Gaur8

Enplegua eta egoera ekonomikoa dira bizkaitarren ardura nagusiak, Aldundiaren ikerketaren arabera

Enplegua eta egoera ekonomikoa dira, oraindik ere, bizkaitarren ardura nagusiak. Edonola ere, orokorrean, Bizkaiko herritarrak baikor daude etorkizunarekin, eta gehienek uste dute 2020. urtea amaitzear dagoenaren antzekoa izango dela.

Marisol RAMIREZ/FOKU
Marisol RAMIREZ/FOKU

Herritarrek egoera ekonomiko, sozial eta politikoari eta bizi-ohitura eta kontsumoari buruz duten iritzia jakiteko Bizkaiko Aldundiak urtero egiten duen Neurbi azterlanaren ondorioetako batzuk dira horiek, foru erakundeak jakinarazi duenez.

Horrela, Bizkaiko Aldundiaren arabera, azterlanean ondorioztatu da «gizarte optimista baina ez baina konformista dugula». Ildo horretan, inkestari erantzun diotenen %88k uste du Bizkaian nahiko ondo edo oso ondo bizi dela, eta batez besteko balorazioa 10etik 7,8 da. «Asetasun-maila altua da hori, nahiz eta gure lurraldean erronka ugari ere badagoen», adierazi du.

Halaber, inkestari erantzun diotenen ustez, Bizkaiko Aldundiak lehentasuna eman beharko lieke langabeziari, lan prekarietateari eta gizarte babesari, eta bere jarduketaren ardatz gisa hartu. Zehazki, %53k uste du langabeziari eman beharko litzaiokeela lehentasuna, eta %24k gizarte babesari eta ongizatea gehitu eta pobrezia murrizteko laguntza eta neurriei. Lehenetsi beharreko gainerako jarduketa arloak honako hauek dira: ekonomia (%15), segurtasuna (%12), herritarren beharrizanei erantzutea (%11) eta gazteak (%10).

Ekonomia eta enplegua aipatu dituzte herritarrek ardura nagusi gisa, beren bizitzan eraginik handiena duten arloak baitira. Hala ere, orokorrean, bizkaitarrak «optimista baina zuhur» agertu dira.

Bizkaian egun dagoen egoera ekonomikoari 6,6 puntu eman dizkiote 10etik, eta enpleguari 5,9. Ekonomiari dagokionez, bizkaitarren %59ren balorazioa oso edo nahiko positiboa da, eta %6k uste du egoera ekonomikoa negatiboa dela. Datorren urterako duten itxaropen ekonomikoaz galdetzean, inkesta egin zaienen %47k uste du 2020an ekonomia berdin mantenduko dela, %29k okerrera egingo duela, eta %24k hobea izango dela.

Bizkaiko egoera politikoaren balorazioa positiboa da %57rentzat, %36k hala moduzko pertzepzioa du, eta %6k txarra edo oso txarra. Kopuru hori ez da ia aldatzen EAEko egoera politikoari buruz erantzuterakoan, %59ren ustez positiboa baita, baina, Estatuko espainiarreko politikaz galdetzerakoan, iritzi negatiboak dira nagusi: %40ren ustez egoera txarra da, %31ren ustez hala moduzkoa, eta %27rentzat oso txarra.

Etorkizuna

Bestalde, Bizkaiko herritarren %58 baikor agertu dira etorkizunaren aurrean, eta %72k uste du etorkizuna egiteko gai garenaren mende dagoela; azkenik, %10ek beldurra du etorkizunaren aurrean, ezin baita aurreikusi.

Etorkizun hurbileko joeren artean, datozen bost urteetan, bizkaitarrek uste dute arreta handiagoa jarriko dutela birziklatzean eta ingurumenean, eta denbora gehiago eskainiko dietela aisiari, familiari eta familiako eta inguruko adinekoen zaintzari. Bizi ohituretan, etorkizuneko joeren artean jaso dira osasuna zaintzea eta joan-etorrietan garraio publikoa edo bizikleta gehiago erabiltzea.

Kontsumoaren arloan, %37k erantzun dute bost urte barru denbora gehiago emango dutela etxetik hurbil dituzten saltoki edo establezimenduetan erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen, eta %35ek uste du batez ere Internet bidez egingo dutela.