Ander Gortazar Balerdi

«Metropolis», gerra arteko istorio bat

Austrohungariar Inperioaren eta Italiaren arteko borrokak izan ziren Isonzoko batailak. Hamabi izan ziren guztira, 1915eko ekaina eta 1917ko azaroa bitartean, Lehen Mundu Gerraren baitan. Hamabi batailetako zortzigarrenean, Antonio Sant’Elia arkitekto, mugimendu futuristako kide eta abertzale sutsua buruan tiro bat jasota hil zen.

Sant’Eliaren lanak eraiki ez baziren ere, bere bisio futurista inspirazio-iturri izan zen hainbatentzat, eta horien artean dago Fritz Lang zinema zuzendari austriarra, arkitektura eskoletako zinema zikloetan sekula falta ez den “Metropolis” mitikoaren egilea. Gerra arteko urteetan estreinatua, Luis Buñuelek zioen bi film zirela “Metropolis”, baten beharrean. Lehena, Thea von Harbouren gidoiak kontatzen duena; bigarrena, lehenengoarekiko bereizia, Fritz Langek arkitekturaren bidez sortu zuen metropoliaren bisioa, urtez luzez “etorkizuneko hiria” irudikatu zuena imajinario kolektiboan.

Bi mundu bereizten dira nabarmen filmean. Lurgaineko munduari, eliteak bizi diren tokiari, «art déco» arkitekturak, erreferentzia gotikoek eta Sant’Elia bezalako futuristen lanek ematen diote forma. Babelgo dorre berria da Metropolis hiriko eraikin nagusia –paralelismoa etengabe da film osoan–, etxe orratz guztien artean altuena eta Joh Fredersen agintariaren egoitza. Fritz Langek New Yorkera egindako bidaiak ere izan zuen eragina bisio honetan, altzairuzko egitura baina harrizko fatxadak, Mies van der Rohe eta enparauek beirazko fatxadadun etxe orratzak artean sortu gabeak zituztela. Zentzu horretan, Metropolis hiria Ipar Amerikako hiriak izatera iris zitezkeenaren bisioa zela esan liteke, nahiz eta garraio-azpiegituren brutalismoari erreparatzen badiogu hainbat hiri asiar garaikide datozkigun burura.

Bigarren mundua, lurrazpikoa, progresoa bermatzeko makinen pieza hutsak diren langileen bizitokia da. Lurrazpiko mundu hau ulertzeko ezinbestekoa da Alemanian gailentzen ari zen arkitektura modernoari –Bauhaus eskola– so egitea: lerro soilak, detailerik eza eta adierazpen minimoa. Arkitektura modernoa langileriaren mundura murriztu zuen Langek, mugimendu modernoak ondorengo hamarkadetan izango zuen hegemonia aurreikusi gabe nolabait. Ordurako, Le Corbusierrek Plan Voisin aurkeztua zuen Pariserako, eta «etxe orratzak txikiegiak dira» esaldia bota zuen Lang bera txunditu zuen New Yorkera iritsi zenean.

1927an eman zuten filma lehen aldiz, eta diotenez, asko gustatu zitzaien alderdi nazionalsozialistako kideei. Hainbeste, non Goebbels berak Alemaniako industria zinematografikoa zuzentzeko proposamena egin omen zion ama judutarra zuen zuzendariari. Proposamenari uko egin, maletak egin, eta, ezin zitekeen bestela izan, Ameriketara egin zuen ospa, Hitlerren zinema zuzendari ofiziala izatearen ohore ahalkegarria Leni Riefenstahlen bizkar utziz.

«Metropolis» filmak urte luzez iraun zuen «etorkizuneko hiriaren» errepresentazio gisa imajinario kolektiboan. Eta pozteko motiborik izango zuen Antonio Sant’Eliak, etorkizuneko hiriaren iruditeria hegemoniko bat sortu zuen hurrengo filma “Blade Runner” izan zela esaten baita, kasualitatea ala ez, arkitekto futurista honen lanetik edan zuen beste film bat. •