Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
ZAHARTZARO FEMINISTA

Ondarroako andreek zahartzaro feministaren alde egiten dute boga

Zahartzaro aktiboa, politikoa, lagunartekoa eta feminista irudikatzea ez da errazena izaten, baina bada nora begiratu, Ondarroako Boga Boga elkarteko andreengana esaterako. 30 urte daramatzate formakuntza, aisia eta protesta kolektiboki bizitzen, eta dokumental batean jaso berri dute: «Zahartzaro feministarantz, Boga Boga».

Miren Itziar Gallastegi Zubikarai, Arantzazu Arrasate Arrizabalaga eta Agurtzane Iriondo Lejardi, Ondarroako Etxelilan.
Miren Itziar Gallastegi Zubikarai, Arantzazu Arrasate Arrizabalaga eta Agurtzane Iriondo Lejardi, Ondarroako Etxelilan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ondarroako emakumeen kastak badu sona, baina ez da itsasoak edo haizeak sortutako kasta bakarrik, antolatuz eta ekinez egiten diote aurre bizitza duinagoak izateko bideari. Horren adibide dira Boga Boga elkarteko andreak, zahartzaro feminista bat bizitzeko grinarekin daramatzate borrokan 30 urte, ikasten eta gozatzen. Eta elkarteak hiru hamarkada bete dituen honetan, dokumental bat ere egin diete aitortza moduan eskualdeko neska gazteek ondarroarrei: “Zahartzaro feministarantz Boga Boga”. Elkartearen eta bertako kideen ibilbidea jasotzen du ikus-entzunezkoak, aldarri sendo eta algaraz jositako anekdotak tartekatuz.

Etxelilan elkartu ohi dira beraiek, eta GAUR8k ere bertan egin du hitzordua; harro erakutsi digute beraien etxea, barrualdea lorez beteta dago, eta morez margotuta, «ederra dago, e!» esan eta liburutegiko mahaiaren bueltan eseri gara Arantzazu Arrasate Arrizabalaga, Miren Itziar Gallastegi Zubikarai eta Agurtzane Iriondo Lejardi alde batetik, Boga Boga elkarteko kideak. Eta beraien ondoan, kamera aurrera eraman dituzten Mijo Lizarzaburu eta Udane Barinagarrementeria dokumentaleko zuzendariak.

Iriondo da elkartean denbora gehien daramana, Etxelila eraikitzen eta Boga Boga zabaltzen ikusi duen begi parea, argi-itzalekin ikusi ere: «Udaletxean sortu zen halako min bizi bat esaten zuena emakumeek etxe bat behar genuela. Orain gauden hau, orduan, Etxe Zuri zen, eskolaurreko eraikin bat, eta hemen egin zuten Etxelila. Hizkuntza aldatu genuen, erdaratik euskara pasa ginen, eta gaztelaniaz egiten zuten pertsona asko kanpoan geratu ziren… Gustatuko litzaidake jakitea zer ez dugun ondo egin, non sartu dugun hanka, ateratzeko. Lehen andre kuadrilla handi bat zen, zergatik jaitsi gara 15era?». Pozez bizi du egungo Etxelila, baita martxan dituzten proiektuak ere, baina etengabeko autokritika eta anbizioa dira bere ezaugarri.

Joan-etorriekin ibili da Arrasate Boga Boga elkartean, batez ere zaintza lanei lotuta egon behar izan duelako urte askoan, baina azken urteetan berriro ere gertutik egin du bidea: «Orain sei urte senarra hil zen eta nik ez dakit nondik irteten zaidan indarra, baina hemen nago berriz».

Duela bi urte hasi zen parte hartzen Gallastegi. Ondoan eserita duen Iriondo aurrez ezagutzen zuen, eta berak animatuta, «ikasteko gogoarekin» hurbildu zen kideengana.

Oso bide ezberdinetatik jakin zuten Boga Bogaren berri Barinagarrementeriak eta Lizarzaburuk. Graduko praktikak Etxelilan orduko dinamizatzaile zenarekin egin zituen lehenak: «Elkartearekin flipatu egin nuen, eta maitemindu egin nintzen. Oso harrituta geratu nintzen adin horretako andreak ikustean Silvia Federiciren inguruko eztabaidetan, Judith Butlerren ideien inguruko eztabaidetan… Denera animatzen ziren, zelako giro ona zuten beraien artean! Balio handia du elkarte honek». Ostean, dinamizatzaile modura urtebete egin zuen eta «intimitateko elkarrizketara sarbide bat izan nuen, eta horrek ere balio handia du», aitortzen du miresmenez.

