Hatortxu Rocken «senari eutsita» abiatuko da Aske musika jaialdi berria
Hatortxu Rockek bere ibilbideari amaiera eman zion uztailean eta, «dena eginda ez dagoela jakitun», garai eta testuinguru garaikideei egokitutako Aske jaialdi berriaren ibilbidea abiatuko zutela aurreratu zuten. Abenduaren 27an egingo da musika eta elkartasun festibalaren lehen edizioa Atarrabian, eta lehen sarrerak salgai daude jada salneurri berezian. Oholtzaratuko diren taldeak eta «sorpresak» epe laburrean iragarriko dituzte.

Hatortxu Rockek 30. edizioarekin agurtu zuen bere ibilbidea iragan uztailean, milaka eta milaka euskal herritarren aurrean eta arrakasta nabarmena bilduta. Ordukoa «auzolan ariketa erraldoia» izan zela iritzita eta «sen horri eusteko» bokazioz, abian jarri berri dute Aske musika eta elkartasun jaialdia.
Prentsara bidalitako ohar batean, uztailaren 27 hartan egindako ekitaldi jendetsuan esandakoa gogora ekarri zuten: «Elkartasun eta auzolan erakustaldiaren beharraz jakitun, genuen onena emanda amaitu genuen Hatortxu Rocken zikloa. Eta orain, dena eginda ez dagoela jakitun, etxean ez gelditzea erabaki dugu. Aske jaialdiaren bitartez erantzungo diegu garai eta testuinguru berriak parez pare jarri dizkigun erronkei», ziurtatu zuten.
Hartara, neguan irekiko dute bide berria, musika eta elkartasun jaialdi berri honi eskutik helduta. «Gure jendearen askatasuna aldarrikatzetik gentozela esan genuen. Aurtengo abenduaren 27tik aurrera aske izateko jaio garela esatera igoko gara oholtzara. Herri honen eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzera» nabarmendu zuten.
ATARRABIAN, ABENDUAREN 27AN
Hatortxuren arrastoari segika, Atarrabia izango da Aske jaialdiaren agertokia ere, eta berau «askatasunaren aldarri» bihurtzeko lan egingo dutela esan zuten, «soinu hotsek hedatu dezaten gure deiadarra». Egungo testuinguru soziopolitikoari helduz, «egoerari aurre egiteko unea» dela ohartarazi zuten, «ez baikara haien hitzetan, ikurretan, mapetan, gorputzetan... haien bizitzetan kabitzen! Herri hau herri egiten dugunon artean egingo dugu, auzolanean». Ildo horretatik, «Aske bihurtuko dugu aurrerantzean herri honen elkarrekintzaren ospakizun. Eginez eta ekinez, soinu banda jarriko diogu jendeak Euskal Herriak behar duena egin dezan eta gure herria jendeak behar duena izan dadin. Aske izateko jaioak baikara», esan zuten.
Momentuz ez dute iragarri jaialdi berri honetan parte hartuko duten musika talde edo bestelakoen izenik, baina atzoko oharrean aurreratu zutenez «laster» jakinaraziko dituzte agertokira igoko diren «artisten izenak eta sorpresak».
Horretaz gain, elkartasun jaialdi honetara joan nahi dutenek dagoeneko badutela lehen sarreretariko bat eskuratzeko aukera ere esan zuten: atzotik salgai daude Askeren lehen edizioaren lekuko izateko aukera ematen duten lehen 1.000 sarrerak, eta 25 euroko prezio berezian gainera. Hauek jaialdiko atariaren bidez (https://askejaialdia.eus/) eros daitezke. Azkenik, azaldu zuten webgune horretan bertan eta sare sozialen bidez zabalduko dutela jaialdiaren inguruko informazio guztia.
Nabarmentzekoa da festibal berri hau Hatortxu Rockek bi hamarkadatik gora ereindako bideari segida ematera datorren egitasmoa dela. 30 ediziotan zehar, euskal musikaren eszenako talde emankorra bildu eta preso zein erbesteratuei elkartasuna adierazteko sortu zen festibala, eta aurtengo uztailaren 27an Lakuntzan «merezitako agurra» eman zitzaion. Orotara, 25.000 pertsona batu zituen Hatortxu Rocken azken edizioak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
