Oihana Llorente Arretxea
infraganti

Savanna studioa

Arrate Rodriguez eta Carlos Ndungmandum daude Savanna studioaren atzean. Errenteriarra da Rodriguez eta Vigo du sorterria Ndungmandumek, biek, baina, Hendaian, Kantauri itsasoa bistaratzen den etxean eta lantokian egin dute kabia. Ilustratzailea da lehena, diseinatzailea, bigarrena. Sormena hil ala bizikoa da bientzat.

Savanna studioa
Savanna studioa

Estudioaren barrunbean artista bakoitzaren lan txokoa aurkitu dugu. Ordenagailu finko eta handia gailentzen da Carlosen aldean, entzungailu beltzak zintzilik dituela. Ez da beste ezer ageri ordena perfektu eta geometriko horretan. Parean, Arrateren ordenagailu eramangarria, koloretako pinturaz betetako potea ondoan, bai eta hamaika zirriborro ere mahai azpian, ezkutatu ezinik.
Diseinatzailea da Carlos. Ilustratzailea, aldiz, Arrate. 2012 urtetik partekatzen dute lantokia. Nork bere txokoan egiten zuen lan lehen, bizkarra bizkarraren aurka. Uztailetik honat, baina, sinergiak batu eta Savanna studioa sortu dute.

Rodriguezek Leioan ikasi zituen Arte Ederrak. Karreraren hastapenean ezinikusi berezia zien marrazkiari eta pinturari eta ikasgai haietan espezializatuko ez zela esaten omen zion bere buruari. Bilboko egonaldiak erabat aldatu zuen Rodriguez eta ikasketak bukatuta Bartzelonara egin zuen ihes, Ilustrazio graduondoa ikasteko aitzakiarekin. Ilustrazioaren munduan murgiltzeko baliabideak behar zituela sentitzen zuen oreretarrak, eta, dirudienez Katalunia aldean eskuratu zituen beharrezkoak zituen zimenduak. Haur literatura izan ohi da ilustratzaileen merkatu nitxoa. Rodriguezen irudi «agresiboak», ordea, ez dira ipuin goxo horietan kabitzen. Ez du penarik sentitzen, argi baitu berak gustukoa duena helduentzat marraztea dela, eta horren aldeko apustua egin du.

Ndungmandumek Ekuatore Gineakoa du aita, eta galiziarra ama. Robotikarekin eta pilotu izatearekin egiten zuen amets umetan, baina arte plastikoekiko zaletasunak graffitiaren mundura hurbildu zuen gaztetan. «Musika, dantza edo, oro har, arte urbanoaren inguruan mugimendu handia dago Vigon», dio herriminez. Paretako arteetatik diseinuaren mundura egin zuen salto, Ourensen aurrena, Bartzelonan ondoren. 33 urte ditu orain eta ia hamarkada bat darama lanbidean.

Proiektu pertsonal zirenak, elkarlanaren bidez, kolektibo bihurtu zituzten, Savanna Studioaren kimua izango zirela apenas konturatu gabe. Lupulu proiektua ipini dute mugarri. «Etxeko garagardoa egiteko jarraibideen liburua egin behar nuen –hasi da kontatzen Carlos–. Une bakoitza ilustratu nahi nuen, baina hori niretzat sekulako lana zen. Argazkiak atera eta dena digitalizatzea... Ondoan nuen Arrate eta, ilustrazioak egiteko sekulako erraztasuna duenez, arkatza hartu eta di-da egin zituen». Hitza hartu du Arratek, hain juxtu Savanna une horretan bertan jaio zela nabarmentzeko: «Orduan jakin genuen hori zela bidea. Norbera, bere kasa ari dela, iristen den lekuraino iristen da, baina ondokoaren bultzadaz urrutirago iristen ahal da», dio kontent.

Norberaren lanak baztertu gabe, abentura berria abiatu dute elkarrekin. Hainbat eskari izan dituzte geroztik, Donostiako Alde Zaharreko Giroki tabernaren txartelak edota karta, kasu. Sormena, baina, esparru orotara zabaltzeko konpromiso irmoa dute eta eurentzat betegarriak diren lanak egiteko desioz dira. Alkandorak dira, adibidez, begi bistan dituzten hurrengo esperimentua eta familia osoa limurtu dute horretarako. Carlosen aitak oihalak ekarri ditu Afrikatik eta amak, jostuna izaki, jostorratza hartu du Carlos eta Arrateren agindupean. «Afrikako oihal ederrekin mendebaldeko patroia duten alkandorak egin nahi ditugu», azaldu du Arratek itxaropentsu. Urtarrilean jarriko dituzte salgai eta dagoeneko eskariak izan dituztela baieztatu digute.