Lizarzaburuk orriotan lehenago kontatu zuen nola ezagutu zuen taldea, baina mahaiaren bueltan entzutea, eta andreei zuzenean hitz egiteak berriro emozionatzen du. Feminismo materialistaren inguruan hitzaldi bat emateko deitu zioten, eta, funtzionatu ote zezakeen zalantzarekin, baietz esan zuen: «Konturatu nintzen zeintzuk ziren nire aurreiritziak adineko emakumeekiko; azaldutakoa ez ulertzeko beldur nintzen. Eta flipatu egin nuen dena ulertu zenutenean; are, egiten ari ginen teorizazioei zentzu asko topatzen genizkien. Bertan postulatzen dena da emakumeek bizirik irauteko lana doan egin behar dutela zaintza eta afektu forman. Eta horregatik gizonek baino askoz eskubide gutxiago dituztela, ez delako ordaintzen, ez duelako ordutegi mugarik… Eta zuek hori dena partekatzen egotea eta esatea: ‘bai bai, halaxe izan da bizi guztian’».

30 URTEKO BIDEA

1995ean sortu zen Boga Boga Elkartearen hazia; formakuntzarekin abiatu ziren, baina 30 urtean hamaika ekintza eta ideia loratu dituzte. Hasieran joskintzari eta sukaldeari lotutako tailerrak egiten zituzten, hor oraindik “Promoción de la Mujer” izena zuen elkarteak, eta Boga Boga bihurtzearekin bat igaro ziren Federiciren ideien inguruan eztabaidatzera. Kale izendegia aldatzeko proposamena ere ondu zuten, Bilboko zein inguruko herrietako festetara joaten dira, oporretan Sahararaino ere iritsi dira. Beraien buruari begiratzen eta harremanak, kasu honetan laguntasun harremanak, baloratzen ikasi dutela kontatzen dute.

Bi gazteenen elkarrizketa informal batean baino gehiagotan atera izan da Boga Bogako andreekin eta andreentzat zerbait egitea. Azkenean, aitortza egin nahiaren txinpartak kamerak hartzera bultzatu zituen, eta ikus-entzunezko pieza bat sortu dute.

Mijo Lizarzaburu eta Udane Barinagarrementeria dokumentaleko zuzendariak. (Gorka RUBIO / FOKU)

«Elkartea sortu zenutenetik 30 urte igarota ziren jada, eta ikusten genuen herri mailan zelako balioa duen egiten duzuenak, kolektiboki eta komunitarioki ere bai, eta hori ez zegoela inon jasota», hitz egiten die emakumeei zuzenean Barinagarrementeriak. «Herrian aitortza publiko bat izateko ere bada», erantzun dio Lizarzaburuk. Izan ere, bere ustez «Boga Bogaren folklorizazioa» eman da askotan: «Eragile feministen inguruan galdetuta, ‘Boga Bogako andra majik’ esaten dute askok, eta bai, oso jatorrak dira, baina politikoki ere jende esanguratsua da, eta horren aitortza egin nahi dugu».

Ea dokumentalean parte hartuko luketen galdetuta, «bai, zergatik ez?» izan zen taldekideen erantzuna, baina ondorenera beldurrak sartu zitzaizkiela aitortzen dute: «Dena gaindituta genuela uste genuen eta pantailaren aurrean ikusteak ezetz erakutsi zigun. Guk hemen lasai egiten dugu berba, baina hor ikusi genuenean, a zer erridikulua!». Baina sentimendu horietatik ere zer ikasia atera dutela kontatzen dute.

IKASTEKO GOGOTSU

Zazpi hamarkadetako ikaspenak daramatzate azalean, eta hala ere ikasteko grina bizi baino biziago dute. Gainera, elkarrekin sortu duten espazio seguruan aske sentitzen dira, eta halaxe aitortzen dute, «hemen esaten diren gauza denak ezin dira kalean esan, baina hemen badugu askatasun hori, errespetuz aritzen gara».

«Orain gaztetan baino libreago sentitzen naiz», aitortzen du Iriondok dokumentalean, eta azaltzen dute nola berreskuratu duten askatasuna. Lehendabizi aitak esandakoari men egin behar zioten, gero senarrak esandakoari, «eta orain, nik nahi dudana!» botatzen dute irri artean.

