Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
«PALESTINIANS», RAFAHTIK SAN MAMESERA

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

Palestinarekin elkartasunean, 50.000 lagun baino gehiagok San Mames bete zuten Euskal Selekzioaren eta Palestinako futbol selekzioaren arteko partiduan. «The voice of Hind» filmak begiak malkotan eta hitzik gabe utzi zituen ikusleak Donostiako Zinemaldian. Bilbon Israelek hil dituen 20.000tik gora haurrak gogoratu zituzten. Ikasle eta langileek lan uzteak egin dituzte. Alderdi Eder hilotzez bete zen… Genozidioa salatzeko ekimenak Euskal Herriko txoko guztietara heldu dira amaitzear den urte honetan.

Sol Band taldeko Rahaf Shamaly abeslaria San Mamesen, Zisjordaniatik ekarritako jantzi tradizionalarekin. Eñaut Elorrietarekin eta Izarorekin batera abestu zuen Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partiduaren hasieran.
Sol Band taldeko Rahaf Shamaly abeslaria San Mamesen, Zisjordaniatik ekarritako jantzi tradizionalarekin. Eñaut Elorrietarekin eta Izarorekin batera abestu zuen Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partiduaren hasieran. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Pasa den azaroaren 15ean, Sol Band musika talde gazatarrak bihotzak uzkurtu zituen San Mamesen, Euskal Selekzioaren eta Palestinako futbol selekzioaren arteko partidua hasi aurretik. Eñaut Elorrietarekin eta Izarorekin batera, Rafah hiriko errefuxiatu kanpaleku batean, hondakinen artean eta bonbardaketen erdian, idatzi zuten “Palestinians” kanta hunkigarria abestu zuten. Erresilientziaz hitz egiten du.

Azaroan jokatutakoa ez zen ohiko futbol partidu bat izan. Egun historikoa izan zen, memorian gordetzen diren horietakoa. «Palestinarrak genozidio bat bizitzen ari diren honetan, eta Gazako egoera zein den ikusita, bada nahikoa arrazoi partidua antolatzeko eta Euskal Herritik gure elkartasuna adierazteko», helarazi zuen partidua aurkezteko prentsaurrekoan Mikel Labaka Euskal Selekzioko bigarren entrenatzaileak.

«Ez dut hitzik San Mameseko giroa eta bertan bizitakoa deskribatzeko. Pertsona horiek guztiak Palestinari elkartasuna adierazteko asmoarekin joan ziren, sekula ez nuen ikusi horrelako estadio bat beteta palestinarren alde eta genozidioaren kontra. Aspaldiko partez, zerbait polita, ederra sentitu nuen. Beste herrialdeetan Euskal Herrian egon den mobilizazio maila bera egon izan balitz, gure egoera beste bat izango zen», adierazi zion egunkari honi Ahmed Alhaddadek, Sol Band taldeko gitarra jotzaileak, azaroaren 16an, partiduaren hurrengo egunean, Hernanin Hariak zinemaldian eman zuten kontzertua hasi baino minutu batzuk lehenago.

Rahaf Shamaly abeslariak, ospakizun berezietan Palestinan janzten duten soineko tradizionala jantzi zuen San Mamesen. Esanahi berezia zuen. Zisjordaniatik Euskal Herrira bidaia egin baitzuen. «Duela asko ez nuela Palestinan egindako zerbait esku artean. Palestinatik partidurako etorri eta lagun batzuek soinekoa eman zidatenean, negar asko egin nuen, nire aberria eta etxea sinbolizatzen baititu. Partidua bukatu ostean ereserki palestinarra entzun nuenean, ezin izan nien malkoei eutsi. Dardarka nengoen».

Ahotsa oraindik urratuta, Euskal Selekzioaren eta Palestinako futbol selekzioaren arteko partidua eta ekimen horrek piztutako elkartasun uholdea «ametsa» izan zirela nabarmendu zuen. «50.000 pertsona horiek ez ziren futbol partidu bat ikustera joan; gizatasuna, elkartasuna, egia, aldarrikatzeko bete zuten estadioa. Poztasun, harrotasun handia sentitu nuen bi selekzioak elkarrekin eta estadioa bandera palestinarrez beteta ikustean. Espero dut egunen batean partidu bera Palestinan jokatu ahal izatea».

Yasser Hamed jokalari palestinarrentzat ere ametsa izan zen. «San Mamesen jokatuko dut Palestinako koloreekin, Euskal Selekzioaren aurka eta familia osoa izango dut harmailan, egun berezia eta ahaztezina biziko dut. Urduri nago, ez dakit zelaian zer sentituko dudan, baina nire bizitzako unerik hunkigarrienetariko bat izango da, ziur», plazaratu zuen partiduaren aurretik.

