«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
Harri jasotzen oso denbora gutxi daraman arren, sekulako markak lortu ditu Estefi Etxebestek 2025ean. Goi mailako kirolaren exijentzia eta oihartzuna kolpetik ezagutzea egokitu zaio.

Urte oparoa izan da amaitzear den hau Estefania Etxebeste harri jasotzailearentzat. Harriarekin lehen proba egin zuenetik bi urte eskasera, gorengo mailan egonkortu da iturendarra eta marka benetan aipagarriak lortu ditu 2025ean.
Zeresan gehien eman duena abuztuan Sunbillan, Ramon Latasa Sariaren testuinguruan, lortutakoa izan da. 100 kiloko zilindroari 59 altxaldi eman zizkion 10 minutuan, 5 minutuko bi kintzetan, Idoia Etxeberriaren 2014ko marka hiru altxalditan hobetuz. Aurrez, minutu batean 15 altxaldi eman zizkion 100 kiloko kopari Aizarnazabalen.
Gainera, Sunbillan bere amari egindako eskaintza hunkigarriak ere piztu zuen komunikabideen arreta. Estefiren ama, Yamiled Giraldo, indarkeria matxistaren biktima izan zen 2009an, Kolonbiatik iritsi zenean prostituziora behartu zuen gizona salatu ostean hark emakumea hiltzea agindu ziolako sikario bati. Amaren omenez azazkalak margotuta jasotzen ditu harriak Estefi Etxebestek.
ZALETASUNETIK PRAKTIKARA
«Kuadrillarekin eta nire mutil ohiarekin askotan joaten nintzen herri kirolak ikustera. Sarritan neska bakarra izaten nintzen. Orduan engantxatu nintzen, baina ikusle bezala, ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila horretan», dio Estefik bere zaletasuna nondik datorren galdetuta.
«Pentatloia ikustera joaten ginen, Iker Vicente ere asko jarraitu izan dugu... Ikerrekin harremana geneukan, eta kuadrillako batek bere aitari, Danieli, komentatu zion nire zaletasuna, eta Danielek aurkeztu zidan Joseba Ostolaza Iruñean, sanfermin batzuetan, duela hiru edo lau urte. Josebak telefonoa eman zidan eta esan zidan lasai deitzeko harriarekin proba egin nahi banuen, eskolara hurbiltzeko eta egingo genuela proba bat. Baina, egia esan, ez nintzen ausartzen pauso hori ematera», jarraitu du.
«Kontuan izan behar da nik orain baino 30 kilo gehiago pisatzen nituela orduan. Eta pentsatu nuen: ‘20 kilo jaisten baditut, joan egingo naiz’. Lagun batekin gimnasiora joaten hasi nintzen, eta lortu nuen 20 kilo horiek jaistea. Eta lagun horrek opari moduan antolatu zidan Josebarekin proba bat. Berak hitz egin zuen Josebarekin eta egun batean Oriora eraman ninduen. Nik ez nekien ezer, nora gindoazen ere. Han zeuden Imanol (Royo), Jokin (Eizmendi) eta Udane (Ostolaza), orain nire kideak direnak, eta harri desberdinak probatzen joan nintzen», oroitu du lehen proba hartaz.
Eta hasieratik geratu zen argi bere gaitasuna. «Harrituta geratu ziren, indarra banuela komentatzen zuten, eta galdetzen zidaten ea noizbait aritua nintzen. Nik ezetz, ikusi bai, pentatloian adibidez indarreko probek beti pizten zutela nire arreta, txingak, harri tiratzeak eta harri jasotzeak. ‘Gustatu baldin bazaizu gu hemen egoten gara astelehenetan eta ostegunetan’, esan zidaten, eta hortxe hasi zen dena».
«Noski, nik pentsatu nuen Iturendik Oriora ordubete dagoela; ‘nola esan behar diot nik hau aitari?’. Nola azaldu bat-batean harria altxatzen hasi behar nuela, non eta Orion? Horrekin buruan bueltaka geratu nintzen, eta egun batzuetara kontatu nion. Aitak ezetz esan zidan, ea nola joango nintzen astean bi aldiz hemendik ordubetera dagoen leku batera, gastu handia zela. Baina azkenean konbentzitu nuen, eta horrela hasi nintzen harriarekin».
INDAR HARRIGARRIA
Lehen asteetan apur bat kostatu omen zitzaion martxa hartzea. «Hasieran lotsa ematen zidan joateak. Ni bakarrik nafarra, gipuzkoar guztien artean. Askotan ez nien ulertzen nola hitz egiten zuten horren agudo. ‘Baina zer ostia esaten dute?’, galdetzen nion nire buruari. ‘Katiatu hemen’, ‘laga hor’... Baina bazen beste neska bat nirekin batera hasi zena, Garazi Ansa, Oiartzungoa, eta berekin batera joaten nintzen. Eta horrela pixkanaka lotsa kentzen joan nintzen».
Konturatzerako sekulako markak egiten ari zen Estefi. Berezko indarraz gain, adituek horrenbesteko garrantzia ematen dioten teknika ere azkar hartu du iturendarrak. «Harri bakoitza mundu bat da, teknika desberdin bat. Batzuetan teknika gehiago behar duzu, beste batzuetan indar gehiago... Baina egia da batez ere teknika dela garrantzitsuena. Zeren harri txikiekin agian indarka mugituko dituzu, baina, pisuan gora egin ahala, indar asko eduki arren, teknikarik gabe ez duzu lortuko mugitzea ere».
Uztailean, adibidez, taldekako Kirol Herri txapelketa irabazi zuen Paulo Azpiazu, Oihana Fernandez de Barrena eta Julen Alberdi Txikia IV.a lagun zituela. «Lehen txapelketa zen harria eta aizkora biak nahastuta egiten zena; gainera, harri jasotzaileak ere txandak batera, mutil eta neska. Formatu polita da. Egia da gogorra egin zitzaidala, zeren aurretik beste errekor bat egin nuen, minutu batean 15 altxaldi eman nizkion 100 kiloko kopari. Hori egin eta hurrengo astean hasi zen taldekako txapelketa, eta gerriak minduta nituen, oso kargatuta. Gainera, oso lan desberdina zen: 75 kiloko harria, 75 kiloko zilindroa, 63 kiloko kuboa eta 63 kiloko bola. Lan azkarra. Horregatik oroitzapen gazi-gozoa daukat. Irabazi egin genuen, oso pozik, talde ona tokatu zitzaidala ere onartu behar da, baina zisko eginda amaitu nuen».
Baina horren gaizki ez zuen amaituko, Zumaiako final hartatik hiru astera lortu zuelako Estefik Sunbillako marka sonatua. «Dena oso ongi atera zen, uste baino hobeto, egia esan, nahiz eta amaieran ez nekien haizeak nondik jotzen zidan ere. Kontua da Sunbillatik deitu zidatela galdetuz ea zerbait egin nezakeen. Nik ez nuen ideiarik ere, baina Josebak hori pentsatu zuen. Proposamena egin eta Josebak gai ikusi ninduen hori lortzeko, eta prestaketa potentea egin genuen», nabarmendu du.
AMARI EGINDAKO ESKAINTZA
Hori bai, marka horrek eta ondoren etorri zen zurrunbilo mediatikoak ezustean harrapatu zuen nafarra, goi mailako kirol jardueran beste elementu batzuk ere aintzat hartu behar izaten direla ikasiz.
«Egia esateko elkarrizketak ez zaizkit batere gustatzen, niregatik balitz haizea hartzera bidaliko nituzkeen denak. Baina, era berean, badakit egin beharreko zerbait dela; medioetan ateratzeak ate asko zabaltzen dizkizu, ezagunagoa zara eta leku gehiagotatik deitzen dizute, aukera gehiago dituzu. Horregatik, guretzako bide zuzenago bat irekitzen du. Eta gero kopurua dago. Elkarrizketa bat edo bi ongi egon daitezke, baina bat-batean hamar kazetarik deitzen badizute... Sunbillakoa eta gero sekulako estresa sentitu nuen. Erakustaldiak nituen, jendea deika alde guztietatik, konplitu beharra sentitzen nuen... Eskatzen dizute joateko ez dakit nora, goiz osoa pasatzen duzu, baina nik berdin-berdin lanera joan beharra daukat», gogoratu du.
Zurrunbilo horretan zerikusi handia izan zuen bere amari egindako omenaldiak eta horrek komunikabideetan sortu zuen jakin-minak. «Galdetu egin zidaten eta nik horixe bota nuen. Inuzentea ni, azkenean nire ingurukoek bazekitelako eta ez nuelako uste horrelako oihartzuna izango zuenik. Baina jendea oso morbosoa da eta beti berdina galdetzen dizutenean azkenean nekatu egiten zara. Leku askotatik deitzen dizute galdezka, baina badakizu harria bost axola zaiela, inporta zaien bakarra bestea dela. Eta aitak esan zidan, nahikoa zela, azkenean zauria berriz irekitzen ari nintzela eta gero ez nuela jakingo nola itxi. Eta horrela da. Honek balio izan dit ikasteko, hemendik aurrera beste era batera erantzungo dut, eta listo. Irakaspena izan da», onartu du.
DENERA IRISTEKO KOMERIAK
Arlo mediatikoaz gain, goi mailako kirolak eskatzen duen esfortzuaz ere jabetu da beste hainbat arlotan, are gehiago kirol hori erabat amateurra denean. Estefik Iturengo ostatuan egiten du lan, eta, horrez gain, Haur Hezkuntza ikasten ari da. Hori dena harriarekin uztartzea neketsua egiten ari zaio.
«Astelehenetik ostiralera goizean jaiki, eskolara joan, 15.00etan atera, eta, entrenamendurik ez baldin badut, 16.00etarako lanean nago. Eta asteburua iristen denean ostiraletik igandera lana, eta tartean jai baldin badut harriarekin zerbait. Etxeko lanak egiteko astirik ere ez daukat. Pentsatzen duzu: ‘zerbait utzi beharra daukat’. Eskola ezin dut utzi, lana uzteko ere ez nago, eta harria da utz nezakeena, baina hor justu oraintxe nago nire onenean», aitortu digu.
«Jendeari entzuten diot batzuetan: ‘ze ongi, iritsi da ostirala’. Eta nik pentsatzen dut: ‘ostra, oraindik ostirala da, asteburu guztia daukat aurretik’. Ostalaritza lanak hori dauka. Egia da lanean malgutasuna dudala, nagusiek erraztasunak ematen dizkidatelako harriarekin aritzeko eta abar. Baina jai hartzen duzun bakoitzean da zerbait egin beharra daukazulako, inoiz ez etxean egoteko. Eta horrek ere azkenean nekatu egiten du», gaineratu du egunerokoan daraman bizitza erritmoari buruz.
Horregatik, atseden txikiena ere izugarri eskertzen du. «Orain nago une batean non bake apur bat behar dudan. Marka saiakera hau -abenduaren 21ekoa- pasatzen denean, adibidez badakit tarte bat hartu behar dudala lasai egoteko, hurrengo urtera arte. Badakit gutxi dela, bi aste agian, baina eskolan ere oporrak ditugu urtarrilaren 7ra arte eta, lana egin beharko dudan arren, hiru gauzetatik bitan atseden hartzea niretzako asko da».
Estres maila hori asko areagotzen du goi mailako kirolak eskatzen duen prestaketa fisikoak eta mentalak. Estefik aipatzen duenez, bigarren hori da agian deigarriena egin zaiona, kirola kanpotik ikusten zuenean ez zuelako horretan inoiz pentsatu.
«Sunbillan egin nuen marka horretan konturatu nintzen zein garrantzitsua den hori, ez nuen imajinatu ere egiten nolako garrantzia duen. Eta ze inportantea den daukazun ingurunea. Josebak esan zidan aukeratu behar nituela bi pertsona plazan lanean laguntzeko, eta beste pertsona bat hamabost minutuko atsedenean nirekin egoteko eta zentratuta mantentzen laguntzeko. Eta etxean ere ongi pentsatzeko norekin egon», dio udako esperientzia horretaz.
«Nik plazan Joseba eta Imanol aukeratu nituen, etxean nire mutilarekin egon nintzen, banekielako lasai utziko ninduela; badaki zer den horrelako prestaketa bat egitea, bera ere antzeko egoeretan egon delako. Jakin behar da mentalki ere ongi prestatzen, eta hori ez digu inork erakusten. Harria jasotzen erakutsiko dizu dakienak, baina etxekoa eramaten irakastea zailagoa da. Nik alde horretatik oso gaizki pasa nuen», azpimarratu du marka saiakeraz.
Arlo fisikoari dagokionez, Ordiziara joaten da prestaketa fintzera, eta hor ere exijentzia handia da. «Global training eta crossfit arteko nahasketa bat da. Gari Garmendia harri jasotzailea eta biok joaten gara Hodei Lopez prestatzaile fisikoarekin entrenatzera, astean ordu pare bat inguru. Indarra lantzen dugu, baina baita core-a, oreka eta beste guztia. Entrenamendu espezifikoak egiten dizkigu harrirako. Ni orain prestatzen ari naizen marka saiakerarako, adibidez, berak moldatzen digu entrenamendu egokiena. Zuk esaten diozu zer helburu daukazun eta horren araberako plan bat egiten dizu», azaldu du.
Elkarrizketa egiteko unean, adibidez, Asteasuko marka prestatzen ari zen. «Oraingorako pisua hartzea garrantzitsua da. Aurrekoan ere bai, 100 kiloko harriarentzat, baina, bueno, nik baditut 100 kilo. Baina orain ehun kilotik gora izango dira eta komeni da 105-110 kilo izatea. Baina noski, kilo onak izan behar dute. Zerrikeriak jaten edonor irits daiteke kilo horietara, baina ongi janda eta indarra landuz zailagoa da kiloak hartzea».
Horregatik, tarteka arnasa hartzeko beharra sentitzen du Estefik, kiroletik harago bizitza bat osatu nahi duelako. «Nik gauzak oso serio hartzen ditut; asko zaintzen naiz. Urtebete noa ia juergarik egin gabe, eta bizitza sozial apur bat ere behar dut. 23 urte ditut eta gaztaro hori bizitzan behin edukitzen da. Ikusten dituzu zure lagunak uda guztian juergaz juerga, afariak egiten, eta zu zabiltza lanetik harrira eta harritik lanera. Gero iraila iristen da eta ikasten hasi behar duzu. Eta pentsatzen duzu: ‘noiz tokatu behar zait niri?’. Horregatik, Josebari eskatu nion marka hau eta gero uzteko denbora bat apur bat deskonektatzeko».
Hori bai, asko baloratzen du harri jasotzen ikasi duen guztia. «Badakit harriarekin ere gauzak egiteko garai onena hauxe dela, orain egiten ez dudana ez dut hemendik urte batzuetara egingo. Udan erakustaldi pila bat egin ditugu, eta horrek ere eskarmentua ematen dizu. Hurrengo urtean badakizu nori esan bai, nori esan ez. Zuri komeni zaizuna aukeratu behar duzu», baieztatu du.
«Eskertua nago hor sartu ninduten guztiei. Neska asko gaude, denak oso onak, eta ni ere hor nago. Eskolarekin ere eskertua, nola zaindu nauten eta nola zaintzen nauten», nabarmendu du. Aurrera jarraitzeko ere gogotsu da: «Urtea ongi atera da eta gehiagoren bila. Bide luzea dut aurretik eta ea zer ateratzen den!».

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

