Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Munduko junior txapelketak: Seth Moniz eta Dax McGill gazte hawaiiarrak nagusi Sunseten

Gaztetxoak udako oporretan diren herrialdeetan junior kategoriako txapelketak egiteko sasoia izaten da, eta horrela, Australiako eta Hawaiiko gazteak lehia bizian dira. Azken txapelketa Sunseten izan berri da, eta irabazleak Seth Moniz eta Dax McGill izan dira.

Open kategorian urtarrila hilabete pobrea da mundu mailako txapelketei dagokienez. Lehen txapelketa garrantzitsua orain Pipelinen egiten ari direna dela esan daiteke. Volcom Pipe Pro ospetsua da, izan ere, munduko lehiakide ezagun asko bertan biltzen dira urte sasoi berriari hasiera emateko.

Hogei urtetik beherako lehiakideentzat, ordea, urteko lehen bi hilabeteak garrantzitsuak izaten dira, batez ere hego hemisferioko herrialdeetan, han uda baita eta ikasleek oporrak izaten baitituzte.

Junior kategorian txapelketa hezkuntza sistemak ezartzen duen egutegira egokitzen da herrialde bakoitzean, horregatik ikasleek oporrak dituztenean txapelketa pila bat izaten dira junior kategorian, baina gainontzeko denboraldietan geldialdiak izaten dira.

Australiatik Hawaiira

Junior kategorian urteko lehen txapelketa Australian izan zen, otsailaren 16a eta 18a artean, Carve Pro Junior, Maroubrako eskualdean. Irabazlea Ethan Ewing izen zen, Gold Coasteko surflari gaztea, eta beraz, 1.000 puntu eskuratu ahal izan zituen. Izan ere, legedia berriaren arabera, junior kategoriako txapelketa guztiak 1.000 puntukoak dira, ez dago maila handiagoko edo txikiagoko txapelketarik.

Urteko bigarren Pro Junior txapelketa berriz, pasa den astean amaitu zen Hawaiin. Ia hiru metroko olatuetan lehiatu behar izan zuten neska-mutil gazteek eta ausardiaz menderatu zituzten Sunseteko eskuin olatu indartsuak.

Mutilen kasuan, herrialde desberdinetako lehiakideak izan ziren finalean eta lehia gogorra izan zen. Nesken kasuan ostera, gainontzeko herrialdeetako lehiakideen gainetik hawaiiarrak nagusitu ziren alde handiz eta lehia irla desberdinetako kideen artean izan zen.

Olatu ederrak ziren Sunseten, handiak eta garbiak. Ordu erdi izan zuten finalean ziren lau lehiakideek beren trebezia epaileei erakusteko eta bikain aritu ziren. Mutilen kasuan, irabazlea Seth Moniz hamazazpi urteko bertako surflaria izan zen, Tony Moniz surflari mitikoaren seme gazteena alegia. Guztira, bere bi olatu onenekin 15'15 puntu bildu zituen Monizek.

Honela erantzun zion Monizek, txapela eskuratu ostean, etorkizunera begira gazteak zein asmo zituen galdetu zion surf aldizkari bateko kazetari bati: «Iaz Pipeko junior txapelketa irabazi nuen, baina Sunseten aspaldi izan ditugun olatu handienak izan ditugu eta halako baldintzetan txapela lortzeak sekulako poza ematen dit. Eskolan, azken urtea dut aurtengoa, beraz, amaitzen dudanean mundu mailan aritzeko prestatzen ari naiz».

Bigarren postua, 14'80 punturekin, Soli Bailey 19 urteko surflari australiarrak eskuratu zuen. Hirugarren postuan 18 urteko brasildar bat geratu zen, Lucas Silveira, 7'25 punturekin, eta laugarren postuan, 7'20 punturekin, 18 urteko Glenn Daniel estatubatuarra.

Nesken kasuan ere bertako surflari batek irabazi zuen txapela. Dax McGill 16 urteko lehiakideak 16'5 puntu eskuratu zituen eta alde handiz gailendu zen bere arerioen aldean. «Iaz bigarren geratu nintzen txapelketa honetan, beraz, oso pozik nago txapela irabazita», zioen Dax gazteak.

Bere hitzekin, helburuak garbi dituela ere erakutsi zuen irabazleak. Honela mintzo zen Dax McGill kazetarien aurrean: «Nire azken helburua lehen mailako zirkuiturako sailkatu eta munduko titulua eskuratzea da, baina oraingoz, epe ertainera dudan helburua ahalik eta puntuazio onena lortu eta esperientzia hartzea da».

10'83 punturekin, bigarren postuan, Honolua Blomfield Haleiwako surflaria geratu zen. Summer MacEdo Mui irlako lehiakideak 4'66 puntu bakarrik eskuratu zituen eta hirugarren lekuan geratu zen. Antzeko zortea izan zuen Brisa Hennesy, Hawaii Uharte Handiko surflariak; izan ere, 4'13 puntu baino ez zituen bildu, eta ondorioz, laugarren postuan geratu zen.

Australiatik Perura

Bestalde, sasoi honetan Australiako gazteek dituzten udako oporrak direla-eta, hil honetan bi txapelketa garrantzitsu izango dira. Lehena, otsailaren 7a eta 11 bitartean izango da Sydney iparraldean dagoen Manlyko hondartzan, Hurley Australian Open.

Otsailean izango den bigarren txapelketan parte hartzeko apur bat iparralderago jo beharko dute australiar gazteek, Newcastle inguruko kostaldera, hain zuzen ere. Merewether hondartzan izango da Hunter Business Boardriders Pro Junior txapelketa, otsailaren 12a eta 15a bitartean.

Australiako eta Hawaiiko txapelketen ostean Hego Amerikaren txanda izango da otsailean bertan, izan ere, hilaren 26a eta 28a bitartean Rip Curl Pro Junior Series txapelketa izango da Perun, San Bartoloko kostaldean.

Volcom Pipe Pro

Sunseten parte hartu duten zenbait lehiakide Pipelinen egunotan egiten ari diren Volcom Pipe Pro txapelketan parte hartzen ari dira. Txapelketa hau QS mailakoa da, 3.000 puntu eskaintzen ditu, beraz, nahikoa txapelketa garrantzitsua da.

Pipelinekoa, QS mailako urteko bigarren txapelketa da, baina egiaz sasoiari hasiera ematen dion txapelketa da, izan ere, mundu mailako lehiakideen agendako lehen txapelketa garrantzitsua izaten da.