Euskarri oro sormen iturri

Argi dute ez direla moda diseinatzaileak, eta izateko asmorik ere ez dute. Alkandorek arrakasta lortuko balute, baina, oihaletan sabana bera irudikatuko luketen estanpatu propioak egitea dute buruan. Euskarri guztiek eskaintzen diete sormenerako aukera Arrateri eta Carlosi. Izan ere, haiek dioten moduan, sormena «hil ala bizikoa» da eurentzat.
Izaerak bezala, lan egiteko modua ere zeharo desberdina dute Carlosek eta Arratek. Xehetasunak zaintzea atsegin du Carlosek eta patroi geometrikoek eskaintzen duten zehaztasunaren zalea da. Eskua erabiltzen du Arratek, hura baino tresna pertsonalagorik aurkituko ez duela argi baitu. «Digitalki egiten dena oso antzekoa izan daiteke, baina eskuz egiten dena ez», dio bere aukeraren defentsan.

Savanna estudioari ere Arratek berezkoa duen goxotasuna kutsatu nahi dio, eta egin berri dituzten txarteletan nabari da hori. Eskuz tindatu dituzte estanpatuak eta helbidea eta izena zigilatu dituzte, guztiak tinda karga desberdinarekin, perfekzio edo inperfekzio gehiagoz. Harro dago Arrate oraindik lehortzeke dauden txartelei begira. «Nik ez nuke nahi eskulanetik aldendu. Eskuzko lanaren atzean gizakia dago, digitalaren atzean ere bai, baina makinak apur bat desagerrarazten du. Eskuz ez dituzu inoiz bi obra berdin egingo, ez dago kalkatzerik», dio pentsakor.

Irudi eta errepresentaziorik gabeko jendarterik ez dagoela sinestuta daude biak. «Ezin duzu paso egin, komunikazio bisuala da, bestela itsuak izango ginateke», dio ironiaz Carlosek. Historiaurrera bidaiatu du Arratek. «Jakiak lortzea eta gorputza bero mantentzea behar bakarrak ziren garaian kobazulo guztiak irudiz betetzeko lana hartzen bazuten, nola ez da izango garrantzitsua gaur egun irudi bidezko adierazpidea?», itaundu du kezkati.

Lan ederrak egin dituzte biek. Sormenaz gainera, bihotza jartzen dutelako gehienetan. Sormenak eragiten dien emozioaren «menpeko» direla aitortu digu Carlosek. «Lan guztiek, bidean, argi ilunak dituzte, ideia biribil hori lortu arte. Hasieran, ilusioz hartzen dut lana, ondoren, estres pixka bat izaten dut, nahi eta ezin bat», laburbildu du galizarrak. Arratek argi du, ordea, lana bukatuta ikustea dela unerik ederrena.

Euren ibilbidean mugarri izan diren lanak gogora ekartzeko atakan jarri ditugu. Carlosek ez du duda-mudarik egin eta “Lingua Nativa” diskoetxearen irudi identitatea aukeratu du. Luze eta zabal aritu zaigu artista kolektibo honen inguruan, izan ere, «galiziar kulturaren hirugarren susperraldiaren» aurrean geundekeela ohartarazi nahi izan digu. «Berrintegrazio estrategiaren baitan kokatzen dira. Finean, galegoa portugesaren aldaera bat dela defendatzen dute. Orain arte mugimendu akademikoa zen, orain fakultateak gainditu eta jendartean gorpuzten ari da eta munduari irekitzen ari gara», dio pozarren diseinatzaileak.

Arratek zalantza gehiago ditu proiektu bat aukeratzeko, baina, azkenean, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko beiratean egindako murala hautatu du. Bere obran literaturak duen garrantziaz jabetu omen zen lan hartan. «Kate antzeko bat egin nuen beiran, azkenaldian irakurritako liburuak bata bestearekin lotuz. Nahigabe egiten dudan ariketa da, liburu bat bukatu eta hurrengoarekin hasten naizenean, segida bilatzen diot, paisaiengatik, pertsonaiengatik edo dena delakoagatik», dio azalpen gisara.

Estudioaren goxotasunean pozik eta itxaropentsu daude, baina kritikoak ere badira eta euren gremioak bizi duen egoerak dezente kezkatzen ditu. «Kalitatea ordaindu egin behar da eta hori ez da onuratzat hartzen –kexu da Rodriguez–. Enpresaren kanpo irudiari garrantzirik ez ematea oso larria da». Iritzi antzekoa du Carlosek: «Gizarteak behar dituen gremioak gara, maila kulturalean baloratzen gaituzte, baina inola ere ez ekonomikoki. Jendea ez da ohartzen zenbateko lana dagoen diseinuaren atzean».

Diseinatzaileen zerbitzuak kontratatzen dituzten enpresekin kritiko izateaz gainera, mugimendu sozialen eta politikoen gaineko kexak ere badituzte. Izan ere, ezkerreko ikuspegia nagusi den mugimendu horietan irudiaz «paso» egiten dutela uste du Ndungmandumek; «eskuinekoek atentzio gehiago jartzen diote, itxura hobea emateko», ohartarazi du gainera.•