Iñaki Larrañaga
Zuzeu, 2015/2/11
HEMEROTEKA

Pablo Motos urduri jarri da, Otegi agertu denean

(...) Arnaldo Otegi `El Hormiguero' telebista saioan infiltratu da, «Ocho apellidos vascos» filmaren aitzakian. (...)

Ezaguna da filmari izena ematen dion eszena hori. [Protagonista andaluziarrak] euskaldun plantak egin behar, eta hara non froga erabakiorra agertzen zaion: zortzi euskal abizenak.

Eszena hori errepikatzea egokitu zitzaion `El Hormiguero'-ko ikusle bati. Publikoaren laguntzarekin zortzi abizenak asmatuz joan zen. Urdangarin, atezaina? Zubizarreta, corazón corazón? Igartiburu, sukaldaria? Argiñano, kazetaria? Gabilondo, Duncan Dhu? Erentxun, Clemente... eta nor da azkena?

Otegi falta da, ez baitute lehenago esan. «Queda el más complicado», dio Dani Rovirak. Bai jauna!

Pablo Motos aurkezlea nahastu egin da, berdin haren belarrizuloetatik sartzen diren laguntzaileak. Zubizarreta errepikatu du Motosek. Argitzen saiatu dira, saioaren erritmo frenetikoa galdu gabe. Bitartean, Rovirak neskari belarrira esan dio: «Otegi». Motos, ardi galdua legez, neskak dagoeneko badakiela ohartu gabe, Otegi asmatzeko pista batekin hasi da, «estuvo en...» non egon zen Otegi? baina neskak OTEGI! dio eta kitto. Txalo zaparrada Arnaldo Otegirentzat, telebistako une surrealista horietako batean.

«Estuvo en...», baina non demontre? Ondotik zetorren hitzaren zain gelditu naiz. la cárcel? Herri Batasuna? La Sexta con Jordi Évole?... Pentsatu dut Motosen arinduan, eta errealizadore zein gidoilariengan. Ia sartu dira sasian. Pitokeria bat dirudi, baina -barkatu espresioa- hegemoniak ikusten diren horrelako duda-mudetan, esan gabe doazenak, politikoki zuzenaren mugak, eta elefante mugiezinak. Telezirkoan deserosoak diren elefanteak.