Ezetz esaten ikasi dutela kontatu dute eta «lotsa» ere askatu dutela: «Txarto egindako gauzekin lotsatzen gara, baina ongi egindakoekin ez. Inori ez badiogu kalterik egiten ez dugu lotsarik, lotsa hori galdu dugu eta galdu egin behar da!». Jakin-minak dir-dir egiten die begietan, bizitza osoan euskaraz hitz egin badute ere, orain ikasten ari direla kontatzen dute, eta ondotik zehaztu dute AEK-n ikas lerro propioa sortu zutela Boga Bogako emakumeentzat. «Gogoratzen zara sexologoa ekarriko zenuela esan zenuenean?», luzatu dio galdera Iriondok Barinagarrementeriari, eta irri txikiarekin jarraitu du: «‘Gu amamak gara eta ze sexu…’ esaten genuen, baina oso pozik geratu ginen, isilik genituen dudak eta lotsak atera genituen eta esan: ‘gu inozenteak izateko ez gara jaio, e!’. Gure buruak kaiolan sartzen ari ginen, indarra genuen kaiolatik ateratzeko baina ez genekien nola; Udanek saguen tranpa ireki zuen eta gauza asko eta asko atera ziren, kuriositate handia dugu».

Agian, azken urteetatik atera duten ikasgairik eraginkorrena protesta egiten ikastea izan dela onartzen dute. «Formazio asko, baina protestatzen ere erakutsi digute», diote erdi harrotuta: «Lotsa galdu eta behar den lekuetara joaten erakutsi digute, udaletxera, aldundira… lehen ez genuen egingo, baina beldurra eta nagikeria kendu digute».

Ausartu gara ea protesta egiten dutenean zer erantzun jasotzen duten galdetzera. «Batzuetan esaten dute: ‘amama hauek, zer eskatzera datoz?’. Baina beste batzuek oso ondo entzuten gaituzte, hori bai, entzun bakarrik. Orain ikasi behar duguna da behar den moduan idazten lekuetara, foro sozial horietan sartu behar dugu, horren ikastaroa behar dugu…». Beti ikasteko gogoz.

PROTESTAK ETA ALDARRIAK

Anekdoten artean aldarri eta salaketak ia nahigabean mahai gaineratzen dira. Garraio publikoarena da horietako bat: «Guk garraio publikoari garrantzi handia ematen diogu; auto batean ez gara guztiok sartzen, eta ez dugu inor etxean utzi nahi. Gaualdeko hamabietan autobusa balego joango ginen operara, edo Donostiako Musika Hamabostaldira. Gainera, lehen pentsio gehiago zeuden lotan geratzeko ere, lo ‘ekonomikoki’ egiteko, baina orain pentsio horiek luxuzko hotel bihurtu dira; 50 euro barik ezin duzu lo egin Bilbon, edo hogei gazterekin partekatu behar duzu gela, eta gu ez gaude horretarako». Ekonomiari ere begiratu behar diotela azaltzen dute, izan ere, nahiago dute hamar lekutara joan bitara bakarrik joan baino, baina guztiak du kostu bat.

«Guk garraio publikoa behar dugu, Bizkaiko beste puntan bizi gara eta Bizkaibus bakarra daukagu. Ordu erdian behin pasatzen delako eskerrak eman behar ditugu, ez dago gaizki, baina hobetu egin behar da. Egon daitezela autobusak maizago eta gehiago», egin dute aldarri.

Protestarako edota laguntza eskatzeko gaur egun «makinekin» borrokatu beharra dagoelako ere kexatzen dira. Argi diote ikasteko prest daudela, baina nabarmendu dute instituzioen partetik formakuntzarik ez dutela jasotzen eta geroz eta lan zailagoa dela ingurune digitalarekin borrokatzea. Halaxe kontatzen du dinamizatzaileak: «Gogoratzen naiz ni hasi nintzenean udaletxeko dirulaguntza ez zela iristen, eta kezkatuta zeundeten. Gainera, zuek elkarte moduan dirulaguntzak eskatzeko duzuen alfabetatze digitala duzuena da; gure belaunaldiko jendearentzat oso zaila baldin bada, zer esan zuen adinean… Posta elektronikoa behar da, sinadura elektronikoa behar da. Arrakala handia dago laguntzak eskatzeko duzuen sarbidean; jada ez da laguntzak badauden edo ez, baizik eta nork eska ditzakeen, nork ulertzen duen nola egin behar den. Urte dexente daramazue horrekin borrokan». Baiezkoa egin dute andreek buruarekin eta segidan bota: «Ahalduntzea sartu diguzue buruan eta orain atzera ez dugu egin nahi».

Boga Boga elkarteko kide batzuk. (Gorka RUBIO / FOKU)

Kultura da Boga Bogaren beste zutabeetako bat: zinea, antzerkia, musika, literatura, kantua… Guztiak ukitzen dituzte, eta elkartea «kulturarekin guztiz lotuta» ulertzen dutela aitortzen dute: «Lehen agian etxean geratuko ginen irakurtzen edo telebista ikusten, baina hortxe duzu kultura, eta batzen garenoi ere gustatzen zaigu, aukera bat da eta gogoa ematen dizu». Badute kulturari lotutako urteroko zita bat: Aulestin egiten diren antzerki topaketak. Bakoitzak bere aulkia eta guzti eramaten du eta aste osoa pasatzen dute bertan, «ia bertakoak baino gehiago egoten gara!».

