Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Ikuskaritza

Aukera itzela dute euren kudeaketaren gardentasuna frogatzeko: lehendakariak independentziaren gaineko herri galdeketa konbokatzea. Ez gure eskubide demokratikoa delako, baizik eta diru kontuak zelan ibili diren jakiteko

Aholkulari politiko bati galdetu nion lehengo batean ea «euskal oasia» existitzen ote zen. Hau da, espainiar eta kataluniar alderdi politiko hegemonikoek egunero oparitzen dizkiguten auzo-lotsa dosien alboan, eta Bravo, Guggenheim, Osakidetza, CAN, Osasuna... kasuak ahaztu barik, ia mendebaldeko Nafarroan ustelkeriak aipatutako herrialdeen arteko tamaina ezberdintasun geografikoaren proportzioa betetzen ote zuen, txikiagoa ote zen. Komunikabideei so eginda, gutxienez, hori ematen du eta.

Ostera, euskal alderdi politiko hegemonikoetan ibilitako jendea aurkezpen karta hori izango ez balu egokituko litzaiokeen maila sozialetik dezente gorago sumatu izan dut sarri. Eta lan merkatuan egokituko litzaiokeen puntutik hain urrun ikusteak kanpo eraginak barrundatzera darama nire buru xaloa.

Aholkulariak arin zedarritu zuen euskal gatazkak politika beste seriotasun batekin hartzera eraman dituela euskal kudeatzaileak; espainiarrek egin duten diru publikoaren arpilatzea neurrigabea, lotsagabea eta ezkutaezina dela; ustelkeriaren baitan aberaste pertsonala eta alderdien finantziazio irregularra bereizi behar direla; espainiar komunikabideek ustelkeriaren berri jakiteko dauzkaten informazio kanalak falta zaizkiela euskal komunikabideei; eta Puyol familiaren espektakulua CIUk Katalunian herri galdeketa egin duelako jakin dugula, bestela agian ez genukeela sekula jakingo.

Gauza askotan arrazoi puskak eman nizkion. Gero eta konbentzituago bainago egia posible bakarrak arrazoi puskak direla.

Niri AHTa bera ustelkeria kasu bat iruditzen zaidala esan nion. Interes publikoaren izenean, adituen iritzien aurka eta herriari galdetu barik kostu izugarriak justifikatu eta pribatuki aberasteko bitarteko legalak egoteak amorru izugarria ematen dit.

EAJk eta euren kolore ezberdinetako sozio historikoek aukera itzela dute euren kudeaketaren gardentasuna frogatzeko: lehendakariak independentziaren gaineko herri galdeketa konbokatzea. Ez gure eskubide demokratikoa delako, baizik eta diru kontuak zelan ibili diren jakiteko.