GAUR8

Hamar jarduketa arkeologiko finantzatzen lagunduko du Arabako Foru Aldundiak

Arabako Diputazioak hainbat esku hartze arkeologiko finantzatuko ditu. Hamar proiektu dira herrialdeko udalerri ezberdinetan eta horien artean, Foru Aldundiak sustatutakoez gain, arkeologoen edo beste erakunde batzuen ekimeneko jarduketak ere badaude.

Arkeologia lanak Iruña Veleian, irudian.
Arkeologia lanak Iruña Veleian, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak jakitera eman duenez, hamar jarduketa arkeologikotan ari da lanean, proiektuak finantzatzen laguntzeko.

Horietako hiru Diputazioak berak sustatu eta finantzatzen ditu. Beste zazpiak arkeologoek edota beste erakunde batzuek bultzatutakoak dira eta osorik edo zati batean finantzatzen ditu, zehaztu duenez.

Kuartangoko trikuharrien gunea eta Arkaiako termetako aztarnategi ekologikoa dira finantzatutako proiektuetako bi. Horietan, 60.5559 eta 26.281 euro inbertituko ditu Aldundiak, hurrenez hurren. 

1936ko gerrako gotorlekuak

1936ko gerrako gotorlekuen inbentarioa da laguntzen beste helburuetako bat. Horrela, 6.048 euro inbertituko ditu Aldundiak, Urkabustaiz, Legutio, Zuia eta Zigoitiako proiektuetan.

Arkeologoek edo beste erakunde batzuek sustatutako beste esku hartze batzuk finantzatuko ditu «guztiz edo partzialki». Multzo horretan daude, besteak beste, Toberako Los Cascajos-eko zundaketa arkeologikoak, ikusizko prospekzioa eta zundaketa arkeologikoak Entziako Partzuergoan eta zundaketa arkeologikoa eta ikusizko prospekzioa Lezeko iturrian eta Araia-Burunda ibaian, Asparrenean, Donemiliagan eta Zalduondon.

Murabeko San Juanen Murua eta Manurgan (Zigoitia) indusketa arkeologikoak egiteko proiektuak ere plangintzan aurreikusita daude, baita Gaubean, Gineako pagadiko kobazuloan egin beharreko zundaketa arkeologikoak eta prospekzio geofisikoa.

Aipatutako hamar proiektuez gain, Iruña Veleiarako aurreikusitako inbertsioa dago.