Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Eszenatoki berriak oholtzan

Hori bai dela goiztiarra izatea. Hauteskunde gauaren osteko goizean, goizean goiz, kalkulagailuak artean izerditan, eguna urratu gabe, eta Akropoliko oilarrak ametsetan zeudela... Hara! Aitaren batean gobernua! Amaren batean izan balitz! Bai gobernu goiztiarra gero! Eta neurri batean arraroa ere, bikoteari erreparatuta, nahiz eta Kantauri honetatik ez den erreza Mediterraneo bazter hartakoa behar bezala ulertzea. Pentsatu behar da, edozelan ere, ezinbestean luze jo behar duen trantsizio soziopolitiko batean, are gehiago bestelako sustraiak bestelako lurzoruan errotu behar dituen prozesu batean, une guztien lehentasunak ez direla berak, eta une bakoitzak bereak dituela, bide-mapa baten barruan, jakina. Aliantzak ulertzeko modua ere pikutan jarri berri dute han, bejondeiela! Ikusi beharko norako bidea eta nolako abiadura hartzen duten lagunek. Hamaika ikusteko gara, eta hamaika gehiago ikasteko ere bagara, eraginkortasuna prozesuaren urrats guztietan gauzatu nahi badugu behinik behin. Azken batean, hango ezkerrak ez ditu hauteskundeak txiripaz irabazi, Syrizaz baizik; bidea bide.

Total, han izan dena epidemia osasuntsu bezala zabalduko balitz Mediterraneoko ipar bazterretatik, Atlantikoraino zabaldu ere, bestelako kuku batek joko luke Europako euro-bulegoetan, eta Mediterraneo gizajoan bertan ere, eszenatoki berriak agertuz. Hain da osasuntsua eszena berriak izatea politikaren oholtzan! Aldagelako sukalde-gaitza gaindituta! Tira, harira! Itsaso antzeko horren iparreko lurraldeetan ez dadila izan, izatekotan, bere hegokoetan izan zen iraultza izeneko zer hura. Udaberrian ez bagara ere, dosifikatu beharko dira indarrak, epe motzean albiste izateak ez baitu luzekoa bermatzen, eta helburuak luzean dira. Seguruenik, Kantaurin ere bai.

Bestelako kuku batek jo zuen Errekaldeko lur zementatuetan. Kukutza. Baina musika teatro handietan ez beste inon entzun nahi ez duten gorrek txanodunak bidali eta di-da batean lehen eraikin bete eta beroa zena orube huts eta hotz bihurtu zuten. Ez kuku, ez musika, ez sentimendurik, ez eta orturik ere ez... espekulazioa baino ez lur antzuan! Batzuen bidea markatzen duen seinalea. Normala gero euskal iparraldean seinaleak ezabatzen ibiltzea ... bestelako seinalea da hori, bestelako bideena, lehentasunak lehentasun.