Barrinagarrementeriak egungo garaira egokitzeko kultur hartze handia egin dutela azaltzen du, bizipenak denboran zehar antzekoak izan arren, kontzeptualizazioa asko aldatu baita, eta hori ere ikasi nahi andre ondarroarrek: «Zaintza greba lantzen hasi ginenean, esaten zenuten: ‘interdependentzia eta domeketako berba horiek guk ez dakizkigu’. Eta ariketa bat egin genuen hori lantzeko, eta amaieran esaten zenidaten: ‘badakigu zer den hau, ez genekiena zen izen hori zuenik’. Eta landu genuen zuen inguruko jendeari hori nola kontatu; batzuetan hizkuntza bada salto bat, baina beti dakizue zertaz ari garen. Gainera, ahalegina egiten duzue erabiltzeko eta integratzeko zuena ez den terminologia, eta hor kultura hartze lan handia dago; 70 urterekin kultura hartze horretan jarraitu nahi izatea izugarria da».

ETORKIZUNEKO KIDEAK

Gazteenek argi dute zahartzean Boga Boga elkartean egon nahi dutela, baina helduek gazteenen etorkizuna ilun xamar ikusten dute: «Gure lobek ez dute guk edukitako zorterik izango. Guk gazte-gaztetatik zortea izan genuen, urte askoan ongi ordaindutako eta kotizatutako lanak izan dira, gure gazteek ez dute zorte hori, karrera handiak, ongi prestatutako umeak eta 800 euro kobratzen. Ez dute gure jubilaziorik izango».

Beraien bizitza errazagoa izan dela esaten digute gazteenoi begira, parekoek ezetz esaten dieten arren. Horrela mintzatzen zaie Lizarzaburu: «Gu garai neoliberaletan gaude, gauzak itsusi ari dira jartzen, baina aurrerapen feminista asko egin ditugu, eta egin dituzue. Zuek egin dituzuen aurrerapen asko disfrutatu ditugu guk, eta alde horretatik oso ezberdina da». Hala ere, bat agertu dira boterea nork duen eztabaidatzean, Boga Bogakoek egin dute ohartarazpena: «Lehen lanean gizonek agintzen zuten, agintzeko moduak eskasak ziren, errespetua Ibarrangelun zegoen, aparte-apartean, eta hori ez da aldatu. Gaur berdina da, zibilizatuago agian, ez dira hain zakarrak, baina lehen beste agintzen dute».

Amets bat dute gazteenek, beraiek 70 urte dituztenean Etxelilara joatea eta Boga Bogan parte hartzea: «Guretzat eredu bat izan da, eta gazteoi ere balio izan digu perspektiba aldatzeko subjektu feministarekiko, eta subjektua zabaltzeko. Niri ilusioa egingo lidake egitura hau heredatzeak». Etorkizuna irudikatzeko beste aukera bat eman diela elkarte hau ezagutzeak aitortzen du Barrinagarrementeriak, «zahartzaroa feminismotik irudikatzeko aukera ematen digu, aukera materiala gainera. Gaur egun dagoena erreala da».

ELKARREKIN NOR IZAN

Nor izateko espazio aproposa izan daiteke Boga Boga Lizarzabururentzat: «Kontuan hartuta bizitza eta afektuak asko antolatu direla familiaren arabera, guretzako eta feminismoarentzako pentsatzen dugu oso garrantzitsua dela familia horretatik kanpo laguntasun egiturak eta komunitateak sortzea. Familia, zoritxarrez, emakumeen esplotaziorako eremua da; maitasun asko jasotzen duzu, gauza asko eduki ditzakezu bertan, baina familian lan asko doan egin behar duzu, aitortza oso gutxigatik. Eta Boga Boga da leku bat ez zarena ama, alaba edo ahizpa, hemen zeu zara, eta horretarako andreak familiatik kanpo egon behar dira».

Ondarroako andreek maitasunez hitz egiten dute familiaz, baina maitasun eta miresmenez lagunez, sortu duten komunitateaz, norbanakoan zein kolektiboan egin dituzten aurrera urratsekin harro daude, zahartzaro feminista bat posible dela erakutsi diete beren buruei eta herri guztiari.

Havemus vinus omen da beraien erritua. Dokumentalean horrela azaltzen dute, kantuan eta topa eginez ospatzen dituzte desikasitakoak eta ikasitakoak, eta urte luzez topa egiten jarraitu nahi dute, beraiengatik eta jarraian datozenengatik. Ateak zabalik dituzte inguruko andre guztientzat.