Ramon Sola

Gudari Eguna Katalunian

Azaroaren 20an hil zen Franco eta duela lau urteko beste azaroaren 20 batean berreskuratu zuten gehiengo osoko agintea haren ondorengo politikoek, Rajoy buru. Irailaren 27an egin zuten frankista zaharrek beren azken sarraskia, eta bihar bertan, irailaren 27a honako hau ere, jasan dezakete beren porrot handiena neofrankistek. Honelako kapritxoak ditu egutegiak. Baita geografiak ere; Bartzelonako Montjuic-eko horma zaharretatik Cerdanyolako kanposantura 20 kilometro eskas daude. Lluis Companys tiroz akabatu zutenetik Jon Paredes Manot Txiki-rekin gauza bera egin zutenera, 35 urte. Ordutik hona, hortaz, urte gehiago pasatu dira, 40 dagoeneko, baina oraindik ileak tente eta bihotza dardara baten jartzeko modukoak dira bata zein bestearen azken egunen lekukotasunak.

Beti harritu izan nau urte luzez Katalunia aldean Companys presidentaren bukaera tamalgarriak izan duen oroimen eskasa (begi bistakoa da, esaterako, Josep Tarradellas espainiarzalearen itzala luzeagoa izan dela hamarkadotan). Pozgarri egin zitzaidan, beraz, azken Diadaren ospakizun ofizialean haren irudia Generalitat-eko egoitzaren horman proiektatua ikustea. Gernikako edota Durangoko bonbardaketek, edo Ezkabako ihesaren errepresio bortitzak, odoluste ikaragarria utzi zuten Euskal Herrian, baina politikoki oraindik indar sinboliko handiagoa antzematen da Companysi frankistek ezarri zioten martirian. Katalunia menderatu eta samindu ez ezik, umiliatu ere egin nahi izan zuten, Montjuic-eko fusilamendu harekin.

Latzak dira Companysen azkeneko urteak. Ihesean zebilela, Jose Antonio Aguirrek berak utzi zuen haren oinazearen berri; aberkideen egoerak sortzen zion samina eta gaixorik zuen semeari lagundu ezin izanaren tristura gehitzen zitzaizkion Companysi. «Herriak ez dira inoiz hiltzen, gizakiak bezala, gure garaipenaren ordua iritsiko da», esaten zion lehendakariak, baina ezerk ez omen zuen ERCko agintaria etsipenetik erreskatatzen. Azkenik, semea betiko galdua zuela sinetsita eta Kataluniaren askatasun ametsa zapuztuta, bere burua abandonatu eta men egin zuela idatzi dute historialariek. Hortik aurrera, amaiera; Gestapok Bretainian atxilotua, lehenengo Madrilen torturatu eta hogei minututan epaitu, eta gero bere herrian hil nahi izan zuten frankistek, eskarmentu modura edo. 1940ko urriaren 15ean eman zuen azken hatsa, bere herriko lurra oinutsik zapaltzeko baimena eskatu eta «Per Catalunya!»&flexSpace;ozen oihukatu ostean.

Malkoak erraz atera ditzake, era berean, Txikiren heriotzaren testigantza zuzenak. Mikel Paredes anaiari begiak busti zaizkio beste behin ere, jadanik lau hamarkada pasatu diren arren, NAIZ-GARArentzat Cerdanyolan ikusitakoa gogora ekartzeko unean. Hor zuen anaia, sei borreroen aurrean, txikia gorputzez baina erraldoia adorez. Eta euskaraz jakin gabe, ahalegin handiz ikasia zuen ‘‘Eusko Gudariak’’&flexSpace;abesteari ekin zion, bigarren estrofa hasi bezain laster tiro hotsek betiko isildu zuten arte. Jon Paredes eta Angel Otaegi akabatuta, euskal erresistentzia ere akabatzen zuela pentsatu zuen Francok. Oker.

Ba al da loturarik bi gertaera historiko lazgarri hauen artean? Detaile zehatzetan bai, ezin ukatu. Eta helburu politikoan ere bai, jakina. Ba al da irakaspen komunik? Hori ere bai, Companys eta Txikiren heriotzak ez baitziren alferrikakoak izan. Galde diezaietela katalanei, 1940. hartan katalanista sutsuenak ere ez baitzuen amestuko gaur independentzian ate-joka egongo zirela. Historiak beti zabaltzen ditu aukera leiho berriak aske izateko borondate irmoa duten herrientzat, grina hori odolez eta malkoz loratzen baita.

Ez dakit zein bide berri irekiko den biharko Gudari Egunean Kataluniako hauteskundeetan independentziaren aukera nagusitzen bada. Baina sumatzen dut astelehenean, nolabait, bi irribarre agertuko direla Cerdanyola eta Montjuiceko bi hormatzarretan, eta hori jadanik garaipen handia badela. •