Maddi TXINTXURRETA

Kikara bete txokolate Lesboseko haur errefuxiatuen hezkuntzaren alde

Kikarak salgai jarri dituzte gaur Elkar dendatan, eta argazkiak, testuak eta errezetak jasoko dituen liburua ekoiztuko dute. Lortzen duten dirua Lesboseko Moria kanpalekuan dauden Pikpa eta Refugees 4 Refugees elkarteetara bidaliko dute, horien bitartez haur errefuxiatuen bizi baldintzak duintzea eta haien hezkuntza bermatzea helburu.

Gaizka Izagirre, Galder Izagirre eta Oraitz Garcia, kikarak eskuetan (Jon URBE/FOKU)
Gaizka Izagirre, Galder Izagirre eta Oraitz Garcia, kikarak eskuetan (Jon URBE/FOKU)

Kikarakada egitasmoa aurkeztu dute gaur Galder Izagirre Diapositivisme Studioko argazkilariak, Gaizka Izagirre GAZTEZULOko kazetariak eta Oraitz Garcia Zaporeak elkarteko kideak, Donostiako Basque Culinary Centerren.

Proiektu honen helburua Greziako Lesbos uhartean dauden haur errefuxiatuen hezkuntzan laguntzea da eta horretarako, «euskal kulturaren hiru zutabe diren elkartasunak, sukaldaritzak eta arteak » probestuko dituzte. Hasteko, kikara laranjak salgai jarri dituzte Elkar dendatatan gaurtik aurrera eta Kikarakada izeneko liburua ekoizteko bidean dira.

Txokolatea aitzaki

Galder Izagirre argazkilariari otu zitzaion ideia, Euskal Herriko haurrekin txokolatada bat antolatu zuenean. Argazkiak egin zizkien haurrei, bere ustez, «zoriontasunaren» sinboloa ere badelako haur batek txokolatea hartzea. Egitasmoa Lesbosera eramatea otu zitzaion Gaizka Izagirre eta Oraitz Garciari proiektua aurkeztu zienean, uste zuelako «ez zela haurrik egon behar munduan txokolate kikarakadarik gabe».

Hala, Lesboseko Moria kanpalekura joan ziren eta bertako haurrekin txokolatada bat antolatu zuten. Egun horretan, Galder Izagirrek argazkiak egin zizkien umeei, txokolatea hartzen ari zirela.

Proiektuaren lehen pausua, beraz, kikarak saltzea izango da, kikara laranjak, «salbamendu txalekoen» modukoak. Atzetik, Kikarakada izeneko liburua sortuko dute. Liburuak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako artisten testuak, tartean Harkaitz Cano, Miren Amuriza eta Pedro Subijanarenak; Galder Izagirrek Euskal Herriko eta Lesboseko haurrei egindako argazkiak eta txokolate kikara «bereziak» prestatzeko errezetak jasoko ditu.

Iragarri dute Durangoko azokan estreinatuko dutela liburua.

0 Kikarakada

Kikara erosteaz harago proiektua diruz lagundu nahi dutenentzat, "0 Kikarakada" egitasmoaren baitan, kontu korronte bat ireki dute kikarakada.eus webgunean, eta enpresa, erakunde eta norbanakoei dei egin diete egitasmoa lagundu dezaten.

Azaldu dutenez, Lesbosera ahalik eta diru gehien bidaltzeko proiektuak sortutako gastuei aurre egin behar diete lehenengo. 10.000 eurotan jarri dute erronka, eta erdia lortu dute jada. Erronka beteta, lortutako irabazi guztiak Lesbosera bideratuko dituzte.

Lesboseko egoera

Lesbosera bisita egin zutenean, bi proiektu interesgarri ezagutu zituzten. Batetik, Pikpak, errefuxiatu zaurgarrienei –100 inguru artatzeko gai da– aterpe ematen dion elkartea, eta haur errefuxiatuekin hezkuntza proiektuak lantzen dituena. Bestetik, Refugees 4 Refugees, Moira kanpalekuaren ondoko olibondo zelaian haurrentzako gune seguru bat eraiki zuen elkartea, baina errefuxiatuen iritsieraren igoera dela eta, kanping dendak okupatu dute ingurua. Beste bat sortzeko asmotan dira.

Izan ere, 14.000 pertsona bizi dira egun Moiran, eta Oraitz Garciak jakinarazi duenez, urrian 23.000 errefuxiatu saiatu ziren Turkiatik Greziara mugitzen, horietako 7.000k lortu zuen Greziara iristea, eta 15.000 Turkiako Poliziak harrapatu zituen. Turkiako Gobernuak, gainera, iragarri du mugak irekiko dituela, eta hala eginez gero, errefuxiatuen iritsierak nabarmen igoko lirateke.

Egoera «larri» horren aurrean haurren segurtasun eta hezkuntza bermatzeko asmoz, beraz, aipatu bi erakundeetara bideratuko ditu Kikarakadak proiektuak lortutako dirua.