Xabier Mikel Errekondo

Inklusioa

Haur, gor, nerabe, gazte, emakume, heldu, itsu, mutu, adindu, etorkin, gizon, down… denok gara jendarte bereko gaitasun ezberdinak ditugun herritarrak. Guztiok berdinak gara eskubideetan eta aukera-berdintasunean; horrela dio legeak. Baina, ez da nahikoa, inoiz bermatuko bada, jendartearen ohitura sozial eta kulturalen eraldaketa ezinbestekoa da. Gabezia fisiko, mental, intelektual edo zentzumenekoren bat duten pertsonak honela ditugu ikusten: «Arazoa pairatzen duten horiek gizartean integratzen lagundu behar dugu». Gizartea “gure” egiten dugu eta arazoak dituzten “horiek” bereizi. Garaia da barneratzekoa mendekotasuna ez dela beste horien arazoa, baizik eta lehenengo egunetik azkeneraino maila batean edo bestean guztiok bizi dugun egoera.

Ez al gara ba zilborresteari lotuta jaio? Nork ez du bere azken urteak maite dituenekin batera bizitzea desio? Nork ez zahartzaro aktiboa? Eta bizitza aktiboa… Beraz, ez da laguntza eta asistentzia eredu hutsetik landu behar, ez da gizartearen hondarra, ez da gibelean ezkuta dezakegun zerbait. Aitzitik, aurrez aurre dugu hartu behar, bere ahuldade eta potentzialtasun guztiekin, eta gizartearen giza aniztasuna naturalki barnebildu. Beraz, ez da pairatzen den egoera bat, baizik eta pertsona batek daukan egoera; eta kito!

Partxez partxe eraikitzen jarraitu ordez, guztion aukera-berdintasuna benetan bermatuko badugu, “horiek-gu” dikotomia hautsi egin behar dugu, eta integrazioaren kontzeptu pozoitsua zakarrontzira bota. Ideia eta termino berriak ongi barneratzea da norberaren egitekoa asmoak, ekintzak eta proiektuak pentsatzen hasten garen unetik bertatik aplikatzeko. Zugandik eta nigandik hasita.

Kontua ez da mendekotasun egoeran dagoen herritarra gizartera integratzea, baizik eta gaitasun ezberdinak dituzten herritarrez osatuta dagoen jendartea bera inklusibo bilakatzea. •