Garazi Goia

Noiz den une egokia eta hormak

Azken zutabean aipatu nuen Karl Ove Knausgard idazlearen hitzaldi batera nindoala. Kuriositate handia nuen bera pertsonalki ezagutzeko, bere lanetan hainbeste biluzi den batek publikoaren aurrean jarrera berdina hartzen ote zuen frogatzeko. Norbaiten lanak irakurtzen dituzu eta buruan beste pertsonaia bat sortzen du. Nire buruan zegoenaren eta benetakoaren artean zein gainezartze zegoen jakin nahi nuen.

Hitzaldia baino egun batzuk lehenago, liburu dendatik abisu bat bidali zuten, tamalez Knausgardek ez zuela etortzerik. Tore Rensberg idazle norvegiarra bakarrik etorriko zela. Ezer gutxi nekien berari buruz, itxaropen gehiegirik gabe joan nintzen, desengainu apur bat gainean.

Ekitaldia hasi aurretik, Knausgarden editoreak, idazleak idatzitako eskutitz bat irakurri zigun, bi orrialde guztira. Zergatik ez zen etorri azalpena zen. Liburuek izandako arrakastarekin, hilabete asko pasatu omen zituen batera eta bestera, aurkezpenak eta elkarrizketak egiten. Saltzaile bihurtu zen sentsazioa omen zuen. Beste biluzte mota bat zen. Ez zuena atsegin. Eta, gainera, une bat iritsi omen zen, ahaztu egin zitzaiona zergatik idatzi zituen liburuak. Ez zen pertsona bera. Horregatik, bere liburuei buruzko elkarrizketa gehiago ez egitea erabaki zuen. Ez zen berdina, baina berezia izan zen unea, desengainua eramangarriagoa zen jada.

Segidan, Tore Rensberg, Knausgarden lagun minetako bat dela jakin nuen eta horrek, pertsona ezagutu aurretik aurreiritzi positibo bat sortu zidan. Aurreiritziz betetako pentsamenduekin osatuta gaude. Denbora faltagatik. Aukera gehiegi dagoelako. Kuriositate gehiegi daukagulako. Kasualitatez gauza bera zioen Renbergek, aldaketa beharra sentitzen zuela uneoro, inpazientzia, bizitzako abiadura aldatu beharra, gauza berriak esperimentatzeko nahia. Horrek gehiago gerturatu ninduen, bere pertsonaiaren erretratua fintzen joan nintzen nire oroimenean. Bigarren aldiz liburuak irakurtzeaz aritu zen beste gauza batzuen artean. Dostoiveski aipatu zuen.

Dostoievskiren “Crimen y Castigo” liburuko Rodión Raskólnikov protagonistak erailketa bat burutzen du. Bere teoria psikologikoaren bidetik, gizarteko goi mailako multzo horretan ikusten du bere burua eta multzo horretan krimena zilegi da ongi-izatea lortzeko. Norvegiako Utoya irlan Alderdi Laboristako gazteen elkarketan eta Oslon izandako atentatuaren ostean, berriro liburua hartu zuen eta ezin izan zuen bigarren aldiz irakurri. Muga bat aurkitu zuen.

Kafka, Huxley eta Kunderaren liburuak irakurri nituen lehenengo aldiz oso gaztetan, hamasei urte azpitik nituela. Gogoan dut, baita ere, oraindik gazteagoa nintzela, hamahiru urterekin Orwellen “Abereen Etxaldea” Segurako eskolako liburutegitik hartu eta irakurri nuela. Liburuaren azaleko argazkiak erakarrita ziurrenik, ez behintzat Napoleon txerria eta Stalinen parekotasuna aztertzeko. Hamabost urterekin “Metamorfosis” liburuaren txostena egin nuenean, gogoan dut irakasleak galdetu zidala zergatik aukeratu nuen Kafka. Pena da ez naizela gogoratzen zer erantzun eman nion, eta ez dudala gordeta eskuz idatzita egindako txostena. Gerora, liburuak bigarren aldiz irakurri ditudanean, galdera berriak sortu dizkidate. Beste muga batzuk topatu ditut, orduko inozentzia eta aurreiritzirik gabeko pentsamenduak ez dira azaldu.

Lehenago edo beranduago, pareta ikusezin bat

Knausgardengana itzuliz, PENen sari banaketa batean hitzaldi bat eman zuen aurreko astean. Hainbat gauzak atentzioa eman zidaten, horrela zioen: zerbait idazten duen pertsona orok, liburu bat izan, nahiz zutabe bat edo tweet bat, lehenago edo beranduago pareta ikusezin bat aurkituko du, esan daitekeenaren eta isilik egon behar garenaren arteko muga hori irudikatzen duena. Muga horrek badu zerbait erakargarria, debekatutako hori dagoelako bestaldean, eta zeharkatzen badugu ondorioak izango dituelako niretzat edo nire ingurukoentzat. Horma ikusezin hori hori da, gu eta «beste horren» artean dagoena. Ikusi nahi ez dugun hori, nahi ez dugun hori, onartu nahi ez dugun hori. ...

Erreferentzia interesgarri bat egiten zuen, lehen aipatzen nuen zerbaiten ildotik. Nazismoari buruz idaztea erabaki zuenean, Hitler-ek idatzitako “Mein Kampf” manifestua irakurtzea erabaki omen zuen eta aireportu batean erosi omen zuen liburua. Hegazkinean zegoela poltsatik liburua ateratzera zihoala, barnean sentitu zuen “zerbaitek” liburua poltsan uztera behartu omen zuen; liburua ez zelako “egokia” hegazkin baterako, ezinegon fisiko bat sortzen zion; etxeko apalean liburua edukitzeak sortzen duena bezalakoa. Hor zegoen horma hori berriro ere. Horrela amaitzen zuen bere hitzaldia: barneko eta kanpoko erresistentzia hori gainditzen badugu bakarrik bihurtzen da agerikoa horma hori, muga azaleratzen da eta ikusgai bihurtzen, eta orduan gure balore moral horiek negoziatu daitezke eta beste identitate bat posible bihurtzen da.

Egin salto marratik. Amildegira. Je suis Charlie. Ni ere bai. •