GARA MALABO

Afrikako Nazioen Kopa ustelkeria akusazioen artean iritsi da gaurko finalera

Ghanako eta Boli Kostako futbol selekzioek jokatuko dute gaur Afrikako Nazioen Kopako finala, Ekuatore Ginean egin den jardunaldi iskanbilatsuaren ondoren. Haustura bizi du Afrikako futbolak.

Ghanako selekzioak Ekuatore Ginearen aurka jokatu behar izan zuen finalerdietako partida ostegunean. Nagusitzen ari ziren Ghanakoak eta hori ez zen ikusleen gustukoa izan. Aldamenean harrapatzen zuten guztia zelaira botatzen hasi ziren, kanpoko taldea babes bila joaten zen bitartean. Epaileak 40 minutuz eten behar izan zuen partida.

«Hau nazkagarria da. Partida bat galduta, botilak eta harriak botatzen hasten al zara? Hori onartezina da. Antolatzaileek zigortu egin beharko lituzkete, hau ez baita futbola», esan zuen Samuel Tei Adano «Daily Graphic Ghana» hedabideko kazetariak. 3-0 irabazi zuen Ghanak.

Istiluak eta ondorio kezkagarriak eragin zituen Ekuatore Ginea etxeko taldeak jokatutako beste partida batek ere. Finalerdiak helburu, Tunisia eta etxekoak ziren aurrez aurre. 90. minutua betetzean, kanpokoak 0-1 irabazten. Beste bost minutu jokatzeko agindu zuen epaileak. Hirugarren segundoan, Ekuatore Gineako futbolari batek bere burua botatzen du lurrera, inork ukitu gabe. Penalti. Eta sekulako eskandalua. 1-1.

Ordu erdiko luzapenean Balboak sekulako gola egin zuen falta bat zuzenean botata. Etxekoak nagusi. N'sue Realeko jokalari ohia golegilea besarkatzen ari zen bitartean, Tunisiako jokalariek Rajindraparsad Seechurn epailea jarri zuten jomugan. Maurizioko arbitroa oso larri ibili zen, baina bizirik atera zuten segurtasun indarrek.

Kongoko selekzioaren aurkako partida ere arbitroari esker irabazi zuen etxeko taldeak, hedabideek salatu dutenez. Batez ere Tunisiakoek.

Herrialde horretako zale, egunkari eta futbolariek «lapurreta», «eskandalua» eta «lotsa» bezalako hitzak erabili zituzten gertatutakoa salatzeko. «Lotsa: arbitroak kaleratu du Tunisia», zioen «La Presse» frantsesezko egunkariak. «Bagenekien beste taldeko jokalarien eta arbitroaren aurka jokatu beharko genuela», zioten zaleek hiriburuko kaleetan. «Asko sufritu ondoren, azkenean lapurtu egin digute. Lotsagarria da. Ez ginen talderik onena izango, baina era horretan alde egin behar izatea ez da onartzeko modukoa».

Tunisia eta Maroko, kanpoan

Tunisiako Futbol Federazioak berak salatu du antolatzaileek propio kanporatu dituztela. CAF Afrikako Futbol Konfederazioak epe bat jarri dio salaketa bertan behera utz dezan, baina tunisiarrek bereari eusteko asmoa azaldu dute. Gauzak beren onera etortzen ez badira, Tunisia Kopako hurrengo ekitaldian (bat baino gehiago, agian) parte hartu gabe geratuko litzateke.

Marokoko futbol selekzioak ere ezingo du esku hartu Afrikako Nazioen Kopako hurrengo bi ekitaldietan (2017 eta 2019). Gaur amaitzen dena Marokok antolatu behar zuen, baina ebola izurritea dela-eta, txapelketa atzeratzea edo bertan behera uztea proposatu zuen. Konfederazioak ezetz esan zuen, eta futbolariek sailkatzea lortuta bazuten ere, Maroko txapelketatik kanpo geratu zen. Gainera, bederatzi milioi euro exijitzen dizkio CAFek Rabati.