Joxemari Carrere
Ipuin kontalaria

Aupa Mikel

Mikelekin topatu naiz tabernan. Ardo bat hartzen ari da. Gorria. «Bizitzara bueltatu nintzeneko urteurrena ospatzen ari naiz, bosgarrena». Lanean istripu larria izan zuen, buruan kolpe izugarria hartuta. Orain bizitza normala egin dezake, ohiko ondorioak jasan behar baditu ere. Ezin du ariketa fisiko gogorrik egin, ezin du ikasketarik egin, halako esfortzuek buruko mina sortzen baitiote. Baina Mikel baikorra da. «Orain behintzat oroimena berreskuratu dut». Zer ote da urtetan biltzen joan zaren oroimena desagertzea? Zure nortasuna ere galtzea litzateke, nor zaren, zer zaren lainotan desagertzea.

Kontalariok oroimenaren menpe bizi gara. Geurearen zein aitzinetik jaso dugunaren menpe. Mendeetan barrena bidaiatu duten istorioak, ipuinak, kondairak jasotzen ditugu eta egungo jendeari eskaini. Oroimen kolektiboaren parte baten gordailu bihurtzen gara eta desager ez dadin dihardugu, ondoren datozenek oroimen hori izan dezaten, handitu eta zabal dezaten. Baina gure oroimena ere behar dugu kontatzerakoan. Gure bizitzako esperientziak kontakizunean barrena agertzen dira. Kontakizunak ez dira hitzak bakarrik. Ipuinak kontatzerakoan kontalariak gordeak dituen oroitzapenekin kontaketari bere arrastoa gehitzen dio, eta horrek emango dio berezkotasuna. Oroimenik gabe kontalaria ez da ezer.

Era berean, jendarte batek bere oroimena galduz gero, nora ezean ibiliko da, galduta, bere nortasuna kalteturik. Denboran barrena izandako esperientziak, bideak, urratsak ahaztuz gero, nola egin aurrera? Nola egin gogoeta izandakoaz, izan nahi denaren gainean? Oroimena da etorkizuna imajinatzeko tresna humanoa.

Aupa Mikel!