Ahala da kontua, ez al da?
Eguzki-eklipsea izan omen da lehengoan. Beste latitudeetan ikusi omen dute, baina hemen hodeiek ezkutatu zuten eklipsea. Kolpea gero! Eklipsatua ez ikustea normala da, baina eklipsatzailea ez ikustea! Tira, nago ni latitude honetako batzuk gustura biziko liratekeela etengabeko eklipse egoeran; etengabeko paradisu... fiskalean. Esku bateko kontuak ez dezala izan beste eskuko kontuaren zenbakien berri. Ustezko kamioi bateko balizko lurrak ez dezala izan beste ustezko kamioi bateko balizko lurraren berri. Eskuineko masailean kolpea hartu duenak izan dezala ezkutuan dirua bere ezkerreko masaila eskainiko duen baztertua beltzean azpi-ordaintzeko. Eklipse totala nahiago. Azpiegituren mundu hori hain da iluna non ilargiaren alde ezkutuan den argiak itsutu egin ditzakeen faktura-trafikatzaileak.
Hara!, futbol zelaien garrantzia kiroletik haratago doa. Bazen garaia, demontre, zelaia futbolaren gainetik jartzeko. Baina ez horrela! Ez da, bada, zelaia bestelako gauzen neurria emateko unitate bihurtu! Akabo metro kubo! Akabo ohiko beste kubotarrak! Gauzen bolumena adierazteko futbol zelaia dugu unitate berria, ditxosozko innobazioak ekarri duen berrikuntza edo. Ez, legebiltzarretan ez dute adieraziko, badaezpada, gainera han ez dute zelairik, zoru etikoa gora eta behera erabili arren. Lur-mugimendutan edota zabor-ekoizpenetan, kasurako, kantitateen adierazpidea da zelaia! Ama, ama! Bide horretan aurrera eginez pilota bera erabili liteke pertsonen gaitasuna neurtzeko: buruaren tamaina kanpotik neurtzeko saski-baloia, eta barrutik neurtzeko gomazko pilota.
Total, berdelak eta antxoak urtero bezala, hauteskundeek lau urtean behin. Eta aurten. Foru erakundeak berritzekoak bidean datoz eta nork bere kuota zabaldu nahi, kosta ahala kosta, banan-banan edota sarez, stocka stock, labela label. Batzuek Diputazioa berriz eskuratu nahi, hasitakoari segida emateko. Beste batzuek hor dutena eta han galduak eskuan nahi, Diputapena. Aldundiaren ahala ulertzeko modu desberdinak jokoan. Al da? ala Ahal da! amaiera-sinboloaren kontua, finean. Hortaz, Eusk Ahal Dun! Eusk Ahal Duk! Lekukoa eskutik eskura, bide bazterrak bidea beste gozatuz, ahaleginetan. Ahala da kontua, ahaldun izatea, ahalbideak gauzatzea. Beste guztia alegiazkoa da!

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
