Iñaki Altuna

Intxaurrondoa eta intxaurrak

Ezaguna da Felipe Gonzalezen Gobernuak eta, zehazkiago, Barne Ministerioak oso hurbil izan zituztela EAJko buruak. Xabier Arzalluzek berak aitortu berri du Josu Muguruzari buruzko “Zohardia” dokumentala egiteko eskainitako elkarrizketan. 90eko hamarkadaren erdialdean Antoni Asuncion orduko ministroak egin zuen aitortza publikoa, jelkideak Estatuaren estrategiarako funtsezko osagaia zirela esan zuelarik. Honenbestez, atzera begirako autokritika egiteko ariketa egin behar bada, EAJk ez du makala egiteko, errepresio estrategia osoaren –ez zen presoen sakabanaketa diseinatzeko aholku oker bat ematera mugatu– euskarri nagusietako bat izan izana, hain justu ere; baina, tira, egia ere bada jelkideen posizioa mugitu egin dela urteotan, batzuetan beraiek erabakita eta beste batzuetan besteek behartuta; Madrilen oldarraldiek –«Ermuko izpiritua»-ren izenez egindakoa, esate baterako– edo ezker abertzaleak egindako eskaintzek behartuta, alegia. Berez, kolaborazio estu-estu haren zikloa, Aznarrekin lehen urteetan ere segitu zuena, Lizarra-Garazirekin amaitu zen, neurri handi batean.

EAJren eta Madrilgo Gobernuaren arteko harreman aldaketa haren karietara EAJri ETAz aprobetxatu izana leporatu zioten eskuin muturreko hainbat politikarik eta kazetarik, noizbait Arzalluzek esan omen zuen esaldi bat erabiliz: nonbait, ETAk intxaurrondoa astintzen zuela eta EAJk intxaurrak biltzen zituela esan edo iradoki omen zuen bilera batean EBBko presidenteak. Asuncionek egindako aitortza azaltzeko beste modu bat da: euskal gatazkak Estatuari sortutako ezegonkortasuna zela-eta, jelkideek onurak jasotzen zituzten, Estatuari emandako laguntzaren ordain. Batek baino gehiagok esan izan du Gernikako Estatutua erdiesteko prozesua bera ezin daitekeela beste era batean ulertu.

Errealitatea, esan bezala, aldatu egin da, EAJ ez baita hain erabakigarria Espainiako Gobernuarentzat, ez, bederen, azken urteotan. Rajoyk ez dio eskaintza politiko txikiena ere egin, nahiz eta Urkulluk kasik erregutu. Arrazoiak begien bistakoak dira: ETAk borroka armatua utzi izanak EAJren «papera» ahuldu du (onurak bukatu dira), Estatuan birzentralizazio mezuekin eskuz esku «euskaldunen pribilegioen» leloa darabilte batzuek zein besteek (autonomietako buruak, nagusiki) eta EAJk, lortutakoa galtzearen beldur-edo, ez du Kataluniaren moduko apustua egiteko imintziorik ere egin. Azken batean, jelkideak ez dira beharrezko eta ez diote Estatuari kezka arrastorik sortzen. Zertarako hasiko dira, orduan, alderdi espainolak tarteko akordiorik bilatzen? Asko jota, haien euskal ordezkariek erakundeak gobernatzeko akordioak lotu ditzakete jelkideekin, gogo biziagoz helburua ezker abertzalea baztertzea bada. EAJk intxaur hori hartuko du, nahiz eta erakundeetan erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo handiak adosteko aukerak egon badauden, inoiz baino handiagoak, egia esan. Zorigaitzez, «Ibarretxe Plana» bera ere ausartegitzat dute oraingo lehendakariak eta alderdiko buruzagitzak.

Baldintza horietan mugitzen da EAJ, eta baldintza horien araberako harremana izaten ari da ezker abertzalearekin. Akaso, bere itxaropen handiena Espainiako Gobernuan aldaketa izatea eta, beste batzuekin, tarteko zerbait adosteko aukera sortzea da. Bien bitartean, ezker abertzaleari jelkideen interesaren araberako arreta gunea jarri nahi dio EAJk, autokritika –ezker abertzalearena, jakina– egitea dela eta ez dela. Beste apustu handiagoetarako pasabidetzat aurkeztu badu ere, orain arte suebakitzat erabili du, elkarlana ez aurrera ez atzera gera dadin.

Halere, baldintza objektiboak direnak dira: Estatuak ez du euskaldunei zer eskaini eta hemen beste errealitate juridiko-politiko bat nahi dute herritarrek. Horregatik, ezkerreko soberanistek bide propioa egiteko eskaintza egin beharko dute behin eta berriz, baita EAJri ere, aipatu baldintzek babesa ematen dietelako eta aldaketaren alde indar harremanean eragin daitekeelako. Partida hasi eta osoa jokatu beharra dago. Oraingoan ez dago mus. •