Amalur ARTOLA DONOSTIA

«Lauesku 22», pilota eta dantza uste baino lotuago daudenean

Donostiako arte eszenikoen azokak aurrera jarraitzen du eta gaur Lasala dantza konpainiak «Lauesku 22» pieza estreinatuko du, esku pilotako mugimenduak dantza garaikidearekin uztartu eta parekatzen dituen pieza. Gaurko agendan leku berezia beteko du Federico Luppi aktorea Argentinako diktadurako jeneral baten larruan sartzen duen «El reportaje» lanak ere.

«Denbora luzea eman dugu kanpoan eta, etxera itzultzean, gure kulturarekin egin dugu topo. Aitarekin pilota partida ugari ikusia naiz eta pilotaren mugimenduak dantzarion lengoaiarekin antzekotasun asko dituela iruditu izan zait beti. Une hau egokia iruditu zait `Lauesku 22' bezalako pieza bat sortzeko». Hala azaldu du Lasala konpainiako kide Judith Argomanizek gaur dFeria Donostiako arte eszenikoen azokan estreinatuko duten lanaren jaiotza.

Hiru dantzarirentzat egindako pieza da «Lauesku 22», esku pilotako mugimenduak dantza garaikidearekin uztartzen dituena, sinkroniaz batzuetan, irrist eginez besteetan. Eta, atzean duen mezua, inposatutako arauak apurtzeko beharra: «Barne hausnarketarako gonbidapena egiten du lanak, zergatik onartu behar ditugun naturaltasun eta otzantasunez arau, ohitura eta ezarpenak, eta zergatik ontzat eman aurrez ezarritako erantzun eta irtenbideak». Lana osatzeko Oier Mendizabal pilotariarekin aritu dira konpainiako kideak. «Hark esan zigun pilota dantza dela. Dantzan ondo dabilena pilotan ere ondo dabilela, nolabaiteko erraztasuna ematen dizula», azaldu zuen Argomanizek. Pieza gaur estreinatuko dute, esan bezala, 17.30ean Victoria Eugeniako Klubean.

Atzo aurkeztutako lanen artean arreta erakarri zuen El Picaderoren «El reportaje» lanak ere. Bertan, Federico Luppi aktoreak Argentinako diktaduran egindako gehiegikeriengatik kartzelatzen duten jeneralaren papera betetzen du. Antzezlanean, kazetari espainiar batek jenerala elkarrizketatuko du eta azken honek 1981. urtean erregimenaren aurkako erresistentziaren ikur bilakatu zen Picadero antzokiaren erreketan parte hartu zuela aitortuko du.

Obra gaur antzeztuko dute dFerian, 19.00ean Antzoki Zaharrean.

Beste era bateko erresistentziaren beharra plazaratzen duen beste antzezlan bat ere izango da gaur Donostian: Mariano Tenconi Blanco argentinarrak zuzendutako «La Fiera». Tucumaneko oihaneko kondaira bati helduta, genero biolentzia kasuen aurrean besoak gurutzaturik egon ezin duen eta emakume-pantera bilakatuta gizonak erailtzen hasten den emakumea du abiapuntu. «Lehen begiratuan ez badirudi ere, obra oso poetikoa da, musika asko duena, eta umorea ere badu. Antzerkia sendagarria izan daitekeela sinesten dugu eta horretara doa obra hau, gai gogor baten gainean hausnarketa egitera». Lana gaur emango da, 23.00ean DSS2016 gunean.

Atzo aurkeztutakoen artean ezin aipatu gabe utzi Kolorearekin elkartearen proposamena. «Gorputza» piezan, ezintasunak dituzten pertsonak eta ez dituztenak elkartuta gorputzen gaineko gogoeta egiten dute, ez-gaitasunetatik baino, gaitasunetatik abiatuta. Lanaren zuzendari Jordi Cortesek euren asmoa ikusgarritasuna eta normalizazioa bilatzea dela azaldu zuen. Gauza bera nabarmendu zuen Xabier Madina dantzariak ere: «Gure asmoa `dantza inklusiboa' esan beharrean egunen batean `dantza' soilik esatera irits gaitezela da».