@mtxintxurreta

36ko gerraren memoria orokor eta pertsonala, bi erakusketatan jasota

Zarauzko Photomuseumek eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak (KMK) erakusketa bana jaso dute 36ko gerraren inguruan, gudaren amaieraren 80. urteurrena dela eta. Datorren astelehenean, GARAn, erakusketoi buruzko erreportajea izango da irakurgai.

Nicolasa Ugartemendia eta bere bi iloba, errefuxiatu gipuzkoarrak, Hendaiako hondartzan (PHOTOMUSEUM)
Nicolasa Ugartemendia eta bere bi iloba, errefuxiatu gipuzkoarrak, Hendaiako hondartzan (PHOTOMUSEUM)

Zarauzko Photomuseumeko “Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren” erakusketak ibilbide kronologiko bat proposatzen dio bisitariari, gudaren gertakari orokorren eta erbestearen kalbarioaren azalpen laburrak jasota. Josu Chueca, EHUko historia garaikideko irakasleak eta Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko historialariak komisariatu dute erakusketa, Gogora Institutuak bultzatuta.

Baina argazkiak dira erakusketaren muina; txuri-beltzak, orain 80 urteko garai hura bezala. Kasurako, ikusi daitezke orduko euskal Gobernuak erbesteratu zirenentzat ireki zituen lehen aterpetxeak, Lurbe-Saint-Christaukoa esaterako; 39az geroztik Kataluniatik Estatu frantseserako muga zeharkatu eta Gurs-eko kanpamenduan amaitu zuten milaka euskaldunak lanean; ikusi daiteke, baita ere, Agirre Lehendakariak garaiko Gobernuko kideekin New York-en egin zuen bileraren irudia edo behin betiko erbesteratu ziren euskaldunen irudi eta izen-abizenak.

Hori guztia ikus dezake bisitariak eta atzetik, gerrako haur izan ziren euskaldun erbesteratuek bizitakoak entzutera eseri, Gogora Institutuak jasotako testigantzez osatutako dokumentalari adi.

Erakusketa azaroaren 24ra arte egongo da ikusgai Photomuseumen.

Milaka istorio, banan-banan kontatuta

Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak sortutako “Gerra Zibila Gipuzkoan; erresistentzia eta duintasuna” erakusketak gerra esplikatzen du, «eskoletan-eta kontatzen ez duten» errelato baten bitartez, Azurkik esan bezala.

KMKeko erakusketan pertsonek hartzen dute pisua gudaren gertakari historikoek bainoago –nahiz eta hauek ere azaltzen diren–; pertsonek, eta izenek. Urte eta erdiko ikerketa lanaren ostean, gerran parte hartu zuten 12.000 gipuzkoarren zerrenda bat osatzea lortu dute Arroyo eta Azurkik, eta erakusketako panel batean haien guztien izenak jarri dituzte.

Gerra oroitarazten duten objektuak, istorioak, «famatuak ez diren» argazkiak, testigantzak eta beste agertzen dira erakusketaren ibilbide osoan; baita memoriaren manipulazioari kritika bat ere, eta errelato osatu eta partekatu bat ontzeko grina.

Horrez gain, memoriaren bidaia hau parte hartzailea izateko prestatuta dago, hala, eztabaidarako taldeak osatzen hasiko dira, hilabeteko azken ostiral eta larunbatetan –abenduaren 28ra bitarte egongo da erakusketa–, soil-soilik azaleratzeko urte haietan gordeta geratu ziren kontakizun indibidualak.