Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gorbatarenak egin du

Negu gorriak zuriz jantzi ditu kostaldeko berdeak eta barnealdeko nabarrak. Eskertzekoa da koloreen paleta, ohiko panorama grisa eraldatzen duenean. Merkurioa ere eztulka entzun dute hainbat txokotan. Tira, elurra mara-mara eta hara! krisi-mahaia! Laster batean, lurmentzen denean, mahaia hustu baina krisiak bere horretan segituko du, inguruko koloreen gain. Bitartean, hiri handietako finantza guneetan ere zuria beltzaren gainean. Ez gara, bada, enteratu Bank batzuek bere egin dutela langabeziara bidean ziren ale batzuk erreskatatzea! Zeinek esan zuen bankuok ez zituztela pertsonak helburu? Helburu ez ezik, abiapuntu ere! Hori bai, nahastu gabe! aparteko ADNko pertsonak baino ez. Besteak, hor konpost! Eta hartu nota, bankari batzuk zelan eta suminduta agertu, epaitegiaren atarian agertu ere. Ez ninduke harrituko laster batean bankariok suminduen mugimendua sortu eta han-hemengo plazak okupatzea, protesta bidean. Hori bai, kanpadendak itxurazkoak izango ziren, zelan ez! ondo-ondoan izarren azpian lo egiteko aukera izanda, hoteletan.

Itxurarik ez, edo gutxi behintzat, Akropoliko hartan. Gobernu berria ezker-eskuin ari da, kontinente zaharrean indarrean den pentsamolde bakarretik at, bestelako moldeak gozatuz. Kolpea izan zen gobernuaren lehenengo argazkiak islatu hura; hemen garai batean izan zen Ahotsak taldea etorri zitzaidan buru aldera, eta hangoa antzekoa zela pentsatu ere, baina gizonetan hango hura, jakina! Tira, harrezkero izan diren argazkiek beste isla bat utzi dute, gobernukide berriek ez dutela gorbata konbentzimendurako tresna hartzen! Are gehiago, konturatuak dira, nonbait, gorbata austeritatearen seinalea dela! Eta hara! pikutara! Leku gehiago armairuan! Eta saman! Ez, ez dute erraz izango hango lagunek hankaz gora jartzea Europako gorbatadunen lorategi transgenikoa. Ez du, bada, Londresek hiru gurasoren sorkuntza babestu! Troikaren aldeko jarrera ezin argiagoa! Tira, mehatxuzko abisuak hasiak dira erregimen zaharretik bideratzen, ez dadin gertatu demokraziaren iragana izan omen zen lurralde hura derrepentean demokraziaren oraina izatea. Demokrazia historiaren ondare preziatuegia omen da euro-zonan, kalearen eguraldi gorriaren esku uzteko. Hobe museoaren beroan seguru utzita! Eta gozatu nahi duenak sarrera ordaindu beza!