Nagore Amondarain

Plazera diren zaratak

Berandu iritsi naiz, hainbeste berba egin den «Loreak» filma ikustera. Euriarekin etorri da astelehena, bakarrik urreratu naiz zinemara eta horrelaxe atera naiz. Zinemen atarian erantzitakoak jantzi eta lotu egin ditut, hotzari aurre egiteko. Ukabila bat estutu eta poltsikoaren babesean sartu eta bestearekin aterkia eutsi dut. Ez dut nahi izan telefonoa piztu, edo hobeto esanda, telefonoari zarata jarri. Ez diot inori Whatsapp bidezko mezurik bidali nahi izan, zein zoragarria iruditu zaidan filma kontatzeko. Ez dut txiokatuko pelikula ikusi dudanik, ez dut zarata gehiago alferreko zarataren gainean jarriko. Etxerako bidean abiatu naiz, isilean.

Euri egunetako inertziari jarraituz aterkia irekita dudala jabetu naiz, ez da euririk eta dagoeneko baneramatzan bi minutu ibilian. Berdin izan dit, horrela jarraitu baitut etxera arteko bidean, aterkiaren eta zinemako giroaren babesean edo. Zuluaga plazatik aldentzen ari da jendea, talde txikitan edo biko unitateetan, eta beraien berba hotsa marmarra bihurtzen da zinema aretotik aldentzean. Kontatu beharrekoa gero eta sekretu handiagoa bailitzan, desagertzen doa zinema osteko jendearen solasaren zarata. Rekalde tabernan itxita dago atea eta isilik kalea, kristaletik begiratuta ez da jende gehiegi ikusten barruan baina polita da berba-hotsaren argazkia. Etxeraino iristea baino ez dut helburu, burua beheraka begira, Donostiako baldosa zuri hexagonalen eta gris karratuen konposizioa lurrean dudala noa aurrera.

Kotxeen motor hotsak entzuten dira, zebra bidean gelditu eta berriz abiada hartu duten kotxeen motor zaratak. Gehiegi ere ez dira, motel dabilelako gau honetan trafikoa Aldamar kaletik. Bretxa eta Viktoria Eugenia artean, ez dakit zein zuhaitzetan dauden txori batzuen kantua entzun dut eta harritu egin naiz. Egunsentiko hotsak zirelakoan bainengoen txorien hotsak, hiri batean. Baina gaueko bederatziak inguru diren honetan, esango nuke ez direla niretzako kantuan jarri, eguneroko hotsak baino ez dira, bestelako zaratek entzuten uzten ez dizkigutenak. Kursaaleko zubian Dbuseko autobusen motor hotsak autoenak baino sakonagoak dira eta autobusetako batek aire konprimitua askatu izanaren zarata atera du, bat-batean.

Eta olatuak, olatuen zarata. Kursaal aurrean desagertu da baldosa zuri eta grisen konbinazioa eta harlauza gris ilun eta handiagoek estaltzen dute pasealeku guztia. Bidegorritik korrika pasa den kirolariaren arnasestua, aurreko emakumearen takoi finen zarata eta bat-batean euri zarata nire aterkian. Ez ahaztu iragartzen ari nintzela, zinema atera naizenetik, euria hasiko zuela.

Moto bat dator urrutitik eta zarata hazten doan neurrian, azkar datorrela dirudi. Bidegorritik bizikletan pasa da neskato bat eta bizikletaren gurpilek zoruan den ura zapaltzearen hotsa utzi didate istant batez. Eta burua apur bat altxatu dudanean, ustekabekoa, Kursaaleko pasealekuaren bukaeran, bidegorria eta errepidearen arteko trafikoko seinale bati lotuta lore sorta bat. Esan barik doa, lore sortak desberdin begiratzen direla filma ikusi berritan.

Olatuen zarata gogor dabil Zurriolan, etxe atariko atearen zaratak zahartzearen sintomak ditu, igogailuak dardara hotsa. Isilean sartu naiz etxera ere, jaka eranztean Gore-Texaren kartoi hots berria katalogatzea lortu dut. Ez dakit zer pentsatuko duten Pascal Gaignek (edo Xabi Erkiziak) hau irakurrita baina musikak baino zaraten sentsibilitateak harrapatu nau film honetan. Benetako zaratak entzutean eta kokatzean datza gure egunerokoak, horiek dira atseginenak, isiltasunaren antz gehien dutenak. •