GAUR8
Gaur X urte

1976ko martxoaren 27an ‘24 orduak euskaraz’ ekimena egin zen Donostiako Belodromoan

Gaur duela 28 urte, 1976ko martxoaren 27an, Donostiako Belodromoak ‘24 orduak euskaraz’ izeneko ekimena hartu zuen. Donostiako, Iruñeko eta Bilboko Herri Irratiek egun osoko euskarazko irratsaioa egin zuten.

Anoetako belodromoan egin zuten 1976an ‘24 orduak euskaraz’ ekimena.
Anoetako belodromoan egin zuten 1976an ‘24 orduak euskaraz’ ekimena. (Unai MUÑOZ | Wikimedia Commons)

Gaurko egunez, 1976ko martxoaren 27an, ‘24 orduak euskaraz’ izeneko ekimena egin zuten zenbait irratik Donostiako Anoetako Belodromoan, non 24 orduko euskarazko irratsaio bat eskaini zuten. Parte-hartzaile guztiek euskaraz hitz egin zuten, Julio Caro Barojak eta Jorge Oteizak izan ezik.

Ekimenaren atzean Jose Mari Iriondo, Jose Mari Otermin, Jose Ramon Beloki, Karmelo Otaegi, Txaro Arteaga, Iñaki Zubizarreta eta Nikolas Aldai egon ziren, beste batzuen artean. Egin ahal izateko Gobernu espainolak argitaratutako ‘Hizkuntza Regionalen Dekretua’ zelakoan oinarritu ziren. Eliza katolikoaren babesarekin, Donostiako, Iruñeko eta Bilboko Herri Irratiek egin zuten ekimena.

Euskalduntzeari eta alfabetatzeari, poesiari, folkloreari, komunikabideei, ekonomiari, Aranzadi eta ikerketari, margolariei, eskulturagileei, liburuen argitaletxeei, antzerkiei, nobela eta saiakerei, bertsolariei, kantariei eta diskoetxeei buruz aritu ziren, besteak beste, egindako hamahiru mahai-inguru desberdinetan.

Musikarako tarterik ere egon zen. Jean Mixel Bedaxagar, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Mikel Laboa, Gorka Knörr, Hibai Rekondo, Gontzal Mendibil, Lupe, Artze anaiak, Iturengo Ttuntturroak, Oskarbi, Baztango mutildantza, Laja-Iturbide eta Sakabi-Egañazpi musikariek kontzertua eskaini zuten. 13.000 pertsona bildu zituen ekimenak.