GAUR8

‘Zer da aisialdia?’, Filosofia Olinpiadak Bilbon plazaratuko duen gaia

‘Zer da aisialdia?’ galderari erantzun behar diote Bilbon asteburuan jokatuko den Filosofia Olinpiadako parte hartzaileek. Deustuko Unibertsitatean abiatuko da ostiralean, eta lau modalitate ditu: argazkia, bideoa, dilema morala eta disertazioa.

Filosofia Olinpiadaren programazioaren barruan, ibilbide kulturala egingo dute Bilbon.
Filosofia Olinpiadaren programazioaren barruan, ibilbide kulturala egingo dute Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbon, Filosofia Olinpiada ospatuko dute aste honetan, ostiralean eta larunbatean (hilak 19an eta 20an). ‘Zer da aisialdia?’ da hitzordurako jarritako gaia eta lau modalitate izango ditu: argazkia, bideoa, dilema morala eta disertazioa.

Estatu mailako ekimena da olinpiada, Espainako Filosofia Sareak antolatuta, eta hainbat erakunderen babesa duena, tartean Lakuako Gobernuarena edota Bilboko Udalarena.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago. Ostiral eta larunbateko probetan parte hartuko duten ikasleek beren autonomia erkidegoan lehen postuan sailkatu diren parte hartzaileak dira.

Olinpiada 14.30ean hasiko da Deustuko Unibertsitatean, eta handik bisita egingo da Guggenheim Museora, 17.00etatik 19.00etara.

Larunbatean, lan saridunen defentsak Bilborock-en izango dira. Kasu honetan, edukiera mugatua izango du espazioak. Sari banaketa 12.30ean hasiko da, Maitane Nerekan Umaran Agora Filosofia Elkarteko kidearen eskutik, eta jarraian, Bilboko Alde Zaharra ezagutzeko bisita eta ibilbide kulturala egingo dituzte.

Programazioa 18.00etan berreskuratuko dute ikuskizun eta elkarrizketa filosofiko batekin La Perreran, eta afaria egingo dute aterpetxean.

Lanak aztertuko dituen epaimahaia Concha Roldan Panadero IFS-CSIC eta estatuko Filosofia Sareko presidenteak, Agustin Arrieta Urtizberea EHUko Filosofia irakasleak eta Maria Cristina de la Cruz Ayuso Deustuko Unibertsitateko irakasleak osatzen dute.