02/05/2014

Garazi Goia
Idealizazioak

Parisko Café de Floren ari naiz zutabe hau idazten. Eserita nagoen sofaren gainean dagoen koadroan Hemingway, Sartres, Camus, Sagan, Beckett, Simone de Beauvoir eta Jacques Prévert ditut begira. Igande goiza da. Bertan gauden gehienok, itxurakeria puntu batekin, beste edozein lekutan baino bi edo hiru aldiz gehiago balio duten kafe eta croissant bana gosaltzen ari gara. Denboran atzera bidaia batean sartu naiz. Gogoko dut ariketa hori, atzera begiratzea. Zertan arituko ziren hemen duela berrogeita hamar urte. Nolakoa izango zen ingurua. Zer elkarrizketa izango zituzten idazle eta artista horiek guztiek. Nor biziko zen kafe-etxearen aurrean dagoen etxe dotore horretan.

Atzera egindako bidaia horren ildotik, kafe-etxera etorri aurretik, 27 rue de Fleurus-etik pasatu naiz eta argazki bat atera diot etxeari. Han imajinatu ditut, Matisse, F. Scott Fitzgerald eta Max Jacob, Cézannen koadroak zintzilikatuta dituen sapai altuko apartamentuan, Picassok Gertrude Stein avant-garde idazlearen erretratu bat marrazten duen bitartean, bere bikotekidea izan zen Fernanden begiradapean. Bide batez, aipatu behar dut, Steinen liburu bat bukatu berri dudala, “Alice B. Toklasen autobiografia”, benetan gomendagarria. For the record. Beti izan dut lilura moduko bat Frantziako garai haiei buruz. Orduko politika mugimenduak eta zirkuitu kulturalek izan zuten influentzia idealizatzen ditut.

Gu eserita gauden mahaiaren ondoan bikote ingeles bat dago eta ingelesez liburu bat irakurtzen ari nintzelako ziurrenik, hitza eman digute. Frantziari buruz ezin hobeto hitz egiten hasi dira, esan digute ez dutela ulertzen nola bizi garen Ingalaterran Parisen bizi gintezkeenean. Frantziako janariaz aritu dira (batez ere ardoa eta gazta aipatu dituzte), jendearen adeitasunaz, eguraldiaz, paisaiaz, bizitza lasaiagoaz. Higiezinen boomak bultzatuta, ingeles askok hartu du Frantziara bizitzera joateko erabakia. Eta, ez erretiro garaian bakarrik, seme-alaba gazteak dituzten familiak bizitza berri bat hastera joaten dira, Frantziaren idealizazio horretan sinesten dutelako. Zerotik hasten dira, ezerezaren erdian, paisaia idilikoen erdian, bailara galduetako herri txikietan bukatzen dute. Hemeretzigarren mendeko etxe bat berriztatzeko proiektu batean sartzen dira.

Akats antzekoak egiten dituzte gehienek. Frantsesa ikasten ez badute, integrazioa ez dela berdina izango ez dira konturatzen. Bakardadearen dimentsio hori ez dute ikusi nahi, badirudi Ingalaterrako gristasun horretatik alde egiteko estutasunaren itzalean gelditzen dela. Zaila da lerro gutxi batzuetan azaltzea, baina Frantziaren estereotipo horrek dituen osagaiekin sortutako idealizazio bat baino ez dela iruditu izan zait beti. Eguzkia, gazta eta ardo bila doan emigrantearen mentalitatea dela esan diet. Sarkasmoz begiratutako argazkia dela erantzun dit bikoteak. Baina, begira, imajinatu ondorengo egoera: etxe perfektuaren kanpoan, zeruertzera begira, eguzki sargoritik ihesi itzalean, arratsaldeak eta arratsaldeak ematen ditu familia batek, ardoa edaten eta gazta janez; ezin dira herrian integratu. Kilometro batzuetara, aukera berdina egin duten beste ingeles bikote baten lagun egingo dira. Egunek aurrera jarraituko dute; Frantziako herri txikietako ordularien erritmo pausatuan, segundoak luzeagoak dira. Eta, iritsiko da egun bat, bailarako gazta mota guztiak dastatu dituztela eta ardoak eragindako hordikeria egoera arrunt bilakatu dela, bikotekidearekin elkarrizketa-gai guztiak agortuko dira eta dibortzioaren tentazioa ate joka hasiko da. Eta, orduan, zer gertatuko da? Berriro ere oporrak edukitzearen kontzeptua faltan botako ote dute? Ukatzen duten desilusioaren itzal horretan zenbat urte bizi daiteke bat? Edo, zer egingo dute Ingalaterrako euria, behe lainoa eta fish & chips koipetsuak faltan botatzen dituztela konturatzen direnean?

Niretzat, american dream bat bezala dela esan diet, frantses erara. Desilusioak existitzen ez diren leku horien bila doazela uste dute, baina gehiengoa ez da konturatzen zeintzuk diren jokoaren erregelak.

Jendearen idealizazio ezberdinak. •