HIND RAJABEN AHOTSA

Azaroaren 28an, Estatu espainoleko zinema aretoetan Kaouther Ben Hania tunisiarrak zuzendutako “The Voice of Hind Rajab” pelikula estreinatu zuten. Bi hilabete lehenago, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Saja Kilani eta Motaz Malheees protagonistek.

Ilargi Gorriaren eta 6 urteko Hind neskatoaren arteko elkarrizketa jasotzen du filmak. Laguntza erregutzen entzuten den haurraren ahotsa benetakoa da, ikusleak entzuten dituen audio lazgarriak benetakoak dira. Estreinaldiaren egunean, Victoria Eugenia antzokia mutu gelditu zen, eztarriko korapiloa askatu ezinik.

2024ko urtarrilaren 29an, Israelgo Armadaren aginduz Gaza Hiriko Tel al-Hawa auzotik autoz ateratzen saiatu zen osaba-izeba eta lau lehengusurekin. Bidean tanke israeldar batek eraso egin zien. 15 urteko lehengusinak, Layan Hamadak, Ilargi Gorrira deitzea lortu zuen, erasoaz ohartarazteko. «Gure kontra tiroka ari dira, tankea nire gertu dago», izan ziren bere azken hitzak. Autoaren barruan bizirik zegoen bakarra Hind zen, bederatzi orduz Ilargi Gorriko boluntarioekin telefonoz hitz egiten egon zen, laguntza eskatuz. Israelek, ordea, ez zuen baimenik ematen anbulantzia bat bere bila joan zedin. Azkenean argi berdea eman zuenean, ibilbidea adostuta egon arren, anbulantziari eraso egin zioten soldaduek iristear zenean; barruan zihoazen bi paramedikuak, Yousef Zeino eta Ahmed al Madhoun, hil egin zituzten. Haien gorpuak, 6 urteko neskatoarena eta bere senideena otsailaren 10ean aurkitu zituzten, erasoa izan eta hamabi egunera. Autoko karrozeriak 335 bala zulo zituen.

Euskal Aktoreen Batasunak agerraldia egin zuen Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan genozidioa salatu eta mobilizazio jendetsua deitzeko. (Maialen ANDRES / FOKU)

«Hinden ahotsak neskato baten hilketa baino askoz gehiago sinbolizatzen du. Hindek komunikabideetan irakurtzen dugun zenbaki bakoitzaren atzean zer dagoen erakusten digu, irudi eta zenbakien sekuentzien aurrean sentiberatasunik ez izateko arriskua dugulako. Baina biktimak ez dira zenbaki hutsak. Horregatik, ahotsa jarri behar diegu eta bizitzaz, nortasunaz hornitu. Hori artistok egin behar dugu. Ez gara ekuazio matematikoez ari, gizakiez baizik, bizitzez. Gurasoak, haurrak, medikuak, kazetariak dira», nabarmendu zuen Kilanik GARAri eskainitako elkarrizketan. Ondorengo galdera ere bota zuen: «Zer herrialdetan eskatu behar da anbulantzia batek arriskuan dagoen neskato bat erreskatatzeko baimena? Zentzugabea da. Zein da anbulantzia baten edo mediku baten funtzioa, eskatzen duenean norbaiti laguntza eskaintzea ez bada? 6 urteko neskato batez ari gara, laguntza eske ari den neskato batez. Ilargi Gorriko boluntarioak bertara iristeko estrategia eta taktika guztiak erabiltzen saiatu ziren, eta, azkenean, argi berdea jaso eta anbulantzia hurbiltzen ari zenean, leherketa bat entzun zen» .

«Hind sei senideren gorpuez inguratutako auto batean ordu luzez harrapatuta egon zen. Soldaduek bazekiten ibilgailuaren barruan zegoela, barruan daudenak bizirik edo hilda dauden jakiteko sistemak dituzte, baina, hala ere, hil egin zuten. Horrelako istorioak kontatu egin behar dira, munduak uler dezan ez dela zenbaki bat bakarrik; munduak jakin behar du milaka eta milaka haurrek jasan dituztela Hinden antzeko egoerak edo okerragoak. Bonbardaketek bururik gabe utzitako haurrak ikusten ari gara, hesteak kanpoan... Espero dut Hinden ahotsak mundua astintzea, isiltasuna konplizitatea baita», gaineratu zuen Malheesek.

Kilani eta Malhees Donostiako kaleak txiki utzi zituen manifestazio jendetsuaren buruan egon ziren beste hainbat artista eta aktorerekin batera. Euskal Herrian bizi diren palestinarrek zeramaten bandera palestinar erraldoi batek zabaldu zuen Victoria Eugenia antzokitik abiatu zen mobilizazioa, lelo argigarri batekin: «Genozidioa STOP».

PALESTINAREN ALDEKO TXUPINAZOA

Urteak oroitzapenerako utzi dituen elkartasun irudien eta ekimenen artean, Iruñeko txupinazoa dago. Yala Nafarroa plataformaren izenean Lidon Soriano Segarrak, Dyna Kharrat Juanbeltzek eta Eduardo Ibero Albok jaurti zuten sanferminei hasiera eman zien suziria. Giza eskubideen aldeko txupinazoa izan zen.

«Suziri honek esan nahi du Israelekin harremanak hautsi behar direla eta genozidio honekin amaitu, giza eskubideen alde borrokatuz. Hori da mezua». Sentsazio kontrajarriak bizitzen ari zirela onartu zuten plataformako kideek. «Bizitza gazi-gozoa da, beti dago zoriontasuna eta tristura aldi berean. Ez dugu ahaztu behar munduan sufritzen ari den jendea, baina ezta ospatu ahal izateko pribilegioa ere», nabarmendu zuen Sorianok. Iruñeko Udaletxeko plazatik genozidioarekin amaitzeko egindako aldarrikapenak jarraipen handia izan zuen nazioartean.

Palestina oso presente egon zen sanferminen hasieran. Yala Nafarroak jaurti zuen jaietako txupinazoa, giza eskubideen aldeko suziria. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Irailean Israel txirrindulari taldearen parte hartzea salatzeko protestek Bilbon Vueltako etapa amaiera bertan behera uztea ekarri zutenean ere, oihartzuna itzela izan zen. Ez zen irabazlerik egon egun horretan. Israel-Premier Tech taldearen parte hartzeak mobilizazioak eragin zituen Vueltaren hasieratik bertatik, bai Euskal Herrian, bai lasterketa igaro zen leku gehienetan. Palestinako banderek errepideak bete zituzten. Mobilizazioek, oihartzun zabala izateaz gain, Israel taldearen parte hartzari eta genozidioari buruzko eztabaida piztu zuten hedabideetan.

GAZATIK BILBORA

Gure Haurrak Ere Badira ekimenak Euskal Herriko eskola, ikastola eta ikastetxeetara eraman du Israelek hildako milaka eta milaka haurren ahotsa. 2023ko urriaren 7tik 2025eko urriaren 10era bitartean, 20.000tik gora haur hil zituen Israelek. Urriaren 11n sartu zen indarrean su-etena. Geroztik, Unicefen datuen arabera, egunero bi ume hil ditu Israelek. 4.000 haur inguruk berehalako ebakuazio medikoa behar dute. Sehamj Qaddoura 2024ko uztailaren 25ean iritsi zen Bilbora Gazako zerrendan larri zauritutako haur batekin. Haurraren amari ez zioten berarekin bidaiatzeko baimenik eman. UNRWAko eskola baten aurkako erasoan zauritu zuten. Aire eraso horretan 26 haur zil ziren, tartean bere arreba. Hasiera batean, Egiptora eraman zituzten eta ondoren Gurutzetara ekarri.

Qaddourak Gazan senarra, zazpi seme-alaba eta 13 biloba utzi zituen 2024ko martxoaren 9an ebakuatu zutenean. Qaddourarekin heldutako haurrak orduan 3 urte besterik ez zituen. Pasa den maiatzean, GARAri eskainitako elkarrizketan, eskaera bakarra zuen: Gazan utzi behar izan zuen familiarekin berriro elkartzea. «Errukia izan dezatela atera garenokin. Nire senarra gaixorik dago, Gazan ez dago tratamendurik, sendagairik, ez dago ezer. Azpiegitura erabat txikituta dago. Albisteetan entzuten dena baino are okerragoa da egoera».

Qaddouraren egoera berean, arrazoi medikuak tarteko ebakuatutako emakume gehiago daude Euskal Herrian. Gehienak seme-alabak, senarrak, Gazan utzi behar izan dituzte. Hemen bonbetatik salbu badaude ere, senideek indarkeria, gose eta oinarrizko eskubide urraketa espiral betean harrapatuta jarraitzen dute. Espainiako agintariek onartutako familiak berriz elkartzeko baimenak gauzatzeko eskatu dute.

Genozidioa hasi eta bi urte baino gehiago pasa direnean, hildakoak jada 70.665 dira, eta, zaurituak, 171.145. Gazako Zerrendaren %50 baino gehiago oraindik Israelen kontrolpean dago. Neguak eta euri jasek egoera are gehiago larriagotu dute.