Unai Fernandez de Betoño

Caro Baroja hirigile

Hitzaldi interesgarriak antolatu zituen EHUren Hirigintza eta Lurralde Antolakuntzako jakintza-arloak, pasa den azaroaren 19an, Donostiako Arkitektura Eskolan Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurrenaren karira. Hizlari gisa Bixente Taberna, Iñaki Galarraga, Miguel Garai, Kike Muga, Xabier Unzurrunzaga eta Anton Lopez de Aberasturi izan ziren, Caroren legatu arkitektonikoa balioetsiz. Jende gutxik badaki ere, Julio Caro Arkitektura Eskolako irakasle izan baitzen 1977-1978 ikasturte sorrerakoan, EHU bera sortu baino lehen. Persiako lorategiei buruzko eskola eder bat ekarri zuen gogora, esaterako, haren ikasle izandako Muga arkitektoak. Alabaina, Caro Barojak Euskal Herriko arkitektoekin zeukan harremana lehendik zetorren.

Antropologia eta etnologia modu integralean ulertzeko hirigintza sakonki aztertu beharra zegoela argi utzi zuen Julio Carok, haren azterketa aberatsetako helburuetako bat gizakiaren eta bere habitataren arteko erlazioa argitzea izan baitzen. Eta, frankismoaren ilunpe kulturalean, 1950eko hamarkadaren amaieran, hain zuzen, hainbat intelektualekin batera sortutako Akademia Alderraiak zio horrekin ikertu zituen in situ Euskal Herriko hainbat hiribildutako arkitektura, “Los Vascos” eta “Vasconiana” liburu itzal handikoetan agertutako begirada urbanistikoari jarraikiz.

«Oso urte emankorrak izan ziren, zeinetan asko ikasi genuen» ziurtatu zuen Garai arkitektoak, 1970eko hamarkadari buruz. Urte horietan sendotu baitzen on Julioren eta euskal arkitektoen arteko erlazioa, eta, ondorioz, arkitekto gazte ugari pasa zen Berako Itzeatik. Orduko haize postmodernoak alde jo baitzuen arkitekturaren eta etnologiaren arteko harremanak sendotze aldera: arkitekturaren munduak aurreko arrazionalismo amnesikoaren aurka erreakzionatu zuenez, historiak utzitako ondare aberatsean jarri zuen arreta osoa. Eta, zeregin horretan, Euskal Herriko alde zaharrak altxor urbanistiko eta antropologikoak zirela barneratzeko lanean, Julio Caro giltzarri suertatu zen, Garai edo Linazasoro bezalako arkitektoekin batera, Segura, Agurain, Antoñana, Balmaseda, Artziniega eta Urduña aztertzeko, besteak beste, 1973an antolatutako txangoen zein ondoren hezurmamitutako “La casa en Navarra” bezalako azterketa mardulen bidez.

Ikuspegi horrek, gainera, lurraldearen eskala handiagoa ere ikertzera eraman zuen Caro Baroja, Lopez de Aberasturi irakasleak azaldu bezala: «On Juliorentzat paisaia ez da eszenario hutsa: herritarren adierazpide kulturalaren emaitza da. Haren osaba Piok gizakia ingurunearen ondorio dela esaten bazuen ere, Carorentzat ingurunea gizakiaren egintzaren emaitza da». Paisaia, hortaz, herri-historiaren eta -kulturaren sintesia da Caro Barojarentzat. Horregatik marraztu zituen hainbeste paisai eraiki: natura-balio hutsez haragoko balio antropologikoak ikusten zizkielako bailaretako giza finkamenduei, balio formalak barne. Lezio garrantzitsua, paisaia dekretuen bidez arautzen hasi garen honetan. •