Andoni ARABAOLAZA
Hamazazpigarrena izan da

Lonnie Duprek, bakarka eta hilabete hotzenean, Denali neguan igo du

Mendizale estatubatuarrak lau saio behar izan ditu Ipar Amerikako mendirik garaiena, Denali (6.194), neguan igotzeko. Duprek berak eta soilik beste errusiar batek lortu dute xede hori urtarrilean borobiltzea.

Begirada gehienak Nanga Parbaten jarrita dauden bitartean, Ipar Amerikako mendirik garaienean, Denalin (6.194 m), Lonnie Dupre estatubatuarra gai izan da mendia bakarka eta neguan igotzeko. Tontorra urtarrilaren 11n zapaldu zuen.

Ez da urtaro horretan Denali igo duen lehen mendizalea. Guztira, beste hamaseik tontorra zapaltzea erdietsi dute, baina Duprek lortutakoak baditu azpimarratzeko eite batzuk. Batetik, soilik lau alpinistak lortu dute bakarka; tartean, lerrootako protagonistak. Eta bestetik, ingurumari horretako hilabeterik hotzenean, urtarrilean, bi mendizalek bakarrik bete dute helburu hori: errusiar batek eta Duprek berak.

Bai, Denalin neguan saiatzea ez da txantxetakoa. Seimilako bat da, eta, beraz, Nanga Parbateko garaierarekin ez du zerikusirik. Baina hango klimak (artikoa, alegia) muturreko baldintzak eragiten ditu: elurte handiak, haizete indartsuak eta tenperatura oso-oso hotzak. Hori guztia gutxi ez eta, batez ere urtaro honen hasieran, Denalin ia ez dago argirik; bospasei ordu eguneko.

Horregatik azpimarratu dugu Duprek hil honetan egindakoak plus bat duela. Beste protagonistak udaberriaren atarian igo ziren; horrek esan nahi du ondo aprobetxatu zutela garai horrek eskaintzen duen «abantaila». Finean, eguna luzeagoa da.

Eta gogortasuna aipatzen ari garela, aurreratu behar dugu Denalira neguan igo direnen artean sei bidean geratu zirela; tartean, gailurra erdietsi zuen lehena: Naomi Uemura japoniarra. 1984. urteko otsailaren 13an izan zen, menditik jaisten ari zela.

Arin eta azkar

Aurreratu dugun bezala, Duprek lau saio behar izan ditu. Eta, aitortu behar zaio, azken honetan dena primeran atera zaiola, ia hilabeteko espedizioan helburua borobiltzea lortu baitu.

Abenduaren 18an kanpaleku nagusia altxatu zuen, eta biharamunean, lera baten laguntzarekin, tresneria garraiatzen hasi zen. Ez zuen batere erraza izan, elur sakon askorekin egin zuelako topo. Baina eguraldi onarekin lehen kanpalekua (2.400 m) atondu zuen, eta abenduaren 28rako bigarrena (3.400 m) ere prest zuen.

Baina egun horretan egundoko ekaitza lehertu zen. Denda haizeteetatik babesteko, estatubatuarrak jarduera artikoetan duen eskarmentutik tira egin eta elurrarekin murru batzuk altxatu zituen.

Barealdiarekin, laino itxiak eragozpen batzuk ekarri zizkion, baina Duprek aurrera jarraitu zuen. Hurrengo kanpalekua 4.300 metrora jarri zuen. Urtarrilaren 5a zen, eta 10ean azken kanpalekua antolatu zuen 5.250 metroko garaieran. Bi eguneko leiho on bat iragarri zioten. 4 litro ur, bost barra energetiko eta piolet batekin 05.00etan irten zen. 14.00etan gailurrean zen. Nahiz eta gauak harrapatu, gai izan zen 4.300 metroko garaieran zegoen kanpalekura iristeko.