«Azken ibilbideak dioena baino hobeto dago taldea»
Hobetu beharreko gauzak badaudela onartu arren, Xabi Iruretagoienak ez du egoera dramatizatu nahi. «Taldea lasai eta konfiantzaz dago», nabarmendu du.

Lehen itzuliko poztasuna kezka bilakatu da Eibarren, bigarrena aurrera doan heinean. Kezka arina momentuz, sailkapenak argazki ezin hobea eskaintzen jarraitzen duelako, baina ez larriagotzeko konponbide azkarra behar duen kezka.
Ezohiko egoera da, azken urteotan, talde gorri-urdinaren porrotei buruz hitz egitea. Eta antzeko zer edo zer gertatzen da bere atezainarekin. Ezinbesteko parte-hartzea izan zuen bi igoeretan eta gauza bera esan daiteke orain arte Lehen Mailan egindakoarekin. Baina azken bi partidetan, Xabi Iruretagoiena txarrerako izan da protagonista, bere hutsegiteak garesti ordaindu dituelako taldeak.
Jakin badaki hori atezain bizkaitarrak, eta argi dauka norbera dela bere buruaren «epailerik zorrotzena», baina ez dio azkenaldi honetan gertatutakoari buelta gehiegi eman nahi: «Hobetu beharreko gauzak daude, bai taldeak berak eta bai nik neuk -onartu du-, baina hori gauzak ondo doazenean ere gertatzen da. Izan ere, beharbada, diskurtsoa zertxobait aldatu behar da gauzak pixka bat okertzen direnean. Garitanori ere behin baino gehiagotan entzun diot partidak irabazten ditugunean hobetu behar ditugun gauzak eta zuzendu behar ditugun akatsak gogorarazten, eta galtzen dugunean, ondo egin duguna azpimarratzen». Emaitzak erlatibizatzen, azken batean, «lana berbera izan behar delako. Balioa ez dago azken emaitzan, egindako lanean eta ahaleginean baizik eta, aldi berean, hori da garaipenera eramaten gaituen bide zuzenena».
Eta, ziur aski, pentsaera hori dago taldeak duen «lasaitasun eta konfiantzaren» oinarrian. Horrela ikusten du Xabik eta horrela uste du ikusi behar dela aldagelatik kanpo ere. «Dramatizatu barik». Batez ere, «azken ibilbideak dioena baino hobeto dagoelako taldea». Gorri-urdinen atezainak onartzen du unerik onenean ez daudela, «denboraldi osoan zehar maila berbera mantentzea hasieratik amaierara» ezinezkoa delako eta batzuetan hainbat faktore biltzen delako, «beherakadatxo fisikoa, bajak, zorte puntutxo horren falta...».
Baina, aldi berean, argi dauka bigarren itzuliko lau partida hauek banaka aztertuz eta «emaitzak alde batera utzita», ondorioak ez direla hain latzak. «Adibidez, Anoetako norgehiagokan -gogora ekarri du- gure aukerak izan genituen lehen zatian, markagailua oraindik husna zegoela. Bat edo bat asmatu izanez gero, ziur aski emaitza desberdin bati buruz hitz egiten egongo ginatekeen, eta diskurtso orokorra ere desberdina izango zatekeen. Atleticoren aurkako partidan, egia da ez ginela behar bezain ondo zelairatu; beraiek bai, baina gainera, kalitate estra edo zorte puntutxo hori eduki zuten beren hiru aukera aprobetxatu eta ordu erdian arratsaldea erabakita uzteko. Eta, hala ere, azken unera arte jo eta ke jarraitu genuen». Aldiz, Riazorren gertatutakoa desberdina izan zela uste du: «Denboraldiko partidarik txarrenetarikoa. Txarrena, ziur aski. Akatsak, aukerarik sortu ez, erantzunik ez... Ez ginen batere ondo ibili».
Astelehenean, berriz, «taldeak oso itxura ona eman» zuela uste du. «Elxek irabazi arren, Eibar nagusitu zen partidan, batez ere bigarren zatian, ondo jokatu, aukerak sortuz... Ez genuen galtzea merezi, baina hala da, batzuetan dena alde doa eta arratsalde ilunenetan ere irabazteko gai zara eta bestetan alderantzizkoa gertatzen da». Elxeren aurka gertatutakoak, edonola ere, Xabiren baikortasuna indartzen du: «Taldea bizirik dagoela demostratu zuelako. Banekien hori, astean zehar lan nola egiten dugun eta partidei nola ekiten diegun ikusten dudalako, baina une horretan, partida garrantzitsu batean, aurkaria markagailuan aurretik jarri eta horrelako erantzuna emateak asko esaten du taldeari buruz».
Armaginek, hala ere, eskertuko lukete garaipena laster ospatzea. «Dudarik ez. Azken batean hori da asteko lanari eusten diona, aurrera jarraitzeko bultzada ematen dizuna», onartzen du Xabik. Eta ez du El Madrigalgo aukera baztertzen: «Zelai ezin hobea izango litzateke, bultzada hori indartzen duen aurkaria baita Villarreal. Oso zaila da, baina gu, beti bezala, irabazteko asmoarekin joango gara».
El Eibar retomó ayer los entrenamientos. Con la buena noticia de la incorporación de Jon Errasti, que el lunes no pudo enfrentarse al Elche, al sufrir una infección en un dedo del pie. Podrá jugar en El Madrigal, donde no estará Federico Piovaccari, después de que el Comité de Competición le castigara ayer con un partido de sanción.
Los accionistas y abonados están citados hoy (19.00) en Portalea, donde el club ofrecerá explicaciones sobre el proyecto «Ipurua Taillarra». Los interesados deberán acudir con su DNI para poder acreditarse antes de entrar a la reunión.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
