko horiena.

Baina zertarako beste mahaien beharra berenean bertan, etxetik atera gabe, diru harrapari galantak izanda? Hori bai, zakutan ez, banku-gordailutan baizik, zakuek ez baitute interesik sortzen. Eta hara! Hango justizia itxurako horrek zer eta berak ere B kontua izan! Kontuak atera itxurak zer ezkutatzen duen. Total, batzuen paperek agerian utzi dute, ostera ere, Erreinuko erakunde gorenen papera. Paradisu fiskalak kanpoan izan arren, fiskalen paradisua bertan dute. Finantzekin atzeko patioan olgatzen dutenek ez dute gero fidantzarako arazorik. Zeruan bizi dira, paradisuaren konfiantza dutelako. Eta Hirutasun Santua, orain Troika deitua, jainko. Amen. Tira, nor bere harira! Utz ditzagun beren hitzak huts Metropolikoan, eta gizendu ditzagun gureak Akropoliko mahaitik. Domino efektua helbide, hordago helburu!