Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
UN FANTASMA EN LA BATALLA

Karikatura bihurturiko gatazka

La Infiltrada” filmarekin alderatuz, “Un fantasma en la batalla” filmak itxura zuzenxeagoa du, baina funtsean berdina izaten jarraitzen du: pertsonaia lauak eta arketipikoak, azpi-trama barregarriak eta euskal gatazkaren irudikapen desorekatua.

Susana Abaitua da protagonista. Amaia izeneko guardia zibil batena egiten du, ETA barruan agente ezkutu gisa sartuko dena. Iraia Eliasek, aldiz, ETAko kide bat gorpuzten du: ikastola bateko zuzendaria da, eta bertan erakunderako kide berriak hautatzen ditu -hitzak sobera daude-. Gainerako pertsonaiak “La Infiltrada”-koen “sakontasun” berbera dute: gatazkaren alde batean daudenak lotsagabeak, krudelak, gaiztoak eta matxistak dira, Guardia Zibilak, aldiz, heroiak. Pertsonaiek ez dute apenas ñabardurarik.

Kontraesan moraletan edo oinarri politikoan sakontzeko leihoa itxita, klixeen errepikapenean kateatuta geratzen da narrazioa. Ustez serioak diren elkarrizketek, komedia inboluntarioaren eremura lerratzen dute istorioa.

Bestetik, euskal gatazkara egiten den hurbilketa traketsa eta manikeoa da: kontaketak sinpletu egiten du dentsitate ikaragarriko testuinguru historiko eta soziala, karikaturazko atze-oihal bihurtzeraino.

Tarteka benetako irudiak txertatzen dira, tonuari eta testuinguruari arnasa emateko; ondo funtzionatzen duten arren, interesgarritzat jotakoa baino ez da erakusten. «Intxaurrondoko torturak aipatzen dira», esango dute batzuek. Aipatu, bai, baina filmak irauten duen 105 minutuan esaldi bakarra eskaintzen zaio gaiari, anekdota huts baten modura.

“Un fantasma en la batalla” zinema serioz janzten da, baina geruza formal horren azpian betiko istorio hutsal eta erridikulua aurkitzen da.