Garaipena nola ikusarazi
Estatu Islamikoaren indarrak Tikritetik botatzea garaipen handia da Iranentzat. Balio sinboliko berezia du hau dena Saddam Husseinen jaioterrian gertatzeak Irakek Irani eraso zioneko 35. urteurrenean, Ameriketako Estatu Batuen onespen minberarekin...
Bururatzen zaidan esplikazioetako bat da: garaipenak lortzea bezain funtsezkoa izan daitekeela batzuetan (ala beti?) lorpen horren irudia behar bezala barreiatu eta finkatzea.
Kontua da amaitzear den Tikriteko gatazkari begira daramatzagun ia hiru aste hauetan, saiatu naizen arren, ez dudala erabat ulertzea lortu Qassem Soleimani jeneral irandarraren protagonismoa. Gehiegizkoa, esan liteke, batez ere haren iraganari, eta auziaren egungo testuinguruari, begiratzen badiogu.
Bisuala da kontraesana, alde batetik. Iraultzaren Zaindarien armadako Al Quds adar bereziaren burutzan edo daraman urte mordoan, ia aurpegirik gabeko gizona izan da Soleimani: apenas zen haren irudirik, eta auskalo noiz eta nola hartutako argazki zirtzil bat erabiltzen zuen mundu guztiak hari buruzko albisteren bat «jantzi» behar zen bakoitzean. Ulergarria zen hori, gainera: gaiztorik gaiztoenen zerrendetan zegoen gizona hainbat herrialdetan, eta guztiz klandestinoa zen bere lanbidea. Orain, ordea, hor dabil Tikriteko frontean, izar bat bailitzan, edozein argazkilariri irribarre eginez; armarik gabe, baina bere agintea nabarmentzen duten elementuez inguratuta; uniformea erantzitakoan ere uniformedunak izaten jarraitzen dutenen planta berezi horrekin. Argi dago, formalki aldarrikatu ez arren, bera dela operazio militar horren buruzagi gorena... eta ez zaiola batere axola hori argi geratzea.
Eta hortxe datza bigarren kontraesana, politikoa. Estatu Islamikoaren indarrak Tikritetik botatzea (esate bat da; matxinoak zeharo inguratu, setiatu eta gupidarik gabe zukutzeko diseinaturiko operazioa da jeneral irandarrak prestatu duena eta Irakeko Armada eta miliziak zertzen ari direna; ihesbiderik ere ez zaie utzi nahi) garaipen handia da Iranentzat. Soleimanik berak azken bi urte hauetan, beste lankide batzuekin baina taktika bertsuekin, Sirian lortu dituenak baino distiratsuagoa behintzat bai. Balio sinboliko berezia du hau dena Saddam Husseinen jaioterrian gertatzeak, Irakek Irani eraso zioneko 35. urteurrenean, Ameriketako Estatu Batuen onespen minberarekin... eta Soleimaniren protagonismo osoarekin.
Iranen gehientsuek horrela ulertuko dutela ziur nago. Baina orduan eta orain Iranen etsai direnek asaldura ezin biziagoz ikusten dutela ere apustu egingo nuke, oraintxe bertan.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
