Iñaki Altuna

Ezker espainolaren gaitz endemikoa

ETAk borroka armatua behin betiko uzteko erabakiak AEBetan harrapatu zuen lehendakaria eta «PSOE Nafarroan ni naiz» esan eta gero Madrildik etorritako aginduari burumakur men egin zion PSNko idazkari nagusia jarri dituzte PSOEren zuzendaritzan. Hortik berrikuntza nekez etor daitekeenik uste du batek baino gehiagok. Ez da izan, halere, PSOEren aldaketari (aldaketa ezari) buruzko daturik aipagarriena. Pedro Sanchez idazkari nagusi berriak Kataluniako gaiari nola heldu dion are esanguratsuagoa izan da, erabakitzeko eskubidea legez kanpokoa dela esanda. Berriro ere, ezker espainolaren gaitz endemikoa; eraldaketako indarra izatea galarazi izan diona, hain zuzen ere. Herrien eskubideen aitortzan Espainiako eskuin gotortuak duen jarreratik ez aldentzeak proiektu atzerakoi batean giltzatu du. Eta hala gertatu zaio PSOEri, baita PCEri ere (bide batez, neurri handi batean, IUri berari ere bai). Ikusteko dago Podemos fenomenoa tendentzia historiko hori hausteko gai izango ote den.

Sanchezek Rubalcabari jarraitu dio, eta ez du federalismoa eskubideak garatzeko proposamen gisa proposatu, sortutako presioari aterabidea emateko baizik, betiere Kataluniako eta, hala gertatzen denerako, Euskal Herriko borondateari galga jartzeko asmoz. Roberto Jimenezek azal dezake inork baino hobeto nola ulertzen duen Madrilgo zuzendaritzak federalismoa. Laburbiltzeko, Sanchezek Rubalcabaren arrastotik nazio gabeko estatuetan kontsultak legez kanpokoak direla esan du. Espainiako Konstituzioa, marra gorria.

Alderdi sozialistak behin (PSEko ordezkarien –edo, hobeto esanda, Jesus Egigurenen– bidez) modu egokian eutsi zion kontuari, Loiolan Batasunarekin eta EAJrekin adostutako aurreakordioan. Hortxe aurkitu zuten aterabide demokratikoa trenkatzeko formulazio ezin hobea: prozedura legalak ezin daitezke herri borondatearen muga izan, berau errealitate bilakatzeko berme baizik. Egungo egitura juridiko-politikoaren eta sortu beharreko beste errealitatearen arteko bidean, euskal herritarren erabaki demokratikoak errespetatzeko eta errespetarazteko formulazioa izan zen.

Rubalcabak, ordea, ez zituen horrelakoak gogoko, eta Sanchezek, orain, hari segitu dio, independentismoa indarkeria matxistarekin parekatzeraino. Eta legea legea dela gaineratu du. Munduko ezkerrak irizpide horri eutsi izan balio beti, gaur egun oinarri-oinarrizko eskubide oro auzitan legoke oraindik, baita emakumeen askatasuna aldarrikatzen dutenak ere.

Legearen eta Zuzenbide Estatuaren izenean zigortu dituzte ezker abertzalean ardura politikoak izandako hogei lagun, eta ehunetik gora herriko taberna konfiskatzeko agindua eman dute. Eta gertaera larri horren harira, berrikuntza prozesu betean omen dagoen PSEk erantzun eskandalagarria eman du. Kondenatuei beren buruen kritika egiteko eta kartzela zigorra «bergizarteratzeko» aprobetxa dezatela aholkatu die. Ez al dira konturatu azken urteotan norbaitek behar badu autokritika eta berriro gizarteratzea horiek PSE eta PSN direla? Ez al dituzte, esate baterako, hauteskundeen emaitzak aztertu? Euskal Herrian indar espainolisten sostengu bakarra Auzitegi Nazionaletik eta Txindoki mendian bertan ere kontrolak jartzen dituen Guardia Zibilaren eskutik dator, ez herritarren aldetik. Ez al die zer pentsatu ematen?

Badirudi Euskal Herria sakrifikatu dutela, Estatura egokitutako kalkuluen mesedetan. Lopez eta Jimenez Madrili begira jarri dira, eta Adolfo Aresek konponbidearen eremuan sortzen den aukera oro galarazi edo trabatu nahi du, nazioarteko eragileek behin baino gehiagotan egiaztatu ahal izan dutenez azken urteotan. Antza, ETAren azken agiriak oso oihartzun ona izan du eremu horietan. Baina Ares ez da mugituko, horrek Espainian sozialistak higatzen dituelako. Euskal Herrian, ordea, PSE eta PSN gero eta ez ezinbestekoago bilaka daitezke. •