Gorka Elejabarrieta

Ispiluak

Nazioarteko ispiluan begiratzen diogu maiz gure buruari, eta beste prozesu batzuen garaipen eta porrotek gure bidea definitzen laguntzen digute. Gure galderen erantzunak aurkituko ez ditugula jakinik eta gure errealitate espezifikoaren filtroa ezarriz, bidean jarraitzen dugu. Gehiago dira, baina gaur hiru kasuri erreparatu nahi nieke. Azken hamabost urteotan Faroe uharteetan, Eskozian, Groenlandian edo Flandrian independentismoak gorakada handia izan du, eta independentziarako bidean pauso garrantzitsuak eman dituzte. Batera jarri ditut estaturik gabeko lau herriok, berdinak izan gabe, badituztelako zenbait antzekotasun.

Lehena eta garrantzitsuena: Danimarka, Erresuma Batua eta Belgikaren jarrera. Egun (inportantea da oraingo kontua dela azpimarratzea, ez baita beti horrela izan) herriokiko daukaten jarrera demokrazian eta herrion borondatearen errespetuan oinarrituta dago. Independentziaren kontra egonik ere, balizko erreferendum baten emaitza onartuko dute. Jarrera horrek estatuon eta estaturik gabeko herrion arteko talkaren indar osoa proiektuetan jartzen du –hau da, independentistek eta unionistek eskaintzen duten proiektu ezberdin horretan–. Eta batzuei zein besteei dagokie bere proiektuaren aldeko gehiengoak eskuratzea.

Bigarrena, herriotan eta gaur egun, behintzat, independentismoaren baitan alderdi hegemoniko bakarra dago; besteekiko nagusitasuna oso nabaria da eta horrek independentismoaren barne konpetentziak ekiditen ditu maila batean. Independentzia ez da alderdi independentista ezberdinen arteko arma elektorala.

Azkenik, Europar Batasunaren faktorea aipatu nahi nuke. Modu batean edo bestean Europar Batasunaren proiektuaren garapenak independentismoa indartu egin du. Faroe uharteak eta Groenlandia ez daude Europar Batasunean eta Kopenhagek Danimarkako hainbat konpetentzia Bruselara transferitzen dituen abiada berdinean, Faroe uharteak eta Groenlandia estatu egiturak eraikitzen ari dira. Eskozia Europar Batasun zale dela esan dezakegu, Ingalaterra ez den proportzio berean, eta martxan dagoen balizko “Brexit” prozesua Eskoziak estatu propioa bereganatzeko azken bultzada izan daiteke. Eta Flandriaren kasuan zer esan, bere hiriburu historikoa, Brusela, Europar Batasunaren hiriburua ere bada. Brusela Flandriatik aldendu eta europar hiriburu bilakatzen ari den neurrian, Flandria Brusela bere independentziaren bide orrian sartzeko formulak aztertzen ari da, modu horretan bere korapilorik handiena askatu ahal izateko.

Bigarren taldean Katalunia jarriko nuke. Espainiar Estatuak Danimarkarekin baino Turkiarekin parekotasun handiagoak ditu, eta, ondorioz, Kataluniarekiko daukan jarrera eta praktika ez datoz bat nazioarteko estandar demokratikoekin. Horrek Katalunia eta Estatuaren arteko talka beste parametro batzuetara eramaten du, parametro demokratikoetara. Maila batean demokrazia falta hori independentista sortzaile dela esan dezakegu, eta, zentzu horretan, proiektu independentista indartu egiten du. Baina, era berean, prozesua asko zailtzen du.

Azkenik Txipre eta Irlanda aipatu nahi nituzke; gure Europa zahar honetan aurrera eta pauso irmoz jarraitzen duten beste bi prozesu. Eta bereziki Irlanda, guretzat urteetan bidelagun izan den herria. Bizi izan duten gatazka armatuak trintxera asko sortu ditu eta gutxietsi ezin dugun ondorio bat dauka horrek: pertsonen eta kolektiboen irmotasuna. Horrek pentsaera batetik bestera joateko bidea luzeago bihurtzen du. Ondorioz, konponbide prozesua eta independentzia (bi kasuotan independentzia baino estatuaren, irlaren, batasuna) errail berdinean doaz nahitaez, batak besteak laguntzen baitu. Sinn Fein, Irlandako hauteskundeetan lortu duen emaitzarekin berriz ere ikusi den bezala, bere helburu taktikoak helburu estrategikoen mesedetan jartzen maisu da.

Euskal Herriak hiru egoera ezberdinokin parekotasun eta ezberdintasun nabariak dauzka, eta halabeharrez bere bide propioa asmatu beharko du, orain arte bezala une oro iniziatiba politikoa eta taktika eguneratzen eta azken helburuen mesedetan jartzen. Irlandar errepublikanoek horrenbestetan errepikatzen duten bezala, gure erabaki guztiak helburu estrategikoen parean jarriz eta horiek lortzeko lagungarri edo oztopo diren ongi neurtuz. •