Unai Belaustegi

Txibi espainolak

Atzerritarrek askotan ulertzen ez duten jakia dira txibiak. Suposatzen dut asiarrek jaten dituzten intsektuen antzeko sentsazioa sortzen dutela gure kostaldeko errodun preziatuek. Hemengook, ordea, gogotsu jaten ditugu. Edo jaten genituen behintzat, txibiak espainiartu zizkiguten arte.

Kontua da, bizi naizen kostaldeko herri txiki honetan, kirol portu bat egin berri digutela, eta, hala, aisialdirako ontziek arrantza ontzien lekua hartu dute. Hala ere, oraindik geratzen dira potin txiki batzuk, kirol portuan amarratzeko kuota ordaintzeko gai diren gutxi batzuenak. Garai batean izandako arrantza portuaren mamua besterik ez da oraingoa. Horietako potin bat gure lagun baten familiakoa da, eta, aspaldiko partez, txibiak arrantzatzera irtetea erabaki genuen. Goizean goizetik motxila egin, nahi adina eguzkitako krema eman, eta han bideratu genuen “Pitxame” atakobandarantz. Ni, familia arrantzale batean jaioa baina aspaldian itsasoa zapaldu gabea izanik, mugikorrarekin momentua grabatzen hasi nintzen, guardia costera-ko ontzi orlegi eta handi batek irteera zikindu zigun arte. Ez gintuzten geldiarazi, bandera espainiarra tente eta begi bistan generamalako, ikurrinaren gainetik, behar den bezala.

Jakinaren gainean geunden. Uda hasi zenetik ia egunero portuan guardia zibilaren eta polizia espainiarraren ontziak egoten dira sartu-irtenean dabiltzan ontziak euren bandera egoki daramatela ziurtatzeko, beste egitekorik gabe.

Garai batean, ikurrinaren azpian harrapatutako txibiak gustura asko erakusten genituen mahaian. Orain, baina, txibiak ere espainiartu egin dizkigute! Guk ez genuen txibi bat bera ere harrapatu, baina pare bat dozena kabrarekin itzuli ginen bueltan, kabra espainiarrekin! •