Herri boterea
Otsaila erdialdean lagun bat, mugimendu sozialetan erreferentziazko militante bat zena, zendu zen Bartzelonan. Twitterren @PoderPopular zeritzon.
Gertakari tristea, mingarria, eta are okerragoa, ekidingarria.
Gu danori, gutako bakoitzari egin zigun azkeneko aldarria, azkeneko garrasia, azkeneko ekintza zuzena. Zuzenean, gutako bakoitzaren bihotzera apuntatuz. Zuzenean, gu guztion bihotzean joz.
Une horretara bitartekoa, normala. Tristea, oso tristea, baino normala. Jendea jaio, bizi eta hil egiten da, betidanik eta betirako, atzera bueltarik gabe.
Une horretatik aurrera pasa zena, ordea, inoiz egin, sentitu, eta bizi izan dudan/dugun gauzarik polit, berezi eta sendagarrienetakoa izan zen: gorpua berreskuratu, eta auzoko ateneu-an komunitarioki beilatu.
Lagunarekin, azkeneko mozkorra hartu eta azkeneko parranda egin; azkeneko negar, irri eta abesti amaiezinen artean.
Hilotza lepoan hartu, bandera gorri-beltza gainean jarri, eta komunikatu gabeko manifestazio batekin, hilerrira arte dagoen azkeneko paseoa, elkarrekin eman.
Azken omenaldian, berak sustatutako borroka ezberdinak kokatzen ziren espazioak bisitatu: kamioi, soinu ekipo, aurkezle eta guzti. Bartzelona geure egin, eta oroimen kolektiboa eguneratuz, ametsez eta borrokez eginak gaudela elkarrekin gogoratu.
Proposatu zuen azkeneko ekintza egin, amestu zuen azkeneko okupazioa burutuz. Egun irekita darraien eraikina berreskuratu, eta leloan dioten bezala, bizitzaz eta elkarrenganako zaintzaz, hutsik zegoen espazioa bete.
Bizitzaren azken uneetan eta lurperatu baino lehen, maitatutako gorpuarekiko bizitzen dugun desjabetze prozesua ekidin genuen. Agur esateko darabilzkigun ohiturek eragiten duten atsekabearekin puskatu, eta gorpua, momentua eta prozesua berreskuratuz, emandako pausu eta burututako ekintza bakoitza kudeatu genuen, kolektiboki, komunitarioki. Legalitatea alboratu eta legitimitatea praktikatuz; ezinezkorik ez dagoela erakutsiz, herri boterea inposatu genuen. Eskerrik asko, Pablo. •
