GARA ZESTOA

Ekaingo haitzuloa irekitzea aztertzen ari dira erakundeak

Ekain Fundazioa osatzen duten instituzioak kobazuloa puntualki irekitzeko aukera aztertzen ari dira. Labar-pinturak gordetzen dituen Zestoako haitzuloa itxita dago egun eta berriro irekitzeko azken erabakia adituek ematen duten iritziaren araberakoa izango da.

Erakunde publikoak Zestoako Ekain haitzuloa berriro irekitzearen alde agertu dira. Halaxe agertu zuten Lakuako Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agotek, Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretak eta Zestoako alkate Leire Etxeberriak.

Prentsaren aurrean agertu ziren hirurak atzo, haitzuloaren erreplikak, Ekainberrik, 2008ko irailean ireki zenetik izan dituen bisitari kopuruaren gaineko balantzea egiteko. 2014ko abenduaren 31ra arte egindako zenbaketaren arabera, orotara 190.476 bisita jaso ditu.

Lopez de Etxezarretak adierazi zuenez, Altamirako haitzuloa erreferentzia gisa hartuta, era kontrolatu batean eta puntualki irekitzeko aukera «beti egon da mahai gainean» eta hiru erakundeen aldetik «ez dago inolako aurreiritzirik» aukera hori ez gauzatzeko.

Nolanahi ere, Ekaingo kobazuloko ateak berriro zabaltzeko adituen iritzia kontuan hartu behar dela ohartarazi zuen. Beraiek aztertuko dute irekitzea komenigarria den eta zein eratara egin daitekeen bertan dauden labar-pinturak -Madeleine arokoak- kaltetu ez daitezen.

Oraindik ez dira adituekin harremanetan jarri, baina 2015. urtea «aitortutako ospea duten espezialistekin harremanetan jartzeko une egokia» izan daitekeela uste du. «Beraiek aztertu beharko dute era objektibo, zientifiko eta argian» Ekaingo ateak zabaltzea merezi duen ala ez.

Ekaingo erreplikari dagokionez, dagoeneko errotuta dagoen egitasmoa dela nabarmendu zuen Lopez de Etxezarretak. Bertan, zaldien labar-pintura ikusgarrienen erreplikak aurki daitezkeela ohartarazi zuen. 2009 eta 2010ean jaso zituen bisitaririk gehien, eta ondoren zifrek behera egin bazuten ere, azken urteetan bisitari kopurua igotzea lortu da.

Adituekin

Erakunde publikoak Ekaingo kobazuloa era kontrolatuan eta puntualki irekitzearen alde agertu dira. Adituek aztertu beharko dute, ordea, haitzuloaren egoera eta horren arabera hartuko dira erabakiak.