Juantxo Egaña

Duela berrogei urteko martxoaren 3a, Gasteizen

1976ko martxoaren 3an bost langile hil ziren eta ehundik gora zauritu Poliziaren tiroen ondorioz, Gasteizko San Frantzisko eliza jendez hustu zutenean. Greba orokorreko eguna zen eta elizan asanblada bat zegoen deituta arratsaldeko bostetan. Luis Ziarrusta argazkilari gasteiztarrak 21 urte zituen eta “El Correo” egunkarian lan egiten zuen. Arratsaldeko laurak ziren eta Poliziak erabat hartuak zituen elizaren inguruak. Ziarrusta inguruko etxebizitza batean zegoen eta leihotik hartu zuen nola kentzen zuen Poliziak barrikada bat. Egunean zehar egindako argazkiak ahalik eta azkarren errebelatu eta egunkariaren egoitzara helarazteko, berak eraman zituen Bilboraino. Gasteiz barrikadek hartuta zegoen eta bi ordu kostatu zitzaion ateratzea. Bereak izan ziren argia ikusi zuten lehen argazkiak, hurrengo egunean “El Correo”-n argitaratu baitziren. Martxoaren 5ean, berriz, nazioarteko komunikabide garrantzitsuenetan argitaratu zituzten bere argazkiak, “El Correo”-k Europa Press agentziari saldu baitzizkion egilearen baimenik gabe.