Aimar Etxeberria Korta
infraganti

MARIA JESUS TELLERIA

Segura Irratiko esataria da Maria Jesus Telleria. 40 urte baino gehiago daramatza jardunean, baina denbora labur baten buruan itzali egingo da bere ahotsa; erretiroa hartuko du. Urte hauetan asko aldatu da irratia egiteko modua, baina berak bereari eutsi dio; telefonoa ireki eta herritarrei hitza ematen jarraitzen du, entzulea saioaren parte eginez.

Aurpegiz baino, ahotsez suerta daiteke ezagunagoa Maria Jesus Telleria, Segura Irratiko esataria. 40 urte baino gehiago daramatza esatari lanetan, baina bere ahotsa itzali egingo da denbora labur batean buruan; erretiroa hartuko du Maria Jesus Telleriak. 40 urte hauek eman diotenaz, Segura Irratiaren osasunaz eta, orokorrean, irratiak izan dituen aldaketez galdetu diogu.

Segura Irratiaren hastapenak ezagutzeko 1956. urteraino egin behar da atzera. Herriko apaiza izan zen irratia sortu zuena; «gizon mugitua, egonezina zuela zirudien», gogoratzen du Telleriak. «Katxarromania» zuela esaten omen zuten eurak, esku artean beti zerbait zuela eta. Hala, bailarako herritarrei euskarazko zerbitzua emateko helburuarekin abiatu zuen Zesareo Elgarresta apaizak irratiaren proiektua: «Arrosarioa errezatzeko, zorion agurrak luzatzeko, negozioak egin ahal izateko...». Herritarrekin harreman zuzena izango zuen irratia sortu zuen, beraz, Elgarrestak, eta oraino izaera bera mantentzen du.

1956an sortu zen irratia, ordea, urte batzuen buruan itxiarazi egin zuten, Arrate Irratia edo Loiola Irratiarekin batera, frankismo bete-betean. Urte batzuk itxita eman ostean, 1973an berriro ireki zituen ateak Segura Irratiak, frekuentzia-modulazioan (FM) orduko hartan; hain zuzen ere, garai horretan kokatzen dira Maria Jesus Telleriaren hastapenak irrati munduan.

Bera ez zen kazetaria, delineatzailea baizik, eta ez zekien nola funtzionatzen zuen irrati batek; irratia entzun egiten zuen, asko jota. «Irratiak berriro ateak ireki zituenean etxean aurkitzen nintzen, ikasketak amaitu berritan. Bazen gazte bat irratian lan egiten zuena, oso musikazalea bera, baina behar bat sortu zitzaion eta egun batzuetarako irratia utzi beharra zeukan. Hala, bateren bat behar eta niri eskatu zidan egun batzuetan bere tokia bete nezan», azaldu du Telleriak. «Bihar etorriko al zara?» batekin hasi eta gaur arte, egunez egun, joan da Maria Jesus irratira: «Banekien inor ez zegoela, eta, beraz, esan beharrik ez zegoen, banekien etorri egin behar nuela».

Tradizio luzeko irratia da dagoeneko Segura Irratia; handinahirik gabekoa, gainera. «Izen handiko irratien mailara iristeko helbururik ez daukagu guk; txikira jokatzen dugu, gertukora. Lau katuk egin dugu lan hemen, eta, horrenbestez, denok denetik egiteko konpromisoa daukagu», adierazi du Telleriak. Horrez gain, sakonak edo oso landuak izan daitezkeen gauzak egiteko aukerarik ere ez dutela gaineratu du, «eta entzulea ere daukaguna da, gauza jakin batzuk eskatzen dizkigun entzulea». Txikitasun horrek egiten du handi Segura Irratia, eta formula hori izan da urte luzez airean mantentzeko sekretua.

Txikitasunean handi

Segura Irratiak ez du audientzia datuen inguruko ikerketarik egin, bestelako modu batzuk dituzte euren audientziak neurtzeko. Aurrez aipatu bezala, herritarrekiko gertutasuna da irratiaren balore nagusienetariko bat. Modu horretan, jasotzen dituzten deien arabera jakin dezakete zenbat jendek eta nondik deitzen duen. «Kostaldetik –Zarautz, Orio– jende pila batek deitzen du goizeko saiora. Tolosaldetik ere –Tolosa, Villabona, Andoain– asko deitzen dute, baina, batez ere, Goierri ingurukoa da gure entzuleria», azaldu du Telleriak.

Esaterako, elkarrizketa egiten ari ginen bitartean dei bat jaso zuten Segura Irratian, hurrengo eguneko goizeko saioan zorion agur bat emateko. «Gaur [elkarrizketaren egunean], adibidez, Zuhaitz Gurrutxagaren urtebetetze eguna da eta aginduta genion zorion agur bat eskainiko geniola. Hori hala, deiak bata bestearen atzetik jaso ditugu... topera ibili gara! Telefonoa jo eta jo izan dut goiz guztian zehar, eta behin 10.00ak jo ostean ere hots egiten jarraitu dute; ez dut musika jartzeko astirik ere izan!», azpimarratu du.

Baina badu beste modurik ere Maria Jesus Telleriak jendeak euren esanak entzuten dituztela antzemateko. «Hemen inguruan edozein dendatan sartu eta konturatzen zara irratia jarrita daukatela», azaldu du, adibide bat emanez: «Eta niri zenbait alditan gertatuko ote zitzaidan Beasain edo Ordiziara joan erosketak egitera, zerbait eskatu eta... ‘Hara! Zu Segura Irratikoa zara!’ entzun behar izatea. Horrek esan nahi du entzun egiten gaituztela». ETBko “Herri txiki, infernu handi” saioan agertuz geroztik, gainera, batek baino gehiagok aitortu dio azkenean aurpegia jarri diola: «Ahotsari aurpegia jarri diote».

Garaiak aldatu dira, izaera ez

Erraz esaten da 40 urteko ibilbidea duela irratian Maria Jesus Telleriak, pisu handiko motxila da hori. Urte horietan guztietan irratiak izan duen bilakaeraren zuzeneko testigu izan da bera, eta garaian garaira egokitzen jakin izan du, «zer erremedio!». Saioak egiteko eta antolatzeko modua ez du asko aldatu; jendeak irratira hots egiten jarraitzen du, eta bere lanak herritarrei ahotsa ematea izaten jarraitzen du. Publizitatearen kontuan, ordea, zenbait gauza aldatu direla onartzen du: «Irratian hasi nintzen garaian publizitatea magnetofono bidez sartzen genuen. Ondoren, berriz, ‘kartutxo’ izena eman genion sistema atera zen; hark ere zintarekin funtzionatzen zuen, baina kajatxo batzuetan sartuta egoten ziren. Gero minidiskoak iritsi ziren, eta egun ordenagailuz egiten dugu». Gaineratu du ez dakiela etorkizunean irratia nola eta zenbateraino aldatuko den, baina, aldiz, oso garbi du Segura Irratian beren izaera propio horrekin jarraitu beharko dutela.

Herritarrenganako gertutasun horren isla da Maria Jesus Telleriak saioak antolatzeko duen modua. Programazio jakin bat jarraitzen dute egunero, eta bi saio nagusi izaten ditu berak: Kalejiran, 09.00etan hasi eta 10.00ak bitartean, eta urtaroaren arabera izenez aldatzen den magazina, 12.00etatik 13.30era. Aitortzen duenez ez da bezperan biharamuneko saioak prestatzen ibiltzen, jendearen parte hartzea oso handia delako: «Bihar zer egingo dudan? Zerbait sortzen bada, tapa, barrura! Eta osterantzean iristen diren oharrekin beteko dut saioa». Buruhauste handirik ez, beraz, saioak prestatzeko orduan, telefonoak, jo eta jo, bestelako gauzak egiteko ere asti handirik ematen ez diolako.

Urte berriarekin batera utziko du Maria Jesus Telleriak Segura Irratia, «penaz». Baina, bestalde, eguneroko presa eta lotura horietatik askatzea zer den probatu nahi duela dio. «Momentu hauetan erretiroa opor kontu gisa ikusten dut», adierazi du. Irratia, gainera, entzuleen berotasunean utziko du, hala adierazten baitiote gaixoaldi edo opor buelta bakoitzean lanera bueltatzean bere ahotsa aireratzen duenean. Maria Jesusen esana isilduko den arren, Segura Irratiak etxeko sukaldeetan jarraituko du, «zalantzarik gabe. Jarraituko du gainera –adierazi du– bere betiko nortasunari eutsita; gertuko irratia izanez, herritarrekin zuzeneko harremana mantenduz; egunean egunekoari eta momentuan momentukoari erantzunez, gure entzuleek eskatzen diguten moduan».