Nagore BELASTEGI
Interview
Xabier Albizu
Iparra Hegoa-ren antolakuntzako kidea

«Euskal herritarren arteko harremana normala izan dadin urratsak egin ditugu»

Baztandarren Biltzarrera joan eta euskal kantuak abesten zituen txaranga batekin elkartu ziren Segurako Elorri Elkarteko kideak duela hogei urte baino gehiago. Orduan sortutako harremanaren ondorioa da Euskal Herriko herrialdeak batzen dituen Iparra Hegoa topaketa.

Iparra-Hegoa topaketa ospatzen dute urtero Seguran, Euskal Herriko jendeak elkar ezagut dezan. Aurtengo ekitaldia astelehenean hasi zen eta igandean amaituko da. Egun horretan egingo dute ekitaldi nagusia, duela 20 urte Itsasutik ekarritako gereziondoaren inguruan. «Biharko Euskal Herria: nora goaz?»; horixe da aurtengo gaia eta horren harira mahai inguruak, kultur ekitaldiak, kirol emanaldiak eta azokak egiten ari dira pertsonen arteko harremana indartzeko.

Nola sortu zen Iparra Hegoa topaketa?

Duela 21 edo 22 urte Iparraldeko euskal kantuen txaranga batekin elkartu ginen Baztandarren Biltzarrean. Herrira gonbidatu genituen eta konfiantza hartzen hasi ginen. Gero, asteburu kulturala egiten hasi ginen eta hortik kultura aste eredura pasa ginen.

Hegoaldekook ez dugu Iparraldea ezagutzen eta hasieran lurraldea orokorrean aztertu genuen. Hurrengo pausoa herrialdeka hastea izan zen eta Iparraldeko zirkuitua amaitu genuenean gauza bera egin genuen gainerako herrialdeekin. Guztiak pasatutakoan diasporari heldu genion, askorentzat zortzigarren herrialdea delako.

Behin taldeko arrantzale batek esan zigun «zuek Euskal Herria lurretik bakarrik ikusten duzue, ez duzue itsasoko ikuspegitik ikusten», eta urte batean horri dedikatu genion aste kulturala.

Gero gai konkretuei heldu genien: lurra, elikadura burujabetza... eta aurten Euskal Herriaren nortasuna, lurraldetasuna eta nazioarteko independentzia prozesuak ditugu ardatz.

Zer lortu duzue orain arte?

20 urte hauetan harremanak normaldu ditugu. Normaldu esaten dut, zeren berdin sentitzen naiz Elorrioko, Bermeoko, Añanako, Zuberoko edo Landibarreko baten ondoan. Harreman hori normala izan dadin urrats asko egin ditugu, tartean milaka pertsona izan direlarik. Hazia ereiten ari garela pentsatzen dut, eta fruituak jasoko ditugu.

Orain arte kulturalagoa zen astea eta orain, agian, gizarte gaiei heltzen diezue gehiago...

Guk ez dugu horrela sentitzen. Guretzat kultura oso zabala da. Kultura gisa ulertzen dugu gizarteko edozein arazori erantzuna ematen dion hori. Zuberoa ardatz badugu, hango musika, hango mendizaleak edo hango ekonomia ekarriko ditugu Segurara. Guretzat euskal kulturaren espresio desberdinak dira guztiak; Euskal Herriaren ispilu, beraz. Kontzertu bat kultura da, baina beste gauza asko ere bai.

Gainera, ez da dena Seguran egiten. Iparraldean ere urtean zehar gauzak antolatzen ditugu. Adibidez, pasa den astean kontzertua izan zen. Hala ere, guk musika talde handirik ez dugu sekula ekarri. Esne Beltza ekarri genuen duela urte batzuk eta guretzat esajerazio bat izan zen, diruz ez garelako iristen.

Xumetasun absolutuan aritzen gara. Gerra ekonomia dugu; errifetatik eta halakoetatik ateratzen dugu finantziazioa. Nahiago dugu talde xume eta herrikoiak ekarri.

Harrigarria da Segura bezalako herri txiki batean halako topaketa bat antolatzea!

Harrigarri samarra da, baina honetan sinesten dugu eta urtean zehar bilera ugari egiten ditugu eta elkar animatzen dugu. Kariño pixka bat jartzen bazaio, ez da hain zaila. Lan handia egin behar da, baina ez da mirari bat. Dinamika hartuta daukagu.

Antolakuntza batzordean hegoaldeko eta iparraldeko jendea dago. Gutxi gara, baina egun hauetan ehunka herritar gerturatzen dira laguntzera. Ahalegin handia egiten dugu, baita diruz hornitzeko ere. Tabernariek ere laguntzen digute, beraientzat ere ona delako.

Iparra Hegoara jende pila bat etortzen da eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta. Anaitasun zentzua ematen diogu egiten dugun guztiari. Baina gure helburua ez da jende andana etortzea, baizik eta gure filosofiarekin bat egiten duen jendea erakartzea eta elkarrekin ondo pasatzea. Masibotasunaren bila ez goaz; masiboa eta jatorra baldin bada, ederki, baina jatortasuna galtzen badu, ez dugu